Urteak pasatu dira esaten hasi zirenetik Etxaurin (Nafarroa) bazegoela pilotan ikaragarri jokatzen zuen neska bat oso-oso gaztea. «Zein erraz eta ederki egiten duen dena», esaten zuten hura jokatzen ikusia zutenek. Laia Salsamendi Silvaz ari ziren (Etxauri, 2006). Harribitxi bat zen.
Salsamendik 2021eko udan jo zuen goia. Bata bestearen atzetik jantzi zituen txapelak: lehenbizi, Nafarroako Foru Komunitateko Torneoa irabazi zuen Olatz Ruiz de Larramendirekin; jarraian, Ados pilota klubak antolatutako Plazaz Plaza txapelketan nagusitu zen, Oihana Orbegozorekin; azkenik, Antiguako Torneoan gailendu zen, banaka. 14 urte besterik ez zuen, eta geldiezin zebilen.
Zorigaitzak, baina, kolpetik geldiarazi zuen. Urri bukaeran lesio larria izan zuen ezker belaunean, eta, horren ondorioz, ia urtebete egon zen jokatu ezinik. Pozarren itzuli zen, baina pozak oso gutxi iraun zion, jokatzen hasi eta hilabetera min hartu baitzuen berriz ere. Oraingoan, beste belauna txikitu zuen, eskuina.
Bazekien zer bide zuen aurrean: errehabilitazio luze eta nekeza. Berriro ere, indartsu izan beharra zuen buruz. Osatzeko izandako zailtasunek mugara eraman zuten haren kemena. Baina eutsi egin zion. Bi urte behar izan zituen berriro jokatzeko. Bat gehi bi, hiru; hiru urteko sufrikarioa. Lehen urratsa egina zuen, berriro jokatzea, baina oraindik asko falta zitzaion lehengo sasoia izateko.
Nahi, eta lortu ere bai. Lanaren poderioz egin du. Garai gozoan dago orain: Emakume Master Cupeko Nafarroako Irekia irabazi berri du Ane Mendibururekin batera. «Txapela buruan nuela, hiru urte haietaz gogoratu nintzen. Duela urtebete eskas errehabilitazioan nengoen, jokatu ezinik. Inoiz ez nuen pentsatuko urtebete geroago berriro gorenean ariko nintzenik. Sekulako poza hartu nuen: berriro txapelak irabazteko lehian, lagun batekin, etxean, familiaren eta lagunen aurrean... Inoiz ez dut ahaztuko egun hura», azaldu du.
«Etengabeko sufrimendua». Halaxe definitu ditu min hartuta egon den hiru urteak. «Ezinak ezinegona eragiten zidan une oro. Kirolari amorratua naiz, ez dakit geldirik egoten, eta hala egon behar izateak etsipen handia eragiten zidan. Oso gogorra izan da, eta oso gaizki pasatu dut».
«Ikasketa moduan hartu dut bizi izan dudan hori, eta, orain, atzera begiratuta, oso harro nago egin dudan guztiaz»
LAIA SALSAMENDI SILVAHuarte klubeko pilotaria
Azpimarratu duenez, «buruz» sufritu du gehien. «Bi lesioak larriak ziren, eta, hori gutxi ez, eta elkarren segidan izan ziren. Normala da buruari erasan izana». Ezberdindu egin ditu bi lesioak, ez baitiote berdin eragin. «Lehena askoz okerragoa izan zen fisikoki. Ez nekien zer zen lotailu bat. Inoiz ez nuen min hartua, eta, bat-batean, urtebete egon behar izan nuen jokatu ezinik. Gogorra izan zen hori onartzea. Bigarrenez min hartu nuenean, berriz, banekien zer zetorkidan: errehabilitazio gogorra eta luzea. Baina kolpea handiagoa izan zen psikologikoki».
Aitortu duenez, «buelta asko» eman dizkio buruari, eta, halakoetan, «saihetsezina» izan da garairen batean «ezkorra» izatea. «Ea pentsatu dudan hiru urte pikutara joan zaizkidala? Bai, behin baino gehiagotan. Ingurukoak kirolaz gozatzen ari ziren, gogor entrenatzen, lehiatzen, eta asko hobetzen. Nik ere hori egin nahi nuen, baina fisioterapeutarenean nengoen enegarrenez, ezinean. Inbidia handia pasatu dut, eta, amorrua ere piztu zait, baina ikasi dut pentsamendu horiek ez dutela ezertarako balio. Ikasketa moduan hartu dut bizi izan dudan hori, eta, orain, atzera begiratuta, oso harro nago egin dudan guztiaz. Laguntza handia izan dut: etxekoak, lagunak... Asko eskertzen diet egindako guztia».
Itzuliko zela «sinetsita»
«Itxaropenari eutsi» dio beti. «Ez nuen inoiz pentsatu ez nuenik berriro jokatuko. Seguru nengoen egingo nuela. Baina beldur nintzen, kezka nuen ea nola itzuliko nintzen eta ea mina inoiz joango zitzaidan». Lehiara itzuli izanagatik ere, ez du erabat uxatu beldurra. «Belaunak ondo dauzkat, baina beldur naiz oraindik ere. Hala ere, gero eta gusturago nabil kantxan».
Haren sasoiaren «%80an» dagoela esan du. «Sasoiz oso ondo nago, eta, teknikoki, nahiko ondo. Eskuak lan pixka bat ematen ari zaizkit, eta, ezin naiz nahi bezainbeste entrenatu. Pauso txiki bat ematea falta zait oraindik, eta, noski, baita asko ikastea ere».
Zerbait ikasi du: «patxada handiagoz» aritzen. «Gauzak egiteko orduan gehiago pentsatzen dut. Hobeto dakit zer egin une erabakigarrietan». «Adinak» zerikusia du horretan. «Lehen lesioak oso gazte harrapatu ninduen. Ia lau urte pasatu dira ordutik, eta gauza asko bizi izan ditut, baita ikasi ere. Asko aldatu naiz; finean, heldu egin naiz. Jokamoldea ez dut aldatu: beti saiatzen naiz ausarta izaten eta aurrean pilota indartsu mugiarazten. Baina nabari dut hobeto nabilela sasoiz eta teknika aldetik, eta hobeto aritzen naizela kantxan».
Pilotan jokatu ezinda egon den garai luzean zerbaitetaz konturatu bada, «pilotari katigatuta» bizi dela konturatu da. «Zerbait falta duzunean konturatzen zara benetan zenbat gustatzen zaizun, eta ni konturatu naiz esku pilota ia dena dela nire bizitzan. Egunerokotik ihes egiteko tresna bat da: pozik nagoenean, triste, lasai, urduri... beti joan nahi dut frontoira. Nahiko urduri biziko nintzateke ezingo banu hori egin. Ez litzaidake gustatuko pilotarik gabe bizitzea».
Hiru urtez min hartuta egon eta gero, ez da harritzekoa denbora bete-betean aprobetxatu nahi izatea. Hiru txapelketa ditu begiz jota: San Fermin torneoa, Bergarakoa (Gipuzkoa) eta elite mailako lau eta erdikoa. «Gozatu egin nahi dut. Nahikoa sufritu dut jada».