ARRAUNA

Kirola bizi, minari aurre egiteko

Otsailean linfoma bat atzeman zioten Elur Alberdiri. Hura gainditu eta hiru hilabetera, hirugarren postua lortu zuen arraun egokituko Munduko Txapelketan. Horri esker, Parisko Paralinpiar Jokoetan ariko da. Han, domina lortu nahi du.

ERIC MARIE / MAGAVIRON
Elur Alberdi, txapel gorria jantzita, pozarren, arraun egokituko Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu berritan. ERIC MARIE / MAGAVIRON
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

«Nik ez dut ezer galtzeko, nik dagoeneko bizitza irabazi dut». Horixe esan zion Elur Alberdik (Hondarribia, Gipuzkoa, 1977) bere entrenatzaileari arraun egokituko PR3 scull mistoko modalitateko Munduko Txapelketa jokatu aurretik. Minbizia gainditu berritan jokatu zuen, Laurent Cadot taldekidearekin batera, azken kimioterapia saioa hartu eta hiru hilabetera. Sasoi betean ez egon arren, podiumera igo, eta brontzezko domina eskuratu zuen: «Nik banekien ez nengoela fisikoki sasoi betean. Ahal izan genuena egin genuen, baina indarraren faltan, bihotzarekin egin nuen arraun», aitortu du.

Iazkoa urte oparoa izan zen. Urrea kolkoratu zuen Txekiar Errepublikan jokatutako Munduko Txapelketan. Aurtengoa, aldiz, ez da urte erraza izan arraunlari hondarribiarrarentzat. Otsailean, linfoma bat atzeman zioten, eta sei hilabeteko kimioterapia tratamendua hartu ostean, atzean utzi zuen minbizia. Handik gutxira, irailean, Belgraden lehiatu zen Munduko Txapelketan, eta han ezarri zuten helburua ondo asko bete zuten: «Podiumera igotzea lortu genuen, baina gure helburua lehenengo bostetan gelditzea zen, ontzia Parisko Paralinpiar Jokoetarako sailkatzeko».

Aurreneko aldia izango du Paralinpiar Jokoetan. «Gogotsu» dago. Harentzat ez ezik, gertukoentzat ere «bereziak» izango direla uste du: «Gertatu zaidana ikusita, pentsatzen dut besteei laguntzen diela horrelako gauzak ikusteak. Minbizia hitzak sekulako beldurra ematen du; ematen du dagoeneko ezin duzula ezer egin. Nik beti gauza bera esaten dut: tortillari buelta eman diezaiokegu, baina, horretarako, guk helburu bat ezarri beharra daukagu. Nire kasuan, Jokoetara joatea da. Ametsa da han aritzea».

Norberaren patua zein den jakiterik ez dago, ezta bizitzak nondik joko duen ere. 47 urterekin eta hiru semerekin, abagune guztiak aprobetxatu nahi ditu: «Ni ez naiz gaztea, lehen ere arraunean ibilia nintzen, baina gero hiru haur izan nituen, lana… Hau bigarren aukera baten gisa ikusi dut. Emakume gisa ongi ari naiz, lanean eta ama gisa ere bai. Kirola falta zitzaion nire bizitzari, eta aukera hau edukitzea oso garrantzitsua da niretzat».

«Niretzat, bizitza izugarri polita da. Ama, elbarria eta munduko txapelduna naiz. Ezin dut gehiago eskatu». ELUR ALBERDI

 Arraunlaria

Arraunean ez ezik, ergometroan ere lehiatzen da. Espainiako eta Frantziako 500 metroko txapelketak irabaztea zer den badaki, baita 2.000 metrokoan ere podiumaren gailurrera igotzea ere. Otsailean, Europako Txapelketa bigarren postuan amaitu zuen, baina ez zen emaitzarekin gustura gelditu. Orduan konturatu zen bere gorputza ez zegoela ongi. Minbizia zen. «Txapelketa baino hamabost egun lehenago ez nintzen ongi, baina ez nekien zer zen. Ganglio bat atera zitzaidan hankan. Odol analisiak egin genituen, eta ez zen ezer atera. Txapelketa jokatu nuen gaixorik, eta bigarren egin nuen. Baina, momentuan, ez nintzen kontent. Handik bi astera, biopsia bat egin zidaten, eta linfoma bat nuela esan zidaten; segituan kimioarekin hasi beharra neukala esan zidaten, eritasun larria zelako; nahiko aurreratua baitzegoen minbizia».

Arrauna ez zuen utzi, eta kirola sendagai modura erabili zuen. Horrelako gaixotasunekin zer egin daitekeen eta zer ez uste duten asko «tronpatuta» daudela nabarmendu du: «Arlo horretan ere lan berria egiten ari naiz askorentzat. Horri buruz ere jendea hezi beharra dago, askok uste baitute ez garela gai ezer egiteko. Egia da momentu batzuetan nire gorputza ez zela nirea, baina beste une askotan entrena nintekeen; ez goi mailakoak bezala, baina bai, gutxienez, pare bat orduz».

