Andrea Barno. Itxakoko kapitaina

«Kirol arloan lor dezakegunak baino ez digu poza ematen orain»

Liga laugarrenez irabazteko aukera eskura du gaur Itxakok, etxean Eldaren aurka puntu bat lortuta. Pistara ateratzeko irrikan da Barno.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Denboraldi gogorra izaten ari da Itxakoko jokalari eta entrenatzaileentzat. Arazo ekonomikoek egoera larrian jarri dute taldea, eta haiek ari dira ondorioak pairatzen. Abendutik daude soldata jaso gabe. Etorkizunaz ere ezer gutxi dakitela erran du Andrea Barno kapitainak (Lizarra, Nafarroa, 1980); horrek sortzen dion ezinegona ezin du ezkutatu. «Dena dago airean» esanez laburbildu du errealitatea. Arazoak bazter utzita, Espainiako Kopa irabazi berritan, Liga laugarrenez jarraian irabazteko aukera du gaur Itxakok.

Liga eskura duzue. Gaur lor dezakezue, etxean. Irrikan?

Bai, bai, partida jokatzeko sekulako gogoa dugu. Partida irabazi eta ospatzeko irrikan gaude. Etxean zaleekin ospatzea gauza handia litzateke guretzat.

Eldak ez dizue lana erraztuko. Nola ikusten duzu partida?

Ez da erraza izanen. Aurkari zaila da. Errespetu handia diogu.

Azken partidetan sekulako kontzentrazioa erakutsi duzue. Lan serioa egin zenuten, adibidez, Kopan.

Alcobendasen aurkako partidan huts egin eta gero, argi genuen aurrera egin behar genuela. Gure artean hitz egin, eta erabaki genuen merezi zuela azken txanpan azken ahalegina egitea. Sasoiaren amaieran nekea pilatzen da; egoerak ere eragina du guregan, eta, hori dela eta, pixka bat gehiago ematea merezi zuela erabaki genuen guztiok. Kirol arloan, behintzat, ongi amaitu nahi dugu denboraldia. Kopan, gauzak hagitz ongi atera ziren, eta Ligan ere emaitza bera izatea espero dugu.

Sasoian zaudete, beraz?

Bai. Izan ditugu gorabeherak Munduko Txapelketaren ondotik, baina uste dut azken txanpa honetan ongi gaudela. Nerea Penaren lesioa kolpe handia izan zen guretzat, eta nekea ere pilatu zaigu, baina ahalik eta modurik onenean saiatzen ari gara egoerari aurre egiten.

Eta animoz nola zaudete?

Hori bertze kontu bat da. Txapeldunen Ligatik at gelditzea hagitz kolpe gogorra izan zen guretzat. Bagenekien zaila izanen zela berriz iazkoa lortzea, eta finalerdietatik at gelditu izanak are garrantzitsuago bilakatzen du iaz egindakoa. Sasoi honetan, ordea, finalerdietatik at gelditzeko moduak mindu gaitu, eskura izan dugulako finalerdietarako sailkatzeko aukera, eta, azkenean, ihes egin digulako.

Taldeak arazo ekonomiko larriak ditu. Horrek ere eraginen zizuen, ezta?

Bai. Zaila da guretzat. Saiatzen gara arazo ekonomiko horiek pistan islarik izan ez dezaten, baina ez da erraza. Gure artean saiatzen gara animoari eusten, elkarri laguntzen. Taldea, guretzat, hagitz garrantzitsua da. Kirol arloan lor dezakegunak baino ez digu ematen poza orain, eta denon artean ahalegintzen gara pistan gure onena ematen beti; gure lana egin bertzerik ez baitugu nahi guk, eta ez dadila dena pikutara joan.

Soldata jaso gabe jarraitzen duzue?

Bai. Prentsa oharra plazaratu genuen garaiko egoera berean gaude. Abendutik gaude soldata jaso gabe. Aldatu den gauza bakarra hori da: denbora gehiago daramagula kobratu gabe.

Carmen Martinek eta Sandy Barbosak taldea utziko dute, eta akaso ez dira bakarrak izanen. Hurrengo sasoia ere ez da erraza izanen.

Gu saiatzen gara arazoak bazter uzten eta eskubaloiaz gozatzen, baina egia da ezinegona badela jokalarion artean, ez baitakigu zer gertatuko den. Ez dakigu zer talde izanen dugun. Ziurgabetasuna erabatekoa da, eta hori gogorra da.

Ambros Martin entrenatzailea ere ez da Itxakon izanen hurrengo sasoian, antza denez. Ziklo bat amaitzen ari da?

Baietz ematen du, gertatzen ari denak hori uzten duela agerian. Inork ez luke nahi, baina hori da errealitatea. Orain, garrantzitsuena da ea ziklo hori nola amaitzen den. Denborak erranen digu.

Aurreko sasoian, Txapeldunen Ligako finalean aritu zineten; sasoi honetan, arazo ekonomikoek jota. Nola uler daiteke babesa galdu izana?

Jokalariok, egia erran, ezin dugu gauza anitz azaldu egungo egoeraz, ez baitakigu babesik ezak sortu ote duen, edo gaizki egindako kudeaketa baten ondorio denik. Hori da arazoetako bat guretzat: ez dakigula zer gertatzen ari den, ezta zer gertatuko den ere.

Kapitaina zara, etxeko jokalaria. Zer moduz zaude zu?

Jokalari guztiok ari gara elkarri laguntzen eta taldeari eusten. Etxeko jokalari bat naiz, eta min egiten dit egoerak, baina denok gaude egoera berean.

Eta hurrengo sasoian, zer? Itxakon jarraituko duzu?

Ez dakit zer erantzun, egia erran. Ez dakit hurrengo sasoian zer gertatuko den, dena baitago airean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.