Eufemiano Fuentes sendagile eta dopinari lotutako Puerto operazioan auzipetuak zituen agirien artean ageri da Rsoc hitza, eta horren harira hitz egin du Badiolak. As egunkarian elkarrizketatu dute Realeko presidente ohia, eta bertan esan du Eufemiano Fuentesek berak argitu beharko lukeela hitz horrek Realari egiten ote dion erreferentzia.
Edonola ere, ohartarazi du 2001 eta 2007 artean Realak diru beltza erabilita dopin produktuak erosi zituela: "Administrazio Kontseiluak Eduardo Escobar eta Antxon Gorrotxategi sendagileak salatu zituen, aurreko kontseiluek dirua ematen zietelako momentu horretan dopin gisa jotzen ziren produktuak erosteko". Badiolak uste du Fuentes izan zitekeela Escobarri eta Gorrotxategiri produktu horiek saltzen zizkiena.
Badiolak azaldu duenez, hark dituen agirietan agertzen diren datuak eta Fuentesen dokumentuetan ageri direnak bat datoz. Edonola ere, zehaztu du legea urratu zutenak sendagileak izan zirela, eta ez kluba bera. Oroitarazi du 2008an egin zuela salaketa baina auziak ez zuela oihartzunik izan.
Besteak beste, Realeko presidentea Jose Luis Astiazaran zela erosi zituzten produktu horiek, Badiolaren arabera. Gaur egun Espainiako Ligako presidente da Astiazaran. Badiolak uste du Astiazaran kargu horretan zegoelako ez zutela 2008an salaketa horiek oihartzunik izan.
Astiazaranek ukatu egin du Badiolak esandakoa: esan du ez zuela Badiolak salatutako erosketa horien berri, "ezta susmorik ere". Ohar bat plazaratu du, eta bertan ohartarazi du klubeko orduko sendagileek "profesionaltasun osoz" jardun zutela uneoro. Erosketa horien berri izan balu "irmotasunez" jokatuko zukeela ziurtatu du, eta gaineratu Reala "beti" eta baita bere agintaritzan zehar ere dopinaren aurkako erakundeekin elkarlanean aritu dela. Bere "izen ona defendatzeko egin beharreko urratsak" egingo dituela ere esan du Astiazaranek.
Valeri Karpin Realeko jokalari ohiak ere hitz egin du, eta esan du ez dakiela klubean dopina erabiltzen ote zen: "Ezin dut ezer erantzun. Ez dakit taldeak dopina erabiltzen zuen edo ez". Edonola ere, sendagileek jokalariei dopina eman izana gezurtatu du. 1994 - 1996 eta 2002 - 2005 artean aritu zen Karpin Realean.