Kirioen aurka ere bai

Victorrek eta Irribarriak Bigarren Mailako buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Tolosan.Bien ustez, gakoa urduritasuna kontrolatzea izango da

Victor eta Irribarria, joan den asteazkenean, pilota aukeraketan. A. CANELLADA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2015eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Victor Esteban eta Iker Irribarria aurrez aurre izango dira gaur Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan, Bigarren Mailako buruz buruko txapelketako finalean (16:45). Lehen aldiz jokatuko dute biek final bat profesional direnetik. Horregatik, biek nabarmendu dute neurketako gakoa «urduritasuna kontrolatzea» izango dela. Alegia, kirioen aurkako partida irabazten duenak txapel erdia poltsikoan izango duela. Irabazleak, ondo bidean, sari bikoitza izango du: batetik, txapela, eta, bestetik, datorren urtean maila nagusiko txapelketan parte hartzeko eskubidea.

Bientzat lehen finala den arren, txapelketako ustekabeko handia Irribarria izan da. Ez dira hiru hilabete pasa profesionaletan debutatu zuenetik, eta dagoeneko lehen finalean da. Pilotaria bera harrituta dago. «Egia esan ez nuen halakorik espero. Debutatu nuenean, ez nuen uste buruz burukoan sartuko nindutenik. Hortik aurrerakoa egunetik egunera joatea izan da». Aramako aurrelari gaztearen kasuan, gainera, emaitzak harrigarriak dira: 22-7 irabazi zion Xabier Tolosari, 22-8 Iker Taintari eta 22-8 Miguel Merinori. Emaniko maila ere emaitzan bezain distiratsua izan da. Finaleko haren aurkariak ere ez zuen halakorik espero. «Txapelketa handia egin du. Hor, agian, berria izateak mesede egin dio, aurkariek ez dutelako ezagutzen».

Hasiberria izatea «bi aldeko ezpata» da Victorren ustez: presio gutxi izatearena, batetik, eta urduritasunarena, bestetik. «Nabaritu dezake, berria baita profesionalen munduan. Nik eskarmentu gehiago dut, baina ez hainbeste, eta gakoa urduritasuna kontrolatzea izango da». Irribarriak gako berdina nabarmendu zuen iragan asteazkenean egindako pilota aukeraketan. «Momentuz, lasai nago, baina, finala hurreratu ahala, nabarituko dut urduritasun puntu hori. Txarra litzateke hori ez pasatzea. Urduritasuna hobekien kontrolatzen duenak asko izango du irabazia».

Gazteak dira biak, baina hiru urteko aldea dago euren artean: Victorrek 22 urte bete zituen martxoan, eta Irribarriak 19 egingo ditu uztailean. Errioxarra hasia da lehia handietara gerturatzen —iaz sanmateoetan jokatu zuen—, eta titulu batek asko lagunduko lioke gorako bidean. «Tira, ezin naiz horrekin itsutu. Txapelari baino gehiago begiratzen diot hurrengo urtean Lehen Mailan jokatzeari. Dena den, ezin nau horrek itsutu;ezin dut presarik izan Lehen Mailako txapelketak jokatzeko».

Litekeena da Irribarria irtetea faborito apustuetan, txapelketa handia egin duelako. Victorrek, gainera, sukarra izan zuen pasa den asteburuan. Igandean 40 gradu zituen, baina egun pare bateko kontua izan zen. «Ondo eman diot buelta, eta indarrez nago. Nahi baino entrenamendu bat gutxiago egin dut bakarrik». Aurrelariak lan saio gogorra egin zuen asteazkenean, aukeraketaren ondoren, eta erritmo onean jardun zuen. Pilotei dagokienez, bizi antzekoak hartu zituzten biek, eta gustura gelditu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.