SEVILLA 3-2 REALA

Zuhaitz eroriari orok egur

Realak galdu egin du Sevillaren etxean, eta ezin izan du punturik eskuratu Europarako lehian aurrera egiteko. Hasi eta gutxira sartu dizkieten golek zigortu dituzte txuri-urdinak; atzetik aritu dira partida osoan.

(ID_13661906) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA
Isaac Romero (Sevilla) eta Igor Zubeldia (Reala) JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko martxoaren 2a
17:40
Entzun

Reala bere onera itzuli ezinean dabil. Talde txuri-urdinak galdu egin du Sevillaren estadioan jokatutako partida (3-2), eta punturik batu gabe geratu da Europa ligarako sailkatzeko lehian. Asteartean Espainiako Kopan hartutako kolpea aski ez, eta bolada kaskarrean da ligan: azken sei neurketetatik bakarra irabazi du. Sailkapenean aurretik dituen taldeak estutzeko aukera bikaina galdu du Ramon Sanchez Pizjuan estadioan. Saiatu da, amaierara arte egin du borroka, baina talde eraberrituak ez du baleko emaitzarik lortu. Geldikako jokaldietako biguntasunak zigortu du, hein handi batean.

Zuhaitz erori batekin konparatu daiteke Reala. Orain, edonork lortzen du handik egurra. Baita Sevillak ere. Quique Sanchez Floresek taldea apur bat suspertu duen arren, lehengo distiratik urrun dira espainiarrak, eta makal ibili dira orain arte. Realak, berriz, azken partidak galdu izanak dakarren zama arintzeko xedez bidaiatu zuen Sevillara, nola emaitzei dagokienez, hala arlo fisikoan, baina kale egin du.

Imanol Alguacilek hamaikako berritzaile bat hautatu du, ohiko jokalarien zangoei atseden eman nahian. Partidaren atariko prentsa agerraldian haizatutako diskurtsoarekin leial jokatu du teknikari oriotarrak. «Ilusioa» izan zuen hizpide Txapeldunen Ligako final-zortzirenen itzulerakoaz mintzatzean —bi golen desabantailarekin ekingo dio Realak PSGren aurkako neurketari—.

Hala, entrenatzaileak piezarik onenak gorde ditu Sanchez Pizjuaneko aulkian. Sei aldaketa egin ditu Mallorcaren aurkakoarekin alderatuta. Funtsezko jokalariak baliatu arren –Igor Zubeldia eta Martin Zubimendi tartean–, harrobitik igaro berri diren jokalariekin eta etekin gutxi eman dutenekin osatu dute taldea. Freskotasuna erakutsi nahi zuen, baina asmoa gain behera etorri zaio partida hasi eta gutxira.

Sevillak bizi abiatu du lehia, eta erasoko jokaldiak lotu ditu bata bestearen atzetik. Yussef en-Nesiri nabarmendu da guztien artean. Aurrelariak neurria hartua dio Realari, eta oraingoan ere ez du barkatu. 11. minuturako aurreratu du bere taldea, eta bi minutu geroago aldea handitu. Txuri-urdinak dira marokoarraren aurkari kutunak; bederatzi gol sartu dizkie hamahiru partidatan. Beste inori baino gehiago.

Aurkariak ordu laurdenean bi gol sartzea lasta handiegia izan da, baina donostiarrek ez dute amorerik eman. Hasierako erauntsia igarota, baloiaren jabe egin eta aurrerapauso nabarmena eman dute zelaian. Aurrelari peto pareak (Andre Silva eta Umar Sadiq) ez diote arrisku handirik sortu Orjan Nyland atezainari, baina taldea erosoago aritu da baloia oinetan zuela.

Pixkanaka aurrera egin du Realak, eta atsedenaldiaren atariko jokaldi solte batean saria lortu. Silvaren kontrol baten ostean, Sergio Ramos Sevillaren atzelariak besoarekin ukitu du baloia. Epaileak penaltia adierazi du. Silvak berak jaurti, eta ligako lehen gola egin du Realaren elastikoarekin.

Bigarren zatian, antzera

Sevillako zeruan nola, laino artean argi izpi bat ikusi dute txuri-urdinek. Oraindik bigarren zati osoa falta zela, lortu dute sevillarrek ateratako aldea txikitzea. Bi taldeek elkarri neurria hartu nahian igaro dituzte lehen minutuak, baina atzealdeko huts batek berriz zigortu du Reala. Sevillaren korner bat ondo aldendu ezin, eta Oliver Torresen erdiraketa sarera bideratu du Sergio Ramosek, buruz. 

Imanolen taldeak estutu egin du ordutik aurrera, eta luzapenean aldea murriztu du, Brais Mendezek falta jaurtiketa batean gola sartuta. Gol eskasia arintzea lortu dute txuri-urdinek, baina zerbait gehiago egin beharko dute puntuak batzeko, eta batez ere, garaipenaren bidera itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.