Pilota

Klasikoa da finalerdietako bat; berria, berriz, bestea

Zehaztuta daude buruz buruko finalerdiak: Altuna III.a eta Laso larunbatean ariko dira, Donostian, eta, Artola eta Larrazabal igandean, Gasteizen.

Unai Laso eta Jokin Altuna. ARITZ LOIOLA / FOKU
Unai Laso eta Jokin Altuna, azken lau eta erdikoaren finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 12a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bata klasikoa, berria bestea. Halaxe dira buruz buruko txapelketako finalerdiak. Jokin Altunak eta Unai Lasok partida klasikoa jokatuko dute larunbatean, Donostian (17:30, ETB1); klasikoa, makina bat aldiz jokatu baitute elkarren aurka. Iñaki Artolaren eta Iker Larrazabalen artekoa, berriz, berria da, lehen aldiz ariko baitira elkarren kontra. Igandean jokatuko dute, Gasteizen (17:30, ETB1). Bi finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute ekainaren 1ean, Bilbon, Bizkaia frontoian.

Altuna III.ak eta Lasok bederatzigarrenez jokatuko dute elkarren aurka txapelketa ofizial batean: lau aldiz aritu dira elkarren kontra buruz burukoan; hiru aldiz, lau eta erdikoan; eta behin, sanferminetakoan. 2019tik hona jokatu dituzte neurketa horiek. Amezketarra da nagusi: bost aldiz irabazi du, eta, Lasok, hiru aldiz.

Buruz buru ariko dira oraingoan, eta, modalitate horretan berdinduak daude: bakoitzak bitan irabazi du euren artekoa. Bitxia da, baina ez dira gai izan bi partida jarraian irabazteko; garaipenak tartekatu dituzte. Azken hiru ekitaldietan neurtu dituzte indarrak. Beraz, laugarrenez jarraian izango dira parez pare. Horra euren artekoa klasikoa den erakusgarrik onena.

Lasok irabazi zuen euren arteko lehena. 2022ko ekitaldiko finalerdietan izan zen, Bilbon. 22-17 nagusitu zen, eta, partida hura irabazita, madarikazio kutsua zuen bolada txarra eten zuen: lehen aldiz irabazi zion Altuna III.ari. Garaipen horrek sekulako indarra eman zion, eta, bi aste geroago txapela jantzi zuen; haren kirol ibilbideko lehena. Nagusitasun handiz irabazi zion finalean Joseba Ezkurdiari, Iruñean, Nafarroa Arenan: 22-7.

Hurrengo urtean aritu ziren berriro elkarren aurka, eta, orduko hartan Altuna III.a gailendu zen: 22-9 irabazi zion Lasori final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan, Bilbon. Amezketarrak finala jokatu zuen gero, baina galdu egin zuen Aitor Elordiren kontra. Bizkarreta-Gerendaingoa (Nafarroa), ordea, kanporatu egin zuten ligaxkan, eta ez zen hurrengo faserako sailkatu. Ordurako denbora zeraman aldakako minez, eta, txapelketa bukatuta, ebakuntza egin zioten. Urte erdi egin zuen jokatu gabe. Ez zen aritu lau eta erdikoan, eta hainbestean aritu zen binakakoan.

Baina bete-betean ekin zion buruz burukoari, eta astindua eman zion Altuna III.ari final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan: 22-7 irabazi zion Bilbon. Hilabete eta erdi geroago, ordea, errebantxa hartu zuen Aspekoak, eta astindu gogorragoa eman zion frontoi berean, finalean: 22-5 irabazi zion. Hura izan da elkarren aurka jokatu duten azken neurketa. Bosgarrena izango da larunbatekoa, eta orduan hautsiko da oreka.

(ID_14922528) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-05-03, Iruñea. Pilota, Buruz Burukoa partida jokatu dute Zabalak eta Larrazabalek Iruñean
Iker Larrazabal, pilota jotzen, partida batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Baiko nagusi

Altuna III.aren eta Lasoren artekoak bederatzigarren atala izango du. Artolaren eta Larrazabalen artekoak, ordea, lehena izango du. Larrazabalek jokatuko duelako izango da berria, amurrioarra ia ez baita aritu banaka Lehen Mailan: aurreneko aldiz ari da buruz burukoan, behin aritu da lau eta erdikoan, eta bitan sanferminetakoan. Baina, aurten, balentria egin du: lehenbizi, Ezkurdiari irabazi zion final-zortzirenetan (22-21); gero, Altuna III.a hartu zuen mendean final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan (22-14), eta, Dario Gomez bigarrengoan (22-20). Javier Zabalak astindua eman zion azkenekoan (22-7), baina ordurako sailkatuta zegoen.

Artolak, ordea, badu eskarmentua, hirugarrenez ariko baita buruz buruko finalerdietan. Oroitzapen txarra du aurreneko aldiaz. 2021ean, Beñat Rezustari irabazi zion, 22-16 Labriten, baina min hartu zuen eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabalean, eta, uko egin zion gero Altuna III.aren aurkako finala jokatzeari. Iaz ere finalerdia jokatu zuen, baina galdu egin zuen amezketarraren aurka: 22-10, Donostian. Hirugarren ahaleginean, finala jokatu nahi du.

Finalerdiak jokatuko dituzten gehienak Baikoko pilotariak dira, lautik hiru, eta hori bada albistea, duela hamar urte gertatu baitzen hori azken aldiz. 2015ean, Baikoko hiru pilotari aritu ziren, Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxea, eta Aspeko bakarra, Juan Martinez de Irujo. Urrutikoetxeak irabazi zuen txapela.

Baikoren nagusitasuna handiagoa da B Serieko buruz burukoa kontuan hartuz gero, horretan ere hiru pilotari baititu finalerdietan: Asier Agirre, Joanes Bakaikoa eta Iraitz Zubizarreta. Aspek, berriz, Joseba Aldabe besterik ez du. Ostiralean jokatuko dituzte bi finalerdiak, Azkoitian (Gipuzkoa, 21:15, ETB1): aurrenekoan, Agirre eta Aldabe ariko dira, eta, bigarrengoan, Bakaikoa eta Zubizarreta. Irabazleek finala jokatuko dute hilaren 24an, Labriten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.