Aberatsak izaten dira Andy Pankorekin egiten diren hitzorduak (Harrisburg, AEB, 1977). Izaeraz aspergarri samartzat jotzen du bere burua, eta, agian horregatik, elkarrizketa gehienek luze jotzen dute. Galdetzen zaion guztiari erantzuten dio. «Eta zintzo. Pertsona ona naiz, sentitzen dudana botatzen dut». Bakarrik dago Donostian. Eryn emaztea eta Roman eta Reya seme-alabak Hersheyra joanak dira oporretan, AEBetara. «Aste Santuan eguraldi txarra egin behar zuela ikusi zuenean hartu zuen hegaldia emazteak. Zer egin behar dut hemen bi umeekin eta euria goian-behean? Erotu? Kanporaketak hasten direnean bueltatuko dira, maiatzean». Ostegun eguerdia. Cola-cao bat eskatu du jokalariak kafetegian: «Kafe asko hartu dut goizean!».
Atsedena eduki duzue goizean, aprobetxatu al duzu?
Ez. Euria ari du, eta etxean egon naiz, lasai-lasai. Pare bat elkarrizketa ditut orain; bazkaldu, eta familiarekin hitz egiten pasatuko dut eguna.
AEBetan daude.
Bai. Orain astebete joan ziren, Aste Santuko oporraldia pasatzera. Han geratuko dira maiatza arte, eta kanporaketak hasten direnean itzuliko dira.
Haien falta sumatuko dituzu, noski.
Bai, baina horretarako dago Skype. Egunero hitz egiten dut eurekin, une oro ia, eta horrek samurragoa egiten du haien hutsunea.
Ondo moldatzen al zara etxean bakarrik?
Ez dut denbora askorik pasatzen, ez pentsa. Goizean lan saioa, bazkaldu, atseden txikia, eta lan saioa arratsaldean. Gauean nekatuta iristen naiz. Sukaldean ematen dut denbora gehien.
Euskal sukaldaritza?
[Barrez]. Ez, ez, estatubatuarra: hanburgesak, oilaskoa, xerrak… gauza sinpleak.
Taldeko fisioterpeuta eta medikua haserretu egingo dira.
Badakite narras samarra naizela etxean bakarrik nagoenean; lan saioen aurretik fruta asko jaten dut. Gehiegikeriak orekatzeko.
Buelta eman al diozu igandeko kolpeari?
Bai, baina kosta zait. Kaka. Merezita galdu genuen, horrela aitortu behar da.
Aste Santuko oporraldian bazeundete bezala jokatu zenuten.
Hala da. Alfertuta, gogogabetuta, derrigorrezkoa den tentsiorik gabe jokatu genuen, eta kolpe latza eman ziguten. Murtzia mailari eusteko borrokan murgilduta dago, eta haiek bai, haiek jokatu behar den moduan jokatu zuten. Guk ez. Lau puntugatik bakarrik galdu genuen, halere. Txarrean, hain gaizki ez gaudela erakusten du porrotak.
Bigarrenez geratu zara ligan hamar puntuko langa gainditu ezinik.
Bai. Ni ere oporretan nengoen, nonbait.
Orban txikia zure denboraldi bikainean. 19,4 puntu partidako, ligako saskiratzaile onena, eta balorazioan ere, bigarrena. Joan den denboraldian 12,6 puntu lortu zenituen batez beste. Zergatik onerako aldaketa hori?
Pablo Lasorekin 3 postuan jokatzen nuen, hegalean, eta sasoi honetan, 4 postuan, Sergi Vidal ni baino iaioagoa delako 2-3 postuetan. Lesioek bultzatu zuten Sito Alonso ni 4 postura bideratzen. Lorant min hartuta zegoen, Iaroslav Korolev ere bai, eta ondo etorri zait. Gure jokoa dinamikoa da, bizia, eta 4 postuan nire parekoak baina azkarragoa naiz, normalean, eta etekina ateratzen diot horri.
Zure zenbaki onak bat datoz taldearen martxa bikainarekin. Zein balorazio egiten duzu?
Ba, nik nire lana egiten dudala, eta kluba ondo badoa, jokalari denen meritua dela. Bakoitzak betetzen dugun lana azpimarratu nahi nuke. Joan den sasoian David Doblasek saskiratzeko zeregina zuen. Oraingoan defentsan saiatzeko eskatzen dio Sito Alonsok. Niri puntu gehiago sartzeko eskatzen dit, Baroni hirukoetara ez mugatzeko, Netori barneraketak, Papamakariosi zaintza… Denok barneratuta dugu gure zeregina, eta zeregin hori ondo betetzen dugulako gaude hain ondo.
Zer moduz sentitzen zara erantzukizuna hartzean?
Ondo. Bost urte daramatzat hirian, klubean, eta, eskatzen badidate, prest nago ardura hartzeko. Onean eta txarrean, prest egon behar duzu. Asmatzen duzunean eta kale egiten duzunean.
Dagoeneko urrun geratzen da abendu hasierako 2-8 balantze triste hura. Orduz geroztik 14-4 da zuen balantzea, eta ia-ia lotuta duzue kanporaketak jokatzeko aukera. Barrutik, nola ikusten duzue bolada bikain hori?
