KIROLA. Talde berriak

KIROLA, ATERPERIK ONENA

Estreinakoz, errefuxiatuen talde bat ariko da Olinpiar Jokoetan. Hamar kirolariz osatuko da: bi judoka, sei korrikalari eta bi igerilari. Munduko errefuxiatu guztien akuilu eta itxaropen izan nahi dute.

ainara arratibel gascon
2016ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inaugurazio ekitaldian desfilatuko duten 206 ordezkaritzen artean, bada oso berezia den bat. Hamar kirolariz osatua dago, eta bizitza bera izan da lehia bat guztientzat. Baina ez kirolari lotutako lehia bat, baizik eta bizirik irauteari lotutakoa. Kilometroak egin dituzte oinez, igerian edo korrika, gerratik eta gosetetik ihesi. Horixe izan da haien benetako garaipena, urrezko domina. Orain, dominak irabaztetik harago, errefuxiatuen egoera ikusarazi nahi dute, eta, aldi berean, ihes egiten jarraitzen duten milaka errefuxiatuentzako akuilu eta itxaropena izan.

Iazko abenduan hasi zen Nazioarteko Olinpiar Batzordea aukera hori aztertzen, Rion parte har zezaketen hiru kirolari errefuxiatu zeudela jakin zutenean. Martxoan baieztatu zuten errefuxiatuen talde bat egongo zela. «Ohore egin nahi diegu errefuxiatuen ausardiari eta nekaezintasunari, baita etorkizun hobe bat eraikitzen lagundu haiei eta haien familiei ere», nabarmendu du Filippo Grandik, Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziako goi ordezkariak. Antzera mintzatu da Thomas Bach, Nazioarteko Olinpiar Batzordeko burua.

Istorio oso gogorrak daude kirolari bakoitzaren atzean. Gehienek umeak zirela utzi zuten sorterria, eta askok ez dute beren familien berririk. «Talde hau itxaropenaren ikur bihurtu da munduko errefuxiatu guztientzat», esan du Bachek.

Desfilean joko dieten ereserkia Siriako errefuxiatu batek sortu du, eta bandera laranja da, marra beltz batekin. Itsasotik erreskatatzen dituztenean errefuxiatuei jartzen dieten txalekoa irudikatu nahi dute horrekin.

Yusra Mardini igerilaria izango da banderaduna. Mardinik duela urtebete eskas egin zuen ihes Siriatik, eta, hura ekarri zuen salbamendu txalupa hondoratu ostean, lau ordu egin zuen igerian, Greziako Lesbos uhartera iritsi arte. Bidean, Sarah ahizpa ere lagundu behar izan zuen.

Baina Mardinirena bezain gogorrak dira beste kirolarien istorioak. Haur zirela ihes egin behar izan zuten askok sorterritik. Gerratik, gosetik eta ume soldadu izateko patutik alde egiten zuten.Hala, apenas dituzten gogoan senideak, ezta haien etxeak ere. Goi mailako kirolari izan eta asiloa eskatu behar izan zutenak ere badira hamarreko zerrenda horretan. Asko jazarriak izan ziren beren entrenatzaileengatik.

Kanpalekuak izan dira haien bizitoki, eta han zaildu dira kirolari moduan: oinutsik korrika eginez, 40 gradutik gorako tenperaturarekin entrenatuz, itsasoan igeri eginez, entrenatzaile eta masaje emailerik gabe, elikadura zaindu gabe... Baina gogor helduz bizitzak emandako aukera horri. Presiorik gabe. Baina dominarekin amestuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.