Saskibaloia

Katsikaris: "Eskarmentua izateak gure alde egiten du"

Uxue Bilbo Basketeko entrenatzaileak bere jokalariak “finala jokatzeko puntu-puntuan” ikusten ditu.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 12a
14:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Fotis Katsikaris Uxue Bilbo Basketeko entrenatzailea lasai dago Eurokopako finalaren bezperan. Jokalariak tamainako erronka bati aurre egiteko prest ikusten baititu, eta ez ditu urduri sumatzen. “Gure hiru jokalarik honezkero irabazi dute titulu hau, eta hori abantaila handia da. Gainera, Charleroin irabazi zuten, dena ezagutzen dute, eskarmentua dute, eta horrek egokitze prozesua errazten du. Ziur burua hotz izango dutela”. Entrenatzaileak, era berean, bidearen zailtasuna nabarmendu du. “Gehien merezi izan dugun bi taldeak gaude finalean, eta egindakoak meritu handia du. Txapelketak maila izugarria izan du, Eurokopa bainoago Euroliga 2 zirudien”.

Lasai beharko luketen jokalari horietako bat Axel Hervelle da, baina “beste herrialde” batean jokatzea nahiko zukeela esan zuen, belgiarra baita. “Motibazio eta urduritasun gehien duen jokalaria izango naiz. Ez nago lagun eta senideen aurrean jokatzera ohituta, eta hau berezia izango da. Ea ni hemen egoteak etxeko zaleak gure alde jartzeko balio duen”.

Lokomotiv Kubanen aldetik Eugeni Paxutin entrenatzaileak Bilbo Basketen bertuteak goratu ditu: “Talde lan bikaina egiten du. Hori da bere indargunea, denek batera jokatu eta defendatzen dutelako. Jokalari bikainak ditu gainera, euren selekzioetan pisu asko dutenak”. Nick Calathes Lokomotiveko joko antolatzaile eta izarrak ere hitz egin zuen, eta Bilbo Basketen eskarmentuari buruzkoak entzuteaz nekatuta zegoela zirudien. “Guk ere esperientzia handiko jokalariak ditugu. Gutako lau Euroligan asko jokaturikoak gara, Maricek eta biok irabazia dugu. Brown NBAtik dator, Hendrix Maccabitik… Badakigu nola jokatu behar diren finalak”.

Charleroin final giro gutxi dago. Hirian ia ez dago partidaren afixarik, eta galdetuz gero oso jende gutxik daki bihar finala jokatzekoa dela bertan. Bilbo Basketen zaleak apurka iristen joatea espero da, baina gehienak bihar iritsiko dira. Pabiloiko harmailen itxura ere zalantzan dago; 6.000 eserleku ditu, eta Bilbotik 2.000 zale dira etortzekoak eta Krasndarretik 250. Harmailak itxuratzea etxeko zaleen lana izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.