Osasunako entrenatzailea

Jagoba Arrasate: «Klubak muga batzuk ditu, eta aurten ohartu naiz; kosta egin zait onartzea»

Ekainean bukatzen zaio kontratua Arrasateri Osasunan, eta oraindik ez da hasi agintariekin hitz egiten. Ez dago higatuta, baina, aldi berean, «geroz eta hurbilago» ikusten du bukaera. Sasoi honetan taldeak «errealitate gordinarekin» talka egin omen du.

Jagoba Arrasate. IÑIGO URIZ / FOKU
Jagoba Arrasate. IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko otsailaren 17a
05:05
Entzun

Bulego txikia eta minimalista du Jagoba Arrasatek (Berriatua, Bizkaia, 1978). Horma zurietan arbela baino ez dauka eskegita, eta apaingarri bakarra dauka gela osoan: iazko udan Osasunak Realari irabazitako Euskal Herria txapelaren garaikurra. Ligan txuri-urdinei irabazi ezinik zebiltzan gorritxoak, baina aurreko asteburuan apurtu zuten madarikazioa. Gaur Cadiz hartu nahi dute mendean, Sadarren (16:15, Movistar).

Azken astean bi talde handiren aurka galdu du Realak: Osasunaren aurka lehenik, eta PSGren kontra gero. Ikusi zenuen asteazkeneko partida?

Ikusi nuen, bai. Gogo handia nuen, testuingurua oso polita baitzen: Reala, bere filosofiarekin, Europako talde aberats baten kontra. Lehen zatia oso ona izan zen, baina, kornerrean huts egin, eta hortik aurrera partida asko aldatu zen. Anoetan lortzen badu lehen zatian bezala jokatzea, kanporaketa oraindik zabalik egongo da.

Europako ametsa ez zaio oraindik guztiz zapuztu Realari. Ordea, zuek oso bide laburra egin zenuten. Zenbateraino baldintzatu du horrek sasoi honetako jarduna?

Ez dakit zer neurritan, baina garbi dut baldintzatu egin gaituela. Kanporaketa oso parekatua izan zen, eta kolpe gogorra hartu genuen, multzoen fasean aritzeko ilusioa baikenuen. Sei partida gehiago jokatuko genituen, eta taldearen kudeaketa errazagoa izango zen. Denbora askoan egon gara etsipena guztiz gainditu ezinda. Lehen itzulian nabarmen eragin zigun.

Sasoi irregularra ari zarete osatzen. Anoetako garaipena izan da orain arteko momenturik zoriontsuena?

Izan daiteke. Orain arte, nahigabe dezente izan dugu. Kopan indartsu sentitzen ginen, baina gertatu zena gertatu zen. Superkopan ere, ilusioz joan arren, ezin izan genuen aurrera egin. Hori horrela, Anoetan sufrituta irabaztea, hainbeste urteren ondoren gainera, denboraldiko pozik handienetako bat izan da.

Eroso zaudete sailkapenean; hamabi puntura dituzue jaitsiera postuak. Baina ematen du ez dela nahikoa.

Espektatiben gestioa dago horren atzean. Aurreko sasoia alde batera lagata, sasoi hau ontzat emango genuen denok. Osasunaren ibilbide historikoari begiratuta, oso ondo dago garai honetan 29 puntu izatea edo sailkapenean 11. postuan egotea. Baina zaila da alderaketarik ez egitea, eta, iaz hainbeste gozatu ostean, antzeko denboraldi bat egin nahi duzu. Hara begiratzen du jendeak, eta aurtengoa gutxi iruditzen zaigu.  

Nola eragin dizute orain arteko gorabeherek?

Gure bertsio onenaren bila gabiltza; norberarekin konektatu nahian, alegia. Iazkoari jarraipena eman nahi genion, joko eta estilo aldetik, baina arazo nagusi bat izan dugu: iaz baino askoz ere gol gehiago jaso dugu. Erasoan ere, agian ez dugu horren jokalari eraginkorrik aurkitu hegalerako, eta jokoa birplanteatu egin behar izan dut. Hortik etorri da, adibidez, sistema aldaketa.

Ohi baino hauskorragoak izan zarete, eta deigarria izan da zenbat gol sartu dizkizueten erdiraketa bidez. Zer azalpen du horrek?

