Ohi baino tentsio gehixeago sumatzen da Miribillan astelehen eguerdian. Jokalariak lan saioko azken jaurtiketak egiten ari dira, eta gehientsuenak isilik erretiratu dira aldageletara. Mumbru eta D'Or Fischer geratu dira kazetarien aurrean. «Dinamika, dinamika», oihu egin dio kataluniarrak Roger Grimauri (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 33 urte), aldageletara bidean, txantxetan. Grimau da Bilboko taldean Euroligan eskarmentu gehien daukan jokalaria, eta haren iritziaren bila jo du BERRIA-k Bennett Canturen aurkako atariko erabakigarrian.
Zer moduz dago taldea Fuenlabradan galdu ondoren?
Egoera ez da denok nahiko genukeena, noski. Emaitza onak ez dira iristen, eta etxetik kanpo irabazi ezinik segitzen dugu ligan, etxetik urrun. Oraindik Kopan sartzeko borrokan gaudela da onena, eta borrokan zauden bitartean, eutsi egin behar zaio. Hobeto egon nahiko genuke, denok bezala, baina hauxe daukagu, eta lanean jarraitu behar da egoerari buelta emateko. Ez dugu partidak bukatzen asmatzen, baina ia guztietan garaipena lortzeko aukeran izan gara. Indarra eman behar digu horrek.
Zerk eraman du taldea etxetik kanpoko estatistika txar horretara, 4-6 markara?
Jakingo banu, erantzungo nizuke, baina ez da hain sinplea, hain erraza: ezin da esan honegatik eta horregatik galdu dugu.
Arazo batzuk bistakoak dira, dena den: puntu asko hartzen ditu taldeak, joan den sasoian baino askoz gehiago, eta emandako baloien kopurua ere oso handia da. Ados?
Bai, jakina, baieztapen hori ezin da auzitan jarri. Guk geuk dakigu, lehen-lehenik, baloi asko ematen dugula. Baita defentsan erraztasun asko ematen dugula ere. Prentsak eta zaleek baino lehenago. Horiek bezain garrantzitsua da, nire ustez, ez dugula partida bukatzen asmatzen. Askotan lortu izan ditugu lau, sei, zortzi puntuko aldeak, eta bat-batean, bi erabaki txar hartu, aurkaria gainera etorri, eta halako ezkortasun batek, ezinak inguratzen gaitu. Egoera hori saihestea, edo konpontzen jakitea garrantzitsuagoa dela esango nuke.
Buruko indarraren, konfiantzaren kontua izan liteke?
Izan liteke. Klik bat, zerbait falta zaigu egoerari buelta emateko, baina ez nuke asmatuko klik hori zer den esatea. Defentsa on bat izan liteke, saskiratze bat une jakin batean, baina bultzadatxo hori emango digun xehetasunen bat. Ikaragarri sufritzen ari gara aurretik joan eta minutu pare batean atzetik ikusten garenean. Min handia egiten digute itzalaldi horiek.
Milaka aldiz esan izan da defentsan asmatzen ez baduzu fedea galtzen dela eraso jokoan, eta taldea ez da ondo ari defentsan.
Alderantziz ere bada harremana. Erasoan asmatzen duzula ikusten duzunean kemen handiagoarekin jokatzen duzu defentsan, eta alderantziz. Nik, behintzat, garbi daukat irabazteko defentsan hobetu beharra dagoela, defentsarik gabe jai dagoela.
Euroliga hasi bezperan Top 16 lortzeko moduko helburua zela esan zuten taldeko arduradunek, eta mezu hori zabaldu zuen prentsak. Hilabete eta erdi pasata, begi bistakoa da Euroliga lehiaketa zaila dela, Top 16a helburu zaila dela. Zer diozu?
Nik iritzi guztiak errespetatzen ditut. Kazetariek nahi duzuena idazteko askatasuna duzue, baina idatzitakoa eta lortzen dena ez dira bat etortzen sarri. Hortik aurrera, nire iritzia Euroligaren inguruan ezjakintasun handi samarra dagoela da. Esan nahi dut, nork pentsatzen zuen orain dela bi hilabete Cantu ematen ari den maila emango zuela, multzoko lau onenen artean sartzeko hautagaia zela? Inor gutxik. Nancyrekin ere antzeko azterketa egin zela uste dut. Batum taldean zegoela, eta Batum gabe ere, joan den astean hemen ikusi bezala. Frantziako saskibaloia eta Endesa Ligakoa zeharo ezberdinak dira. Haiek azkar jokatzen dute, eraso laburrak, oldarkorrak dira defentsan, oso indartsuak fisikoki, eta joko horretara moldatzea, joko hori ezeztatzea, ez da erraza. Multzoa oso parekatua da, eta gauzak dauden bezala egonda, Top 16a jokatzeko aukera izatea baloratu behar da. Gu laugarren postuan gaude, barruan oraingoz, eta horri eutsi behar zaio nola edo hala.
Cantu dator gaur. Bederatzi puntugatik galdu zenuten han, talde ona da.
