Kelly Slaterren aurkari gogorrena

Iñaki Lasa Etura.
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dengeak jota hil zen asteartean Andy Irons surflaria (Oahu, Hawaii, AEB, 1978-2010), Aedes aegypti eltxoak kutsaturiko gaixotasunaren eraginez. Garaipen zerrenda luzea zuen, eta surfzaleek nekez ahaztuko dituzten irudiak utzi ditu. Iraganaz gain, etorkizuna zuen surf munduan nahiz hortik kanpo, aita izatear zegoen eta.

Txikitatik eraman zuen surfa erraietan. Ohol gainean egoten, anaia Brucekin batera ikasi zuen, eta nerabezaroa Kauai uharteko iparraldeko uharri arriskutsuetan barrena igaro zuten. Profesionaletara biak iritsi ziren, baina ospea Andyrentzat izan zen soilik.

Gorenera 1998an iritsi zen, profesional gisa hiru urte egin ostean. Askok amesten zuten lekuraino iritsi arren, ez zuen nahikoa. Urte horretan irabazi zuen goren mailako txapelketa bat lehen aldiz; Kaliforniako Op Pro, hain zuzen ere.

2002an, Munduko Txapelketako lider gisa iritsi zen Mundakara (Bizkaia), eta, ordurako, hasia zen guztien arreta bereganatzen. Lehenengoa zergatik zihoan erakutsi zuen, garaipena bereganatuz. Urtea bukatzerako munduko txapeldun zen.

2003an eta 2004an ere izan zen munduko txapeldun. 2005ean, laugarrenez lortzeko bidean zegoen, harik eta Kelly Slater agertu zen arte. Ordutik, bi surflariek lehia bizia izan dute surflari hoberena bihurtzeko, nor baino nor. Bien arteko lehiakortasuna hain izan da zorrotza, non horren harira film bat ere egin den, Ostertz Urdina. Slaterrek berak badaki zer hutsune utziko duen Ironsen heriotzak surfean. Inoiz izan duen aurkaririk gogorrena galdu du.

Surflari onena edo ez, argi dago utzi duen ondarea. Goren mailako hogei txapelketa irabazi ditu. Guztira, milioi bat euro. Munduko Txapelketako sailkapenean hamaseigarrena zen egun, eta irailean irabazi zuen azken lehiaketa, Teahupoon (Tahiti). IÑAKI LASA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.