Futbol jokalari ohia

Marta Unzue: «Kirolari batek jokatu egin nahi izaten du, eta nik mina nuen beti»

Eskuin belauneko lesio batengatik azken bi denboraldietan Athleticekin partidarik jokatu gabe egon ondoren, Unzuek erretiroa hartu du. Nafarrak 468 partida ofizial jokatu ditu, eta lau liga eta bost Espainiako Kopa irabazi ditu Bartzelonarekin.

Marta Unzue. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Marta Unzue. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Marta Unzuek (Berriozar, Nafarroa, 1988) ezin izan du nahi bezala amaitu bere ibilbidea. Orain dela bi urte eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta, geroztik, ezinean ibili da. 36 urterekin halabeharrez hartu behar izan du erretiroa. Familia kirolzalea du Athleticeko kapitain ohiak: osabak ditu Juan Carlos Unzue futboleko atezain eta entrenatzaile ohia, eta Eusebio Unzue Movistar txirrindulari taldeko kirol zuzendaria. Elba haren ahizpa bikia ere futbolari izandakoa da, eta Bartzelonan denbora batez batera jokatu zuten. Familiaren tradizioari segika, Unzuek ere futbolari lotuta jarraitu nahi du.

Nolakoak izan dira azken bi denboraldiak?

Min hartu nuenean, pentsatu nuen kirolak dituen beste gauza batzuk ikasteko modu bat izango zela. Motibazio handiz hartu nuen, ahalik azkarren osatzeko asmoz, data zehatzik jarri gabe, garrantzitsuena ondo errekuperatzea baitzen. Lehen lau asteetan belauna handituta nuen, eta nabari zen ez zihoala oso ondo. Ondoren, beste bi aldiz operatu ninduten, eta dena korapilatzen hasi zen. Geroz eta urrutiago ikusten nuen zelaira bueltatzea. Kirolari batek jokatu egin nahi izaten du, eta nik mina nuen beti. Denbora aurrera doan neurrian, pentsatzen hasten zara beharbada zure egunerokoan jarri behar duzula arreta, mina ez edukitzean, eta alde batera utzi behar duzula berriro ere jokatuko duzun ideia hori. Oso zailak izan dira azken bi denboraldiak.

Etorkizunari begira ere, pentsatu duzu horrek zure egunerokoa baldintza zezakeela?

Beti duzu itzultzeko esperantza, eta, gainera, nire ibilbideko azken urteak izanik, nire buruan ez zegoen lesio batengatik erretiroa hartzeko aukera. Taldearen parte sentitzen zara, nahiz eta beste modu batean izan. Eta noski, beti dituzu buruan beste aukera batzuk, baina bigarren edo hirugarren mailan, belauna ondo edukitzea baita zure lehentasun bakarra. Badago paseatzera irteten den jendea eta etxera bueltan belaunean ondoeza duena. Horrelakoek eragina izaten dute, eta pentsatzen duzu honek amaiera bat duela.

Lezamako egunerokoak eta taldeak eman duen errendimendu onak samurtuko zuen zertxobait zure ezintasuna.

Bai, gainera, lesionatu nintzen lehen denboraldian Irene Ogiza eta Nekane Diez jokalariak ere operatu zituzten, eta errekuperazio prozesuan denbora dezente egin dugu elkarrekin. Zure alboan lesionatuta dauden taldekideak izateak asko arintzen du egunerokoa, eta dibertigarriagoa ere bada. Talde gaztea da, eta aldagela barruan nire aletxoa jartzen saiatu naiz.

«Jende gaztea gogotsu igotzen da lehen taldera, baina pazientzia gutxirekin, eta lagundu egin behar zaie»

Berriozarren eta Osasunan hasi zenuen ibilbidea, eta 18 urte zenituela Bartzelonara joan zinen, zure ahizpa bikiarekin batera. Zer oroitzapen dituzu?

Futbolean jokatzen hasi nintzen asko gustatzen zitzaidalako. Ez nuen inoiz pentsatuko izan dudan ibilbidea izango nuenik, ezta momentu askotan nire ahizparekin batera egongo nintzenik ere. Bartzelonan Espainiako Kopa irabazi genuen lehenengo aldiz. Beti amestu izan dut futbolean jokatzea gizonezkoek bezala, garai haietan ez baitzegoen emakume erreferenterik; orain, aldiz, badaude. Txapeldunen Liga jokatzearekin egiten nuen amets, baita ligak eta kopak irabaztearekin ere, eta hori lortu dut. Estadio handietan ere jokatu dut: San Mamesen partida asko jokatzeko aukera izan dut, nola zaharrean hala berrian. Oroitzapen oso ona dut San Mames berrian jokatu genuen partidaz; Atletico Madrilen aurkako Kopako final-laurdenak ziren. Zelaia bete-betea zegoen, eta tifo bat eta guzti atera zuten. Printzeen Parkean jokatzeko aukera ere izan nuen. Atzera begira jarri, eta ez dut sinesten hori guztia bizi izan dudala.

Barrutik bizi izan duzu Bartzelonaren profesionalizazioa. Nolakoa izan da bidea?

Lehen denboraldian Bigarren Mailara jaitsi ginen, eta ondorengoan lehenengora itzuli ginen berriro. Orduan, kluba gure aldeko apustua egiten hasi zen; ez irmoki fitxaketa entzutetsuak eginez, baizik eta Espainiako ligako jokalariak ekarriz, taldearen maila igo zezaten. Ondoren, emakumezkoen taldearen alde egin nahi zuen zuzendaritza batzorde bat iritsi zen, eta atzerriko jokalariak ekartzen hasi ziren, baita taldea profesionalizatzen ere. Otorduak bertan egiten genituen, gimnasioko lan gehiago egiten genuen... Tituluak lortzeak ere lagundu zuen klubak apustu handiagoa egin zezan gure alde, eta begira orain taldeak nolako maila duen.

Tituluak lortzeko lehian, Athletic zenuten aurkari nagusi.

Bai, gainera, gogoan dut liga bat San Mames zaharrean irabazi genuela azken jardunaldian. Beraiek nahikoa zuten berdinduta; guk, berriz, irabazi beharra genuen. 1-2 irabazi genuen azkenean, eta San Mames beteta zegoen. Esperientzia hura iltzatua dut, oroitzapen oso onak ditut. Gogoan dut, halaber, Espainiako Kopako finalean, Ceutan, partida oso parekatua izan zela, penaltietara iritsi ginela, eta azkenean guk irabazi genuela. Txikitatik beti gustatu izan zait Athletic, eta haien aurka jokatzen genuen bakoitzean zerbait berezia sentitzen nuen.

Eta 30 urte betetakoan, Athleticera etorri zinen. Aurkari izan zenuen Athleticekin konparatuta, oso bestelako taldea izango zen.

Iritsi nintzenean, ligarako borrokan ibilitako talde hartako jokalari asko ez zeuden. Belaunaldi aldaketa bat egon zen. Erika Vazquez, Vanesa Gimbert, Tirapu... Lehen Mailan esperientzia zuten jokalariak zeuden, baita Espainiako selekzioan aritutakoak ere. Hona iritsi bezain pronto, nabaritu nuen beste era bateko kluba zela. Taldera batu nintzenetik orain arte, uste dut gaztetze prozesu bat izan dela. Bartzelonan pilatu nuen esperientzia garrantzitsua izan zen taldearentzat; izan ere, klubetik jokalari garrantzitsuak joan ziren, eta taldea gaztetu egin zen. Jende gaztea gogotsu igotzen da lehen taldera, baina pazientzia gutxirekin, eta lagundu egin behar zaie, dena berehalakoan nahi baitute. Azaldu behar zaie pazientzia izan behar dutela, futbolean 11 jokalarik bakarrik jokatzen dutela, eta zaila dela hasieratik jokatzea.

Athleticen trantsizio hori amaitu da?

Jokalariak dagoeneko prest daude. Joan den sasoian ligako talde gazteenetako bat zuen Athleticek. Jokalari oso gazteak daude, eta, horren eraginez, uste dut geroz eta zailagoa izango dela harrobitik gorengo taldera salto egitea. Orain daudenak urte luzez egon daitezke lehen taldean, eta, denboraldi bakoitzean jokalariren bat fitxatu behar den arren, uste dut multzoak jarraipena izango duela. Hori da Athleticek dituen indarguneetako bat; jokalariek urteak egiten badituzte taldean, hainbeste ezagutzen dute elkar, non zelaian nabaritu egiten baita.

«Uste dut multzoak jarraipena izango duela. Hori da Athleticek dituen indarguneetako bat; jokalariek urteak egiten badituzte taldean, hainbeste ezagutzen dute elkar, non zelaian nabaritu egiten baita»

Kirolean ez ezik, emakumeen eskubideen aldeko borrokan aritu zara. Lehen hitzarmen kolektiboa sinatzerakoan, adibidez.

Bai, guri egokitu zitzaigun eskubideen alde borrokatzea. Saiatu behar da ditugun baldintzak hobetzen, gizonezkoekin alderatu gabe; jakinda beraiek beren dirua sortzen dutela, eta ezin duzula egoera alderatu gauza batzuk eskatzeko orduan. Oinarrizkoaren eta gutxienekoaren alde borrokatu behar da. Bereziki lehen hitzarmena sinatu genuenean, denak batu ginen, eta hori izan zen garrantzitsuena; azkenean, lortu genuen.

Eta orain zer?

Kirolari lotuta jarraitzea gustatuko litzaidake, entrenatzaile lanetan edo talde teknikoren batean. Futbola asko gustatzen zait, eta aukera badut kirolari lotuta jarraitzeko, segituko dut. Hala ere, trebatzen jarraitu nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.