Eta Baskonia hankapean ibili zuen minutu askotan joan den astean. Gu ere eroso menderatu gintuzten Italian. Zer nahi duen eta nola lortu nahi duen dakien taldea da, aurkariaren ahuluneei etekina ateratzen iaioa.
Garaipena eta puntu aldea, posible al dira biak?
Aurrena garaipena eta gero gerokoak. Puntu aldea garrantzitsua da, baina garaipena gehiago.
Gianluca Basile lagun zaharraren aurka jokatuko duzu berriro. Ondo ezagutzen duzu, eta badakizu oso jokalari arriskutsua dela.
Urtetan entrenatu naiz berarekin, eta sekulakoa da. Capo Cannonieri deitzen diote bere aberrian (saskiratzaile onena), esan beharreko guztia esanda dagoela uste dut.
Gaur-gaurkoz, zer irudipen duzu Top 16aren inguruan? Barruan edo kanpoan ikusten duzu taldea?
Ez dut horretan pentsatzen, Canturen aurkakoan bakarrik baizik. Asko geratzen da: hiru jardunaldi, hamabost partida, eta denetarik gerta daiteke. Partida bat edo bi irabazten dituzu jarraian, eta multzo burua lortzen duzu. Bat edo bi galdu, eta infernuan zaude. Oso litekeena da azken jardunaldian erabakitzea dena.
Eta egoera horretan, Baskonia Miribillara datorrela, zer?
Ez dakit, eta ez dut sobera pentsatu nahi. Ez naiz ni izango Top 16a Baskoniari etxean irabazita lortuko dugula salduko duena. Azken egun horretan barruan egotea da asmoa, edo, txarrenean, barruan egoteko aukera edukitzea.
Zer moduz ari zara moldatzen zu? Aldaketa handia izan da: taldea, hiria, ohiturak…
Erraz ez. Urte asko egin ditut Katalunian, eta azken lauak beti gauza bera egiten, errutina berberarekin: joko jakin bat, lan saio jakin batzuk, prestakuntza tekniko eta taktiko jakin bat… Orain berria naiz eta ni naiz moldatu behar duena. Eskarmentu handi samarra daukat, eta tamainako aldaketak hobeto onartzen jakin beharko nukeela pentsatzen dut, baina kantxan gogotsuegi nabilela esango nuke, gauza asko ondo egiteko grinarekin. Denak ondo egitea ez da posible.
Nabaria da asteek aurrera egin ahala zure jarduna hobetzen ari dela. Ados?
Lasaitu naiz ni ere, pausoa hartu diot hiriari, bizimoduari. Taldeak nigandik zer nahi, behar duen ikasten ari naiz pixkanaka, eta horregatik hobetu da nire jarduna. Blokeoak eta jarraipenak, jokaldiak, gero eta errazago egiten ditut, eta gehiago gozatzen ari naiz. Funtsezkoa da hori.
Bartzelonan denetarik egiten zenuen jokalaria izan zinen: defentsa, erreboteak, bizitasuna… Bilbon ere antzera izango da?
Ni berria naiz hemen, eta lanerako nator, eskatzen didatena egiten saiatzera. Josh Fisher ispilu ezin hobea da niretzat. Bera kantxaratzen denean denetarik egiten du, eta antzera egin nahi nuke nik ere.
Miribillatik kanpo, zer moduz Bilbon?
Gero eta hobeto. Lehen hilabetean hotel batean egin nituen egun batzuk, baina etxebizitza lotu ondoren askoz hobeto. Emaztea eta Joel eta Vega seme-alabak gurekin daude, eta gustura bizi gara, Euskadi enparantzan. Eguraldiarekin geunden apur bat kezkatuta, Bartzelonan baino nabarmen txarragoa eta freskoagoa delako, baina zortea izaten ari gara oraingoz. Janariaren inguruko gauza on guztiak baieztatu dira guretzat bi hilabetetan, eta kalez kale lasai-lasai ibiltzea falta zaigu orain, hiria hobeto ezagutzeko. Bilbo paradisu baten parekoa da guretzat. Jendeak adeitsu agurtzen nau kaletik, eta pozgarria da hori.
Bilbon ezustekoa izan zen zure etorrera. Zuretzat?
Egia esaten badut, ez. Bartzelonatik irtetekotan Bilbon buka nezakeela pentsatzen nuen. Feeling berezia daukat hiri honekin. Hemen jokatu zen Kopa irabazi nuen Bartzelonarekin, ekainean ere liga txapelketa Bilbo Basketen aurka, eta badauzkat lagun on pare bat, oso abertzaleak, Bilbora etorri behar nuela esan eta esan ari zirenak. Eta hona etorri naiz.
Roger Grimau. Gescrap Bizkaiako jokalaria
«'Klik' bat falta zaigu egoera aldatzeko, baina ez dakit zer den»
Zaleek eta prentsak diotenarekin bat dator: «Nik ere badakit emandako baloiak eta defentsa txarra direla arazoak». Euroligaren zailtasunaren inguruan ezjakintasun handia dagoela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu