«Kepak zer erabaki zain gaude»

Josu Urrutiak azaldu du orain hilabete «elkargune» batera iritsi zirela atezainarekin eta haren ordezkariekin, eta «baikor» izan beharra duela jokalariak Athleticekin ez duela berrituko esan arte

Josu Urrutia Athleticeko presidentea, atzo, Ibaigane jauregian egindako prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Lau egun barru, Kepa Arrizabalaga libre izango da inolako araurik hautsi gabe nahi duen taldearekin negoziatzeko. Athleticekin urtebete baino gehiago darama hizketan ekainaren 30ean amaituko den kontratua berritzeko, baina, gaur-gaurkoz, akordiorik ez dute egin, eta egunek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa dirudi 23 urteko atezain ondarroarrak talde zuri-gorrian segitzea.

Beste gairik ez dago Athleticen, eta, horregatik, haren ingurukoek bete zuten atzo Josu Urrutiak bi hilean behin egiten duen agerraldia. «Hamabost hilabete daramatzagu etengabe hizketan. Hasi ginenean, Kepa ez zen titular. Bi aldeek egin dugu aurrera. Uste dut antzeman dugula zer nahi zuen beste aldeak. Orain hilabete elkargune batera iritsi gara, eta orain Kepak zer erabaki zain gaude, ea bai ala ez esaten duen. Ezin zaio klubari eskatu bakarrik dena ordezkatzea. Jokalariak klubaren inguruaren ordezkari ere badira zelaian. Badaude keinuak egiteko moduak, eta Iñaki Williamsek hala egin du, lasai egoteko mezua zabalduz, 'ez dut hemendik mugitu nahi' esanez», azaldu zuen Athleticeko presidenteak.

Urrutiak aitortu zuen ez dakiela zer erantzungo duen Kepak. «Ez dakit gure eskaintzari baiezkoa ala ezezkoa emango dion. Aurretik izandako kasuetan gertatutakoari errepara diezaiokegu. Fernando Llorenterekin, adibidez, denbora asko egon ginen hizketan, eta, azkenean, esan zuen ez zuela berrituko. Ikusiko dugu zer gertatuko den orain. Taldearen goi mailako jokalari batenaren pareko eskaintza egin diogu. Uste dugu eskaintza ona dela, baina auskalo. Ez litzateke izango ezetz esaten diguten lehen aldia».

Atezainak erantzuteko data zehatzik ez dago. «Ez dakit. Bihar [gaur] izan daiteke, edo datorren astean. Fernando Amorebietarekin, esaterako, urtarril amaieran esan genuen ez zuela berrituko. Esan beharreko unea zen. Kasu honetan, zain gaude oraindik».

Hainbat taldek dute begiz joa Kepa, Paris Saint-Germainek, Juventusek eta, batez ere, Real Madrilek. Espainiako taldeak neguko merkatuan bertan haren etete klausula —20 milioi euro— ordain dezakeela argitaratu dute zenbait egunkarik. Horren berririk ez du Atheticeko presidenteak. «Ez jokalariaren gertukoek, ez Real Madrilek ez digu halakorik esan. Athletic ez da klub saltzailea».

Ez du galdutzat ematen. «Badakigu zer esaten den han eta hemen, baina, Athleticekin ez duela berritu nahi esaten diguten arte, baikorra izan beharra dut. Aukera guztiak erabili behar ditugu: Kepa hemen geratzea nahi dugu. Guk gure esku dagoen guztia egin dugu hori hala izan dadin; baldintza onenak jartzen saiatu gara. Ez gara ez azkarrenak, ez inozoenak. Baikorrak izan beharra dugu, eta Kepak zer erabaki zain geratu».

«Taldea goraka doa»

Keparen ingurukoek bete zuten Urrutiaren agerraldia, baina presidentea taldearen jardunaz ere mintzatu zen. Haren ustez, «goraka» doa, baina hobekuntza hori «berretsi egin beharra dago» hurrengo partidetan. «Talde asko gaude tarte txikian sailkapenean. Gure momenturik onena eta erregulartasuna topatzen saiatzen ari gara. Emaitzei dagokienez, konfiantza hartu dugu, eta hobetu ere egin dugu. Geure buruaren eredu izan beharra dugu. Bielsaren azken sasoian ez, beste seietan eman dugun maila ikusi besterik ez dago. Bosgarren urtez jarraian ari gara Europan jokatzen, eta hori ez da batere erraza. Aurten ere lehia horretan egon nahi dugu».

Sasoi honetan sarri egon da zalantzan Kuko Zigandaren gaitasuna. Urrutiak «normaltzat» jo du hori, «batez ere emaitza eta jokoa onak ez direnean». Ziganda «entrenatzaile borrokalaria» dela azpimarratu zuen. «Bielsak eta Valverdek bezala, Zigandak ere badu gaitasuna garai zailetan aurrera egiteko».

Taldearen jokoaren inguruko aspaldiko eztabaidaz ere iritzia eman zuen. «Onena litzateke bikain jokatzea eta emaitza onak lortzea, baina zera da benetan garrantzitsua: taldea, ondo jokatu edo ez, lehiakor izan dadila, aurkaria baino gehiago izan dadila. Talde honek ondo joka dezake, baina, ez duenean hala egin, erakutsi du beste modu batera ere atera ditzakeela aurrera neurketak. Taldea eta entrenatzaile ondo ari dira lan horretan. Uste dut badugula taldea horretarako».

Keparen geroaz ez ezik, bereaz ere galdetu zioten Urrutiari, ea bi urte barru berriro aurkeztekoa ote den. Ez zuen argibiderik eman. «Athletic egunero hobea izateak axola zait bakarrik. Ez naiz erotzen ari aulki batera lotzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.