Saskibaloia. ACB liga

Klaseek indarrean diraute

Bartzelona eta Real Madril dira ACB liga irabazteko hautagai bakarrak, eta horien atzetik talde guztiek aurrekontua jaitsi behar izan dute. Diru falta dela medio, ez da inor igo LEB ligatik.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beti egon dira klaseak gizartean. Oligarkiek euren pribilegioak erabilitako argudio sinplistak oinarri bat aurkitu du sasoi honetako ACB ligan. Gaur hasiko da lehiaketa. Argi eta garbi, Bartzelonak eta Real Madrilek beste hari bateko ezpala dira; talde aberatsenak dira, hirugarrenaren aurrekontua bikoizteraino —Baskoniak 11 milioi ditu—. Hortik atzera bi maila daude: kanporaketetan sartzeko hautagaiak eta bizirik irauteko borrokatzen direnak. Pobreziak ia dena orekatzen du, eta hori izan daiteke kontsolamendua; jaitsiera saihesteko lehia ikusgarria izango da.

BI HAUTAGAI TITULURAKO

Real Madril eta Bartzelona

ACB ligak Espainiako futbol ligaren antza hartu du. Bi dira titulurako hautagaiak: Bartzelona eta Real Madril. Iragan sasoian haiek jokatu zuten ligako finala, baita Espainiako Kopakoa ere, eta aurtengo Superkopakoa. Biek galduko dituzte partidak ligan, eta etxetik kanpo sufrituko dute, baina oso zaila dirudi ACBko beste talde baten aurka hiru edo bost partidako serie bat galtzea. Real Madrilek 22 milioi euroko aurrekontua du, eta Bartzelonak, 28koa. Futbolari esker, beste maila batean daude.

Merkatuan ondo mugitu dira biak. Real Madrilek zentzuz fitxatu du, hutsuneak non zituen aurkitu eta estalita. Pibot peto gogorrak behar zituen, eta bi lortu ditu: Ioannis Burousis (2,10 m) —14 puntu eta 8,3 errebote partidako iragan Euroligan— eta Salah Mejri (2,17 m). Bartzelonak, aldiz, astindu handiagoa eman dio patrikari, eta ia talde erdia aldatu du: Maciej Lampe, Joey Dorsey, Bostjan Nachbar, Jacob Pullen eta Kostas Papanikolau fitxatu ditu. Bostak ala bostak izen handiko jokalariak dira, eta Europako talde indartsuenetako bat osatu du. Tartean, Laboral Kutxako lau jokalari ohi ditu.

LABORAL KUTXAREN EHIZAN

Unicaja da mehatxua

Azken urteetan Laboral Kutxa izan da bi handien alternatiba. Unicaja eta Valentzia inguruan zituen, baina kosta egiten zitzaien egitasmo sendoak osatzea, eta iragan sasoian ez bata ez bestea ez zen fin ibili. Denboraldi-aurre honetan, baina, biak asko eta, ustez, ondo indartu dira, batez ere Unicaja. Malagako taldeak Joan Plaza izango du aulkian, eta iragan sasoiko saskiratzaile onena kendu dio Kanaria Handiari: Ryan Toolson. Haren alboan ACB ligan oso maila ona emaniko jokalari batzuk berreskuratu ditu; Nik Caner-Medley, Carlos Suarez eta Rafael Hettsheimeir, kasu. Izenei dagokienez behintzat, Laboral Kutxak baino taldea hobea du.

Valentzia ere lehia horretan egongo da, Velimir Perasovicen aginduetara. Zaragoza iragan sasoiko ustekabekoetako bat izan zen eta handik hartu ditu Sam Van Rossom antolatzailea eta Pablo Aguilar pibota. Vladimir Lukic eta Oliver Lafayette ere pieza onak dira. Pixka bat beherago daude Kanaria Handia, Cai Zaragoza, eta, zergatik ez? Bilbo Basket. Kanaria Handiak Nacho Martin fitxatu du eta Xavi Rey mantendu. Zaragozak, aldiz, Georgiako selekzioko bi pibotak: Sanikidze eta Xermadini, eta Pere Tomas. Ondo bidean multzo honetako taldeak kanporaketetarako txartela lortu beharko lukete.

JAITSIERATIK IHESEAN

Hamar taldeko tropela

ACB ligako ia talde guztiek izan dituzte murrizketak aurrekontuetan. Adierazgarria da ia erdiek babesle nagusirik lortu ez izana, eta hamarrek bi milioi euro baino gutxiago izana taldeak osatzeko. Liga erdia behe klasekoa da, eta baten batek ezustekoa emango duen arren, beste guztien helburua jaitsierari itzuri egitea izango da, tartean GBC.

Multzo horretan denetarik dago; Fuenlabradak, adibidez, bi beterano on fitxatu ditu: Carlos Cabezas eta Andy Panko. Estudiantesek eta Joventutek gorriak ikusi dituzte merkatuan sartzeko, baina pagotxa aurkitu dute. Estudiantesek, esaterako, Rabaseda hegaleko gaztea eta Marko Banic Bilbo Basketeko zaleen kutun ohia fitxatu ditu. Madrilgo taldearen aulkian Txus Bidorretak jarraituko du. Hiru izango dira euskal entrenatzaileak ACBn: Bidorreta bera, Pablo Laso (Real Madril) eta Rafa Pueyo.

Cajasolek Thomas Satoransky izango du buru; Obradoirok jokalari onak galdu ditu; Kanariak iragan sasoikoari eutsi dio; Murtziak talde txukuna egin du, eta Manresak aldaketa asko egin ditu. Manresa azkena izan zen iragan sasoian, baina, Gipuzkoa Basketek bezala, bulegoetan eutsi zion mailari. Adierazgarria da kide berririk ez egotea, Urrezko LEB ligatik igotzeko eskubidea irabazi zuten bi taldeek —Burgos eta Alacant— ez zituztelako bete ACBk eskatzen dituen gutxieneko baldintza ekonomikoak.

VALLADOLID

Beste kontu bat da

Udan desagertzeko zorian egon den taldea azkenean ACB ligan ariko da. Zazpi milioi euroko zorra du, eta iragan sasoiko jokalariei zazpi hilabeteko soldata zor die. Korrika eta presaka egindako taldea da, eta zortzi jokalari fitxatu ditu azken hilabetean. Aurre-denboraldi oso motza egin du, eta lagunarteko partidarik jokatu gabe hasiko du liga. Ikusteko dago zenbat kiderekin bukatzen duen sasoia, harritzekoa litzateke ordainketekin arazorik ez egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.