Kapitaina, onean eta txarrean

Logroño taldeak behera egin du nabarmen, babesle nagusirik gabe geratu ondoren. Hala ere, Gurutz Aginagaldek nahiago izan du bertan jarraitu, eskaintzak izan dituen arren. Larunbatean etxera itzuliko da, Irunera.

Gurutz Aginagalde, luzaketa ariketak egiten, norgehiagoka bat hasi aurretik. NOTICIAS DE LA RIOJA.
Julen Etxeberria.
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Itsasoko legeak dio ontzia hondoratzen denean kapitainak izan behar duela azkena ontzia uzten. Horregatik, oinetatik bururaino kapitaina delako, Logroño taldea ez du utzi Gurutz Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1977).

Ez da hondoratu Espainiako eskubaloi taldea, baina zulo galanta du kroskoan, eta nola edo hala ari da saiatzen hondoa ez jotzen. Naturhouse enpresak taldea diruz laguntzeari utzi izanak eragin du zuloa. Naturhousek ia hamar urte egin ditu klubaren babesle nagusi moduan, eta hari esker urrezko aroa bizi izan du klubak. 2006an igo zen Asobal ligara aurrenekoz, eta hiru urte geroago Europan ari zen, EHF kopan. Lau urte geroago, berriz, Txapeldunen Ligan ari zen. Hamar urte horietan hiru aldiz izan da Asobal ligako txapeldunorde, bitan Espainiako Kopakoa eta Superkopakoa, eta behin Asobal kopakoa. Bartzelona ahalguztidunagatik ez balitz, titulu bat baino gehiago izango zuen garaipen zerrendan.

Baina ezer ez da betiko, eta oso bestelakoa da egoera orain. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago. Zerutik infernura pasatu da Logroño, azken-aurrena baita. Bi puntu soilik ditu. Lau partidetatik bakarra irabazi du, eta hiru galdu.

«Kosta egiten da aldaketa barneratzea. Lehen, goian ginen, eta, orain, behean», aitortu du Aginagalde anaietan helduenak. Azaldu duenez, Naturhousek hartutako erabakia ez zen egun batetik besterakoa izan. «2016ko maiatzean jakinarazi zuen enpresako jabeak 2016-17ko sasoia izango zela kluba diruz lagunduko zuen azkenekoa. Errentagarria ez zela argudiatu zuen erabakia hartzeko». Albistea «kolpe gogorra» izan zela gogoratu du. Itxaropenari eutsi zioten, hala ere; «bazegoen denbora arazoari irtenbidea emateko. Urtebete zuen klubak beste babesle bat lortzeko». Ordea, ateak jotzen hasi eta errealitate gordinarekin tupust egitea, biak bat izan ziren: inork ez zuen nahi izan kluba diruz lagundu, ez behintzat, Naturhousek egiten zuen moduan. «Ziur naiz klubak direnak eta ez direnak egin dituela babesleren bat lortzeko, baina, egun, oso zaila da enpresa pribatuek kirolean dirua inbertitzea».

Klubaren egoerak dezente okerra egin arren, zalantzarik ez zuen izan aurreko sasoiaren amaieran klubak berritzeko eskaintza egin zionean. Nahiz eta taldea uzteko eskaintza on eta askoak izan zituen. «Argi nuen hemen geratzeko unea zela. Hamabi urte daramatzat talde honetan, eta izugarri maite dut. Ezin nuen orain utzi. Klubak jarraitzeko eskatu zidan, eta baiezkoa eman nion. Eskatu nuen gauza bakarra izan zen urtebeterako berritzea, etorkizunari begira aterik ez ixteko».

Egoerak zein ondorio izan dituen? Zintzo erantzun du atezain beteranoak: «Talde apalagoa dugu, kantitatez eta kalitatez. Dagoena dago, eta dagoenarekin egin behar dugu aurrera. Beste erronka batzuk ditugu orain, apalagoak, baina aurre egin behar diegu ere bai. Kezkatuta gaude, baina ziur gaude orain arte eman duguna baino askoz gehiago eman dezakegula. Gure onena eman behar dugu taldearen mesedetan».

Aginagalderen iritziz, «ilusioa eta motibazioa izatea» funtsezkoa da halako egoera bati aurre egiteko. Baita halakoak bizitakoa izatea ere. Berak, adibidez, oso gogoan du zenbat sufritu zuten mailari eusteko Asobal ligara igo eta ondorengo denboraldian. «Talde honen jaiotza eta hazkundea ezagutu ditut, eta garai zail zein onetan egon naiz. Eskarmentu hori baliagarria da egungo egoeran».

Guztiaren gainetik, ilusioa

«Ilusio» hitza darabil etengabe Aginagaldek. Eta nola eusten dio ilusioari 40 urte betetzear den jokalari batek? «Zorionez edo zoritxarrez, edozein helburuk ilusioa eragiten dit, baita apalagoenak ere. Norberaren izateko eran dator nola egin aurre egoera zail hauei. Errealitateaz jabetzea da gakoa, eta, gure egoerari ekarrita, iraganeko helburuak atzean utzi eta oraingoei heltzea, eta horiekin ilusioa izatea. Nola egin hori? Egunero geure buruari helburuak jarrita, nahiz eta txikiak izan. Adibidez, entrenamendu batean gure onena eman nahi izatea. Horrela errazago eramaten dira halako egoerak».

Filosofia horri jarraituta daramatza hogeita bi urte punta-puntan jokatzen, lehen hamarrak Bidasoan, eta azkeneko hamabiak Logroñon. 575 partida jokatu ditu jada Asobal ligan. Askoz gehiago jokatzeko asmoa du. «Atezainen kasuan, buruak esan ohi du noiz hartu erretiroa, gorputzak baino gehiago. Psikologikoki gogorra da egunero-egunero entrenatzera joan behar izatea, eta, zenbat eta adinean gorago egin, orduan eta gehiago. Nik, hala ere, ilusioari eusten diot oraindik ere. Gustura joaten naiz pabiloira entrenatzera. Horregatik, uste dut oraindik urte batzuetan egon naitekeela punta-puntan jokatzen».

Makina bat aldiz egin diote galdera bera: noiz arte? «Gaur-gaurkoz, ez dut gertu ikusten uzteko eguna. Duela bi urte Jotak —Jesus Javier Gonzalez Logroñoko entrenatzaileak— esan zidan 45 urtera arte egongo nintzela jokatzen. Erokeria iruditu zitzaidan, baina hilabete honetan 40 urte beteko ditut, eta oraindik ondo ikusten dut neure burua. Aitortu behar dut zorte handia izan dudala, lesio larririk ez baitut izan».

Jokatzen jarraitu nahi duela badaki, baina ez du horren ziur non. «Logroñon jarraitzea ilusio handia egingo lidake, Bidasoarekin batera nire taldea delako. Izugarri gustatuko litzaidake anaiarekin jokatzeaJulen Aginagalde, eta, Bidasoan baldin bada, askoz hobeto. Tituluren bat ere irabazi nahiko nuke... Aukera guztiak dira erakargarriak, denek motibatzen naute. Baten bat baztertzekotan, ez nuke urrutira joan nahi, familia izan nahi dudalako nirekin. Auskalo. Iritsiko da erabakitzeko eguna. Orain, Logroño zulotik ateratzea besterik ez dut buruan, eta erronka horrek ere sekulako ilusio handia egiten dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.