Zuloan geundenean esan nuena esaten dut orain ere. Fedea dugu sisteman, konfiantza gure jokoan, gaitasunean, eta gora egin badugu, horregatik da. Baskoniaren aurka galdu eta hurrengo norgehiagokan 23 puntugatik irabazi genuen Badalonan, 17 puntugatik Fuenlabradari etxean, eta 30 puntugatik Kanaria Handian. 2-8 balantzea edukita ere, lur jota dagoen talde batentzat ezinezkoa da emaitza horiek lortzea. Gure fedea sendoa zen, zortzi partida galduta ere, eta sendoa da gaur ere.
Kazetariok eta zaleek zenbakiak egiten dituzte, ditugu etengabe. Zenbat garaipen falta zaizkio taldeari kanporaketetako aukera lotzeko. Zer diozue jokalariek?
Nik ez dut zenbakietan pentsatzen. Erazem Lorbek eta Bartzelona bakarrik ditut buruan (bihar eguerdian jokatuko dute liderraren aurka). Han irabazten saiatzea da erronka. Bi, hiru garaipen behar diren… Ez dut denborarik galtzen horrekin.
Baina azken laurdenetan ikusten al duzu taldea?
Jakina, baina ez dut pentsatzen horretarako zenbat falta zaigun. Kopa jokatu genuen, zortzi onenen artean daramagu bigarren itzuli osoa, puntu gehien saskiratzen duen bigarren taldea gara, 16 garaipen… Azken laurdenak jokatuko ditugula esaten dute datu horiek.
Gerta al liteke joan den sasoian Bizkaiarekin gertatu zen antzeko konturen bat? Alegia, espero ez den talderen batek ligako finala jokatzea?
Zergatik ez? Ez dut uste gu aurkari gisa nahi gaituzten talde asko egongo denik, eta hori seinale ona da guretzat.
Handia litzateke taldeak Europan jokatzeko aukera lortzea.
Sekulako lorpena litzateke. Taldea LEB ligan zegoela iritsi nintzen ni, eta bost urtetan ACB ligan egonkortu eta Europan jokatzea, arrakasta handia da.
Taldean zalantzarik ez dago, baina zure arrakasta are garbiagoa, 34 urte dituzulako.
Bai, baina ez nago zahartuta, fresko sentitzen naiz. Bukaera ez dago urrun, egia da, eta nahi nuke talde handietan sentitzen dena sentitzea, Europako beste talde on batzuen aurka jokatzea.
Donostian izango al da?
Non, ba?
Badakizu kontratua bukatzen zaizula, eta mahai gainean eskaintza asko eta mamitsuak jasoko dituzula.
Hori ere harro egoteko modukoa da. Egia esan, gauza normala da partidako 19 puntu sartzen dituen jokalari batek eskaintzak jasotzea, batez ere Europako liga onenean jokatzen badu.
Gaur-gaurkoz, zer pasatzen zaizu burutik?
Etorkizunari buruz? Ezer ez. Kanporaketak jokatu eta sasoia ahalik eta gehien luzatzea. Kaleratzen gaituztenean ere egongo da denbora nire etorkizunaz mintzatzeko.
Ikurra zara hirian, zaleek maite zaituzte.
Bai, badakit (zale batekin solasalditxoa eduki du). Ea nola azaltzen dudan. 34 urte ditut, eta nire etorkizunari ere erreparatu behar diot. Nire azken kontratua izango da, agian, eta orain lortzen dudan soldata garrantzitsua izango da etorkizuna hobea izateko. Niretzat eta sendiarentzat. Familiak ere zeresan handia du. Gustura daude Donostian, hiri erosoa da, eta mugitzeko erabakia, ezagutzen ez duzun hiri batera joatea ere ez da erraza. Nik, oraingoz, zintzotasuna agintzen dut. Lagun Aroren eskaintza entzungo dut aurrena, beste inorena baino lehen, eta orduan aztertuko dugu egoera.
Donostian geratzeak dirua galtzea esan dezake.
Baliteke. Badakit taldeak aurrekontua handitzeko komeriak izan ditzakeela eta ezin duela zorretan sartu jokalari bati dirutza ordaintzeko. Donostian gera nadin, Biok egin behar dugu ahalegina, klubak eta nik; ea ahaleginak fruitua ematen duen. Dirua garrantzitsua da, baina beste faktore batzuk ere aintzat hartu behar dira.
Zeintzuk?
Vidal, Salgado eta Doblasek kontratua bukatzen dute. Haiek ere taldeko bizkarrezurra osatzen dute, eta haiek taldeei eustea proiektu sendo bat egiteko asmoa dagoela esateko modu bat da. Baronek bi urterako berritu zuen kontratua, erabaki ona da hori. Panko ez da Donostian geratuko proiektua interesgarria ez bada, hazteko borondaterik ikusten ez badu, nahiz eta munduko diru guztia eman.
Euskal Herrian Bilbo eta Donostia ondo ezagutzen dituzu. Zurrumurru batzuen arabera, Gasteiz ezagutzeko aukera izan dezakezu datorren denboraldian…
A bai? (Barrez). Ez nekien ezer. Donostia politagoa da. Benetan, ez dakit zer egingo dudan. Tira, bai, ACB ligan jarraituko dut. Hori ziurra da.
Andy Panko. Lagun Aro GBC taldeko jokalaria
«Klubak eta nik neuk, biok egin beharko dugu ahalegina geratzeko»
Merkatuko jokalari kotizatuenetakoa izango da udan. Ez alferrik, ligako saskiratzaile onena baita. Zintzotasuna agindu du: «Taldearen eskaintza entzungo dut aurrena». Bartzelona eta Erazem Lorbek bakarrik ditu buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu