Behar da bai kaskagogorkeria 42 kilometro lasterka egin eta helmugara 2.32.49 marka eginda iristeko —horri esker sailkatu zen—. Estela Nabaskuesek (Tutera, Nafarroa, 1981) badu maratoilariek berezkoa duten nortasuna eta norbere buruarekin lehiatzeko duten gaitasuna. Krosean hasi, 5.000koan jarraitu, 10.000koan zaildu, eta maratoian egin du jauzirik handiena. Rioko zirkuituko hezetasunari dio beldurrik handiena: «Sorian eta Tuteran ez dugu halakorik».
Iritsi da eguna.
Azken emaitza bakarrik ikusten da hemen. Arrakasta. Baina lan asko dago atzean, eta hori ez da ikusten. Lesioak, elikadura zorrotza, entrenamenduak, nekea...
Gauza askori egin diozu uko?
Askori. Baina egia da nire ibilbidean lorpen asko izan ditudala ere. Eta, horri esker, uko egin diodan hori ez da horrenbesterainokoa izan. Lanak saria izaten du.
Tuterarra zara, baina Sorian bizi eta entrenatzen zara.
Badira hamahiru urte. 2002. urtean, 10.000 metroko Espainiako txapeldunorde gelditu nintzen promesa mailan. Orduan hartu nuen erabakia. Gomendatu zidaten hasteko honetan serio, eta atletarik eta entrenatzailerik entzutetsuenak, hurbilen zeudenak, Sorian zeuden.
Norekin aritzen zara?
Abel Anton da nire entrenatzailea, eta, aurretik, Enrique Pascual Olivarekin aritu nintzen. Horrek Anton, Cacho eta abar entrenatu zituen.
Eta nolako da tamaina horretako atletekin entrenatzea?
Pentsa dezakezu: nik orduan 20 urte neuzkan, eta taldeko ahatetxo itsusia nintzen. «Non sartu naiz?», galdetzen nion neure buruari. Ni hasiberri bat nintzen, eta haiek Olinpiar Jokoetan, Munduko Txapelketetan... ari ziren.
Baina han jarraitzea erabaki zenuen.
Nik Tuterako Sabecon egiten nuen lan, apalak-eta hornitzen. Lau orduko kontratua nuenez, lan egiten nuen, eta entrenatu. Eta ikusten nuen emaitza onak lortzen nituela. Soriara joatea erabaki nuenean, aukera eman zidaten hango Sabecon lan egiteko. Eta berdin-berdin jarraitu nuen han. Ikusten nuen goi mailako atleten pare nenbilela, federazioak eskatzen zituen markak egiteko gai nintzela, eta orduan erabaki nuen lana utzi eta erabat atletismoari begira jartzea.
Eta nola antolatzen zara Soriako goi errendimenduko zentroan?
Ni ez naiz han bizi, baina hango azpiegiturak erabiltzen ditut. Pistak, masajeak, analitikak... horrelakoak. Baina nik mendia behar dut, kilometroak behar ditut, azalera. Horregatik ez dut han denbora asko egiten, baina sekulakoa da.
Kros mundutik zatoz zu; 10.000 metrokoan nabarmendu zinen, baina maratoian egin duzu sekulako jauzia. Nolatan?
Nik oso garbi daukat zein den arrazoia: kaskagogorkeria. Krosean ongi moldatzen nintzen; 23 urterekin Munduko Txapelketarako sailkatzekotan egon nintzen. 5.000 metrokoan aritu nintzen gero, brontzea lortu nuen Espainiako txapelketan... eta ongi ari nintzen. 10.000koan aritu nintzen ongien, eta eroso hasi nintzen sentitzen errepidean. Ez dakit nire korrika egiteko moduagatik zen, zapaltzeko erarengatik... Entrenatzailea aldatu nuen, eta zer hoberik haren ibilbideari jarraitzea baino. Maratoi erdiak, maratoia... eta hortxe gelditu naiz.
Zer pasatzen da atleta baten burutik 42 kilometroko jardunean?
Askotan galdetu izan didate, eta benetan esango dizut: ezertxo ere ez. Nik badut gaitasun hori, bakartzekoa. Irteteko, pistola tiroa egiten dute, eta, bat-batean, kontzentratu eta bakartu egiten naiz.
Maratoilariek baduzue zerbait berezi.
Kirol bakoitzak du bere berezitasuna, baina egia da maratoiak sekulako lana daukala. Maratoia zera da: lau hilabeteko prestakuntza lasterketa bakarrerako. Eta egun horretan dena ongi atera dadila. 10.000ko batean, adibidez, baduzu aukera bi edo hiru lasterketa jokatzeko. Maratoian ez, lau hilabete behar dituzu gutxienez, eta hilabete horietan ezin duzu lesiorik eta arazorik izan. Bete-betean iritsi behar duzu egun jakin batera, eta egun horretan ezin duzu tripetakorik izan, ezin duzu babarik izan, gelak eta urak on egin behar dizute...
Horren bi adibide dituzu: Frankfurt eta Sevilla.
Sasoiko iritsi nintzen Frankfurtera. Kantrabrian egon nintzen kontzentratuta bi hilabete —ez Sorian gaizki nagoelako, zirkuituak aldatu nahi nituelako baizik—, eta Frankfurt aukeratu genuen urria zelako eta, hura gaizki irteten bazen, bagenuelako aukera beste maratoi bat egiteko udaberrian. Ni sasoiko nengoen, baina nire erbia ez horrenbeste, berak aitortu zidanez. Ez nion garrantzirik eman; esan nion bion artean aterako genuela hura aurrera. Eta halaxe hasi ginen. Alemaniako txapelketa zen, eta bazen han neska bat 2.33tik jaitsi nahi zuena. Gorabehera askorekin joan ginen. Erbia urduri jarri zen. Nik esaten nion neska horren taldean sartzea komeni zitzaidala, oso babestuta zeramatela, eta bazegoela aukera azken txanpan gogorrago eman eta marka lortzeko.
Eta zer gertatu zen?
35. kilometroan lehertu egin zen bera, eta han azaldu ziren zeuzkan arazoak. Esan zidan: «Sentitzen dut Estela, baina ezin dizut lagundu». Eta halaxe gelditu nintzen. Bakarrik, eta erlojurik eta erreferentziarik gabe. «Esan diezazukedan bakarra da: korrika egin Estela! Zazpi kilometro gelditzen zaizkizu, eta erritmo onean zoaz». Beldurgarria izan zen. Bakarrik nengoen, ez neukan ezeren kontrolik, eta horixe egin nuen: korrika egin. Nire bizitzako zazpi kilometrorik okerrenak izan ziren. Ez nuen talderik topatu, ez neukan erreferentziarik... Eta behar nuen markatik 51 segundora gelditu nintzen! Nahikoa egin nuen.
Sevillan, aldiz...
Han, kontrakoa. Hara ere sasoiko iritsi nintzen. Frankfurtekoari ongi eman nion buelta, eta Sevillan aritzea erabaki genuen, Espainiako Txapelketa zelako eta gutxieneko marka eginez gero Riora joatea ziurtatzen genuelako. Arriskatu egin genuen. Kaskagogorkeria hori orduan ere.
Erbia aldatuta: Asier Cuevas.
Oso urduri zegoen hura. Hamabost bat egun lehenago, gripearekin egona zen, eta esaten nion ez zegoela arazorik, sekulako maila duen atleta baita. Eta garbi utzita marka lortu behar zuena ni nintzela, ardura nirea zela.
Lasterketa perfektua egin zenuten.
Oso serioa da Asier horretan. Denean lagundu zidan. Anoa bakoitza non eta nola neukan abisatzen zidan aurrea hartuta... Horrelako detaileak dauzka. Nik lortu dut marka, baina marka horren eta arrakasta horren parte dira inguruan ditudan guztiak: entrenatzailea, erbia, senarra...
Kirol gogorra da.
Eta oso sakrifikatua. Batez ere, bakarka ari zarenean. Futbolean, jokalari batek egun txar bat izanda ere, denen artean handi egiten dute. Hemen ez. Hemen egun txar bat baldin badaukazu... agur.
Ez zaudete behar bezala baloratuta.
Inola ere ez. Badut irudipena asko lau urtean behin bakarrik akordatzen direla gurekin, Jokoen kasuan. Sailkatzea lortzen duzu, eta egia da denek egiten dizutela kasu, baina gero Eurokopa iritsi, eta gurekin ez da inor akordatzen. Zer gertatu da? Espainia kanporatu dutela eta orain akordatu direla berriro gurekin.
Eta laguntza aldetik eta, zer moduz?
Oso gaizki. Babesle baten bila hasi, eta Sevillan marka egin nuenetik ez dut alerik topatu.
Baina badituzu.
Bai, bai, ditudan horiek ez didate hutsik egin, eta esan egin nahi ditut uzten badidazu: Soria Natural, CAEP Soria, Infisport gelak, Lurbel galtzerdiak, Joana Arrillaga —barne zolak egiten dizkit—, New Balance nire taldea eta Jorge Barreda—Tuterako fisioterapeuta bat, batere kobratzen ez didana—.
Galtzerdiak, barne zolak... babekin sufritzen duzu.
Nik garbi daukat eskuetan eta oinetan sortzen dudala tentsioa. Eta tentsio horren ondorioz, sekulako hezetasuna izaten dut oinetan; egosi egiten zaizkit. Horregatik sortzen zaizkit babak. Ez oinetakoengatik edo galtzerdiengatik, sortzen dudan hezetasun horrengatik baizik. Baina, bueno, 42 kilometro eginda, beti aterako zaizu babaren bat.
Eta hori guztia kontuan hartuta, zein litzateke emaitza on bat Rion?
Ni entrenatu naiz ahalik eta lasterketa onena egiteko. Kontuan hartu behar da Olinpiar Jokoak direla. Olinpiar Jokoak. Ez da edozein lasterketa. Ez da edozein maratoi. Ez dakit zein postutan amaituko dudan. Ez dut uste oso lasterketa azkarra izango denik. Ni 2.32 eta 2.35 artean banabil, lehen 24 edo 30 sailkatuen artean egon naiteke.
Zikak baino gehiago beldurtzen zaitu hezetasunak.
Garbi esanda, bai. Sorian ez dugu horrelakorik, eta beldurra ematen dit. Entrenamenduak-eta aldatu egin ditut azken txanpan. Negu eta uda, 09:00etan egiten dut nik han lehen entrenamendua. Baina, azken egunetan, 11:00etan egin izan dut lehen entrenamendu hori; berotan egiteko, hezetasun gehiago izateko. Eta kostatu egin zait egokitzea; urdaila-eta asentatzea; urari neurria hartzea. Hasieran, ura barra-barra edaten nuen, gustura, baina gero buelta eman ezinda gelditzen nintzen. «Hori nahi nuen ikusi. Horretaz jabetu zaitezela», esaten zidan Abelek.
Zer garrantzitsua horrelako bat alboan izatea, ezta?
Sekulakoa da. Askotan, berak duen esperientziarekin eta jakituriarekin, kontatzen dizkizun anekdota horiekin, nahikoa da. Ez duzu entrenamendu plangintza zehatz eta zorrotz bat behar. «Nik hau egiten nuen. Niri hau komeni zitzaidan». Kito. Horrekin nahikoa izaten da.
Hark amaitu zuen berea. Zuk zer plan duzu?
Egin dezagun lehenengo Riokoa, eta jarriko gara gero aurrera begira. Baina egia da Sevillara jada psikologikoki bete-bete eginda iritsi nintzela. «Marka egiten badut, Riora joango naiz. Eta ez badut egiten, atseden hartuko dut», nioen, neure baitan. Uste dut buruan gehiago nuela atsedena hartzea, Jokoetarako marka egitea baino. Seguru nago horregatik ere lortu nuela: ez nuelako pentsatzen benetan lortuko nuela.
Atsedenik ez, alegia.
Egia da 35 urte ditudala, eta garbi daukat ama izan nahi dudala. Baina beti dago zerbait: Mundukoa ez bada, Europako Txapelketa da, edo Espainiako bestela, eta Olinpiar Jokoak hurrena... Zirkulu gaizto bat da. Eta iritsi da 2016a, 35 urterekin, eta oraintxe da ongi pentsatzeko garaia. Zergatik? Gorenera iritsi naizelako, Olinpiar Jokoetara. Beraz, Jokoen ostean ama izan nahi nuke, urte eta erdiz atseden hartu, eta, zergatik ez, 2018an edo 2019an beste maratoi bat prestatu, eta gutxieneko marka egin. Maratoian garbi dago esperientziak ere asko kontatzen duela. Ari dela jendea 39 eta 41 urterekin maratoian lehiatzen. Zergatik ez Tokion 2020an? Ez baitut esan nahi goia jo dudala Joko batzuetarako sailkatu naizelako.
Horrelako familia plangintza bat egiterakoan jasotzen dituzuen laguntzak ere izango dute zeresana.
Dudarik gabe. Oso beka gutxi daude. Nik, Jokoetarako sailkatzeagatik, Ado beka lortu dut. Lotsa ematen dit zenbat jaso dudan esateak. Badakizu zenbat den?
Esadazu zuk.
5.000 euro. Galdeiozu Abel Anton nire entrenatzaileari duela 15 urte zenbat jaso zuen. Olinpiar Jokoetara joateagatik bakarrik, 20.000 bat euro. Nirea urtebeterako da bakarrik. Ez bi edo ez hiru urterako, bakarrerako. Nik irauten dut nire babesle apurrei esker eta zenbaitek ematen didaten materialari esker. Jo ditut enpresa handietako ateak, baina ez dit inork ireki, nahiz eta haientzat ez den ezer niretzat sekulakoa litzatekeena. Laguntzarik ez bada ematen, gero ezin da emaitzarik exijitu. Ulertzen dut jendeak amore ematea. Nik ez dut egin. Nonbaitera iritsi naiz.
RIO16. Estela Nabaskues
«Kaskagogorkeria, horixe da ni hemen egotearen arrazoia»
42 kilometroko jarduna izango du gaur aurretik korrikalari nafarrak (14:30). Zaildu da, eta badaki zertara datorren, baina «hezetasunak» eragiten dio kezka handiena. Ez du lasterketa azkarrik espero; aurrekoekin ibili nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu