Urtetik urtera, gizonezkoen probak lortzen du oihartzunik handiena, baina aipagarria da oso Jeannie Longo frantziarraren kasua. Emakumezkoen erlojupeko proban ariko da bihar, Euskal Herrian 07:00ak direnean, eta errepideko proban lehiatzekoa da gero, larunbatean -litekeena da proba hori iragarri baino lehenago hastea, ordu berean Collingwood eta St. Kilda taldeen arteko futbol australiarreko finala dagoelako-. Longok 51 urte dauzka dagoeneko, eta Frantziako erlojupeko probako egungo txapelduna da.
Faboritoen zerrenda, luzea
Txundigarria da Longoren sasoia, baina emakumezkoen proban zabala da faboritoen zerrenda: Marianne Vos, Noortje Tabak eta Kirsten Wild herbeheretarrak; Tatiana Guderzo italiarra; Emma Pooley eta Nicole Cooke britainiarrak; Judith Arndt eta Ina-Yoko Teutenberg alemaniarrak; Ruth Corset eta Bridie O'Donnel australiarrak...
Gizonezkoen proban, berriz, erlojupekoan Fabian Cancellara suitzarra da faborito bakarra, Richie Porte australiarraren, Erik Larsson suediarraren eta Tony Martin alemaniarraren baimenarekin. Errepideko proban, berriz, zabalagoa da faboritoen zerrenda. Ibilbidea ez da samurra, eta ez du ematen esprinter peto-petoak erritmoari eusteko gai izango direnik. Besteak beste, Philippe Gilbert belgikarra, Filipo Pozzato italiarra, Oscar Freire espainiarra, Thor Hushovd norvegiarra eta Allan Davis australiarra ageri dira faboritoen artean.
Euskal herritarrei dagokienez, iaz baino bi gutxiago lehiatuko dira Munduko Txapelketan. Juanma Garate, Haimar Zubeldia eta Imanol Erbiti elite mailako gizonezkoen errepideko proban ariko dira, igande goizaldean. Eta Mikel Landa 23 urtez azpiko errepideko proban, etzi goizaldean.
Egitaraua
BIHAR23 urtez azpiko gizonezkoen erlojupekoa (02:00-06:05). 31,6 kilometro.
Elite mailako emakumezkoen erlojupekoa (07:00-08:50). 22,8 kilometro.
ETZI
Elite mailako gizonezkoen erlojupekoa (05:00-09:35). 45,6 kilometro.
OSTIRALA
23 urtez azpiko gizonezkoen errepideko proba (05:00-09:15). 159 kilometro.
LARUNBATA
Elite mailako emakumezkoen errepideko proba (05:00-08:35). 127,2 kilometro.
IGANDEA
Elite mailako gizonezkoen errepideko proba (02:00-08:50). 257,2 kilometro.
EUSKAL HERRITARRAK
Mikel Landa (Murgia, 1989): 23 urtez azpiko gizonezkoen errepideko proban.
Juanma Garate (Irun, 1976): Elite mailako gizonezkoen errepideko proban.
Haimar Zubeldia (Usurbil, 1977): Elite mailako gizonezkoen errepideko proban.
Imanol Erbiti (Iruñea, 1983): Elite mailako gizonezkoen errepideko proban.
*Euskal Herriko ordutegia