Hiru gauzaz ohartu da prozesuan: «Kirolak gihar masa gordetzeko balio du, eta horrek kimioterapiaren kontra asko laguntzen du; konturatu nintzen zenbat eta kirol gehiago egin, nire gorputzak orduan eta azkarrago errekuperatzen zela; azkenik, niretzat oso garrantzitsua izan da kirola egiten nuen bitartean burua libre nuela, ez nuela pentsatzen gaixorik nengoela».

Bizi izandakoaren ostean, egunak beste modu batera hartzen ditu orain, baikortasunez beteta: «Niretzat, bizitza super polita da. Ama, elbarria eta munduko txapelduna naiz; ezin dut ezer gehiago eskatu. Gainera, kirolari esker, minbizia atzeman eta hura gainditzeaz gain, Paralinpiar Jokoetarako sailkatu naiz. Konturatu naiz, gaur egun, xoxokeriekin gelditzen garela, gauza asko materializatu ditugu, eta, nire ustez, bizitza oso garrantzitsua da; bizi beharreko gauzak bizi beharra ditugu».

Eskumutur finkoa

Gazte garaian arraunean lehiatu zen, bai Hondarribian, baita Hendaiako (Lapurdi) Hendaika taldean ere. Bietan, tosta mugikorrean, 1990eko hamarkada amaiera aldean oraindik ez baitzegoen nesken trainerurik. Ongi aritu zen, eta Espainiako selekzioarekin ere ibili zen. Bertako arduradunekin «erreta» amaitu zuen; haren ustez, «fundamentu gutxi zegoen». Horren ondorioz, kirola uztea erabaki zuen. Lanean zentratu, oposizioak atera, eta Senpereko (Lapurdi) herriko etxean hasi zen lanean.

2009an, istripua izan zuen etxean, Biriatun (Lapurdi). Eskailera txiki batetik behera erori zen, eta eskuin eskumuturra hiru zatitan apurtu zuen: «Parisera igo behar izan nuen ebakuntza egitea, hatzetako mugimendua ez galtzeko. Eskumutur finkoa utzi zidaten, eta orain ezin dut erabili. Ezin izan ditut egin gauza asko».

Haurrak koskortu, eta orain dela lauzpabost urte etxe ondoko elkarte batekin joaldunen eta herri kirolen munduan murgildu zen. «Gustura» aritzen zela ohartu, eta ergometroan lehiatzen hasi zen. Elbarrien mailan bikain aritu ondoren, Espainiako eta Frantziako selekzioen deia jaso zuen. Erabakia hartzea «erraza» izan zen: «Frantzia aukeratu nuen egitura profesional hobea dagoelako; maila handiagoa dago, eta etxetik gertuago daukat».

Etxekoentzat eta gertukoentzat ispilu izan da. Behin eta berriro gainditu ditu mugak, eta antzeko egoeretan daudenei laguntzeko asmoz, Kanboko (Lapurdi) ospitalearekin elkarlanean egitasmo bat martxan jarri du. «Uste dut sekulako mezua dudala bidaltzeko besteei. Ospitale batera joaten naiz, gaixoek ikus dezaten aurrera egin daitekeela; behin eta berriro esaten diet bizitzak merezi duela. Oso garrantzitsua da hori niretzat. Ospitalera joan beharrik gabe, gertukoei ere mezu bera helarazten diet ahal dudan bakoitzean».

Berarentzat ez ezik, haren hiru semeentzat ere urte hau «gogorra» izan dela onartu du. 18, 15 eta 10 urte dituzte. «Haiek ere momentu txarrak bizi izan dituzte. Ama ilerik gabe ikustea.. une latzak pasatuko zituzten. Izan ditut sofatik ezin mugitu egon naizen momentuak, baina nire eguneroko bizitza ahalik eta normalena egiten saiatu naiz. Entrenatzen ere ikusi naute, eta haientzat ere etapa bat izan da hau. Gainera, haien Ikastoletan eta lizeotan izan naiz, haien lagunen aurrean hitz egiten».

Hilabete darama arreta osoa Parisko Paralinpiar Jokoetan jarria. Egutegia bete-betea du, eta egun bakoitzean zer egin behar duen txukun-txukun idatzita dauka. Egunean bi aldiz entrenatzen da, helburua betetzeko asmoz: domina bat nahi du Parisen. «Handia litzateke podiumera igotzea; horrekin amesten dut batzuetan. Domina iristen baldin bada, sekulako festa egin beharko dugu». Ospatzeko motiboak sobera ditu, eta domina lortu edo ez, begi bistakoa da, irabaz daitekeen gauzarik garrantzitsuena irabazi du dagoeneko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.