Kartela agindu zuena zuzen zebilen

Jon Ander Peñak uda polita egin zuen, eta segida eman dio Lau eta Erdiko Txapelketan: bi partida jokatu, eta biak irabazi ditu. «Aurrerapausoa eman dut, eta inoiz baino erregularrago ari naiz», azpimarratu du.

Jon Ander Peña, lau eta erdikoaren aurkezpenean. Haren irudia ageri da lehena Baikoko pilotarien artean, baita tamaina handiagoan ere. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Tolosa
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena, Bilbon, Bizkaia frontoian. Kartel erraldoibat zintzilikatu dute ezkerparetan. Txapelketa jokatuko duten hamabi pilotariak ageri dira: Aspe enpresakoak daude ezkerrean, eta Baikokoak eskuinean. Aspekoen artean, Aitor Elordi ageri da aurrena. Harena da irudirik handiena enpresakoen artean. Buruz buruko txapelduna da.

Baikoko pilotarien artean, berriz, Jon Ander Peña ageri da aurrena (Tolosa, Gipuzkoa, 1997). Elordirena bezala, handiagoa da haren irudia. Detaile bat da, baina adierazgarria. Gutxi du kasualitatetik. Enpresek asko zaintzen dituzte halakoak. Baikok harengan konfiantza handia duen seinale da. «Konturatu nintzen, bai, eta lagunei esan nien ezin dutela izan oso itxura ederrekoak ni aurrean jarri banaute», bota du, barrez. Txantxak alde batean utzita, aitortu du «ilusioa» egin ziola bere burua aurrean ikusteak. «Baina ez diot garrantzi handirik ematen».

Bi aste pasatu dira aurkezpenetik, eta kartela agindu zuena zuzen zebilen: ondo ari da Peña. Duela hamar egun, nagusitasunez irabazi zion Danel Elezkanori final-zortzirenetan: 22-5. Joan den larunbatean, berriz, Elordi hartu zuen mendean final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan: 22-19. Bi neurketa jokatu, eta biak irabazi ditu. Inork ez du egin halakorik.

«Pozik nago, gustura», azaldu du. Kito. Ez du burua sobera altxatu nahi. Autokritika egin du berehala. «Lehen partida ez zen izan baliagarria nola nengoen jakiteko; Danel bere mailatik behera aritu zen. Elordiren kontra, ordea, ondo aritu nintzen. Baina gorago iritsi nahi badut, detaile batzuk zuzendu behar ditut: erabaki oker batzuk hartu nituen une erabakigarrietan, aurretik nindoanean eta lehia hauts zitekeenean. Ordaindu egin nuen gero. Ezin dut berriro halakorik egin. Hori kenduta, gustura amaitu nuen. Puntuak asko balio du, eta irabazteak mesede egiten du beti».

Hurrengo neurketaren zailtasuna aintzat hartuta mintzatu da erabaki okerrak ez hartzearen garrantziaz. Jokin Altunaren aurka jokatuko du igandean, Eibarko Astelena frontoian (Gipuzkoa). Altunak ere irabazi egin zuen estreinakoan: 22-15 Iñaki Artolari.

Peñak oroitzapen txarra du lau eta erdikoan amezketarraren aurka jokatu zuen azken aldiaz. Duela urtebete izan zen, Gasteizko Ogetan, ligaxkako estreinakoan. 14-11 irabazten ari zela, min hartu zuen eskuin hankan. Ezinean aritu zen gero, eta 22-16 galdu zuen. Kontuan hartzeko lesioa izan zen, ez baitzuen gehiago jokatu txapelketan. «Kolpe handia izan zen. Aurrenekoz ari nintzen ligaxkan, eta lehen partidan hartu nuen min».

Baina igandeko neurketaz hitz egiterakoan ez du aipatu arantza hitza. «Partida hau beste bat balitz bezala prestatzen saiatzen ari naiz. Beste frontoi bat da, eta Jokin agian ez dago orduko sasoian. Ez du zerikusirik». Baina balio dezake Altunari nola min egin jakiteko? «Bai. Jokini irabazteko, oso tanto eta partida osoa jokatu behar da. Ezin da oparirik egin, hark ia ez dituelako egiten. Bizi-bizi ere jokatu behar da, hura gustura egon ez dadin; gustura aritzen bada, abilezia du bizpahiru tanto jarraian egiteko. Oso arriskutsua da gustura ari denean».

Puntu bat bildu du jada, baina bereari eutsi dio: «Oso zaila da finalerdietarako sailkatzea. Hiru aurkari oso gogor ditut. Baina sentitzen dut nire maila eman eta buruz gogor arituz gero badudala aukera aurrera egiteko. Jada puntu bat izateak konfiantza ematen dit, baina Jokini irabazita ere ez nuke izango buruan finalerdia, baizikhurrengo partida».

Defentsa eta patxada

Haren adierazpenek agerian utzi dute «gustura eta konfiantzaz» ari dela. Are gehiago, uste du «aurrerapausoa» eman duela. «Denbora daramat pixkanaka gora egiten, eta hori da bidea. Uda ona izan dut, enpresak aukera dezente eman dizkidalako batez ere. Orain arte, ez nuen torneoak jokatzeko aukerarik; bizpahiru aurrelarik jokatzen dute, eta oso zaila da horietako bat izatea. Aurten, aldiz, enpresak aukera eman dit, eta ia torneo denak jokatu ditut. Aukerak aprobetxatu egin behar dira, eta, nire ustez, aukera aprobetxatu dut: ondo aritu naiz udan. Oso pozik nago».

Duela zazpi urte egin zuen debuta profesionaletan, eta, haren iritziz, orain ari da «inoiz baino erregularrago». «Lau hilabete inguru daramat nahiko ondo jokatzen». Argi du zertan hobetu duen hori lortzeko: «Defentsan, eta partidak jokatzeko orduan. Dezente hobetu dut taktikan: lehen, instintuz jokatzen nuen. Banekien zer egin behar nuen, baina kantxara irten eta ero moduan jarduten nintzen. Orain, aldiz, patxada handiagoz jokatzen dut; saiatzen naiz aurretik hitz egindakoa kantxan egiten. Esperientziak ere laguntzen du horretan».

Baina zerbaitek mesede egiten badu, eguneroko lanak egiten du mesede. Eta horretan buru-belarri ari da. «Frontoian, lan handia egiten ari naiz Aimarrekin [Olaizola, Baikoko kirol zuzendaria]. Teknika eta taktika lantzen dut harekin. Horrez gain, denbora daramat psikologo batekin lanean, egoera berezi samarrak hobeto kudeatzeko. Gustura ari naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.