Ba, ez du azalpen errazik, uste baitut alde horretatik talde ona izan garela beti. Aurten, ez dakit zergatik, ez dugu hori lortu. Area defendatzen ez gara fin aritu, baina ez da hori bakarrik: segur aski erdiraketa gehiagori eman diegu bide. Aurkaria gehiago estutu behar dugu, ez dezan horren erraz erdiratu. Eta, horrez gain, espazioak hobeto okupatu behar ditugu, eta arreta handiagoa izan.

Huts berberak astea joan eta astea etorri; frustragarria izan behar du teknikariarentzat.

Bai. Eta zalantza egiten duzu: agian ez naiz lana ondo egiten ari, edo mezua ez naiz behar bezala helarazten ari? Edo, beharbada, ez naiz asmatzen ari jokalariekin? Sistema aldaketa, kokapen aldaketa… Entrenatzaileoi gauza asko pasatzen zaizkigu burutik halakoetan. Obsesionatu egiten gara, baina ez da hori modurik onena soluzioak aurkitzeko. Hori bai, oso pozik gelditu nintzen Anoetan emandako irudi sendoarekin, eta ea mugarria den aurrera begira.

«Huts berberak errepikatzean, zalantza egiten duzu, eta obsesionatu egiten zara; ez da modurik onena irtenbideak topatzeko».

Budimirren gol batek eman zizuen garaipena. 11 daramatza jada ligan. Zer dago gol kopuru horren atzean?

Normaltasunez hartu behar da. Aurten denboraldiaurre normala izan du, hemen dagoenetik lehen aldiz. Eta, zorionez, ez dugu udaberrira arte zain egon behar izan, beti garai horretan sartzen baitzituen golik gehienak. Hasieratik ikusi dugu jokalari desberdin bat. Taldearen jokoak izango du eragina, baina prestakuntza fasean egon da gakoa.

Bigarren lerroko jokalariek ekarpen handiagoa egin beharko lukete gol aldetik?

Hala uste dut. Eraginkorragoak izan behar dute. Pozik gaude Budimirren golekin, baita geldikako jokoan sartu ditugunekin ere. Baina aurrelarien atzetik dabiltzanek gol gehiago sar ditzakete. Zailena hori da futbolean, ate aurrean ondo erabakitzea. Hortik etor daiteke hobekuntza erasoan.

Begiratu argazki honi —Osasunak Lehen Mailara igo berritan erabilitako lehen hamaikakoa ageri da, Leganesen zelaian—. Zer pasatzen zaizu burutik?

Denbora arin pasatzen dela. David [Garcia] eta Monca [Moncayola] geratzen dira bakarrik. Garaipen itzela izan zen: 0-1, Chimyren gol eder batekin. Oso eskertuta nago hemen agertzen diren jokalariekin. Oso garrantzitsuak izan ziren gaur egun gauden egoeran egoteko. Poza sortzen dit argazki honek, baina malenkonia apur bat ere bai.

Zer aho zapore utzi dizu Chimyren irteerak?

Normaltasunez hartu dut. Berak erronka berriak behar ditu denbora jakin bat igaro ondoren, eta ikusten zuen Osasunako bere aroa amaituta zegoela. Horren kontra joatea naturaren kontra joatea bezalakoa da. Egoera onartu egin genuen, eta ikusi ea zer aukera zeuden. Denok irabazi dugu, eta zorterik onena opa diogu. Gezur asko esan da haren inguruan. Azken eguneko besarkada izango dut nik gogoan.  

«Askotan, aro bat bukatzeko momentua zein den jakitea izaten da zailena entrenatzaileentzat. Hori nola neurtzen da?».

Aulkian ez da aldaketarik izan. Sei urte daramazu jada Osasunan. Bertan jarraitzeko indarrez eta gogoz ikusten duzu zeure burua?

Arraroa izango da, baina sei urteren ondoren ez dut nabaritzen higadurarik. Sentitzen dut nire amaiera geroz eta hurbilago dagoela, hori bai, normala den bezala, eta horrek momentua bizitzera narama. Gauzak ondo badoaz, hitz egingo dut klubarekin, eta ikusiko dugu zer den onena. Baina, orain, ideiarik ere ez dut zer gerta daitekeen hemendik denboraldi bukaerara bitarte. Ez dakit klubak zer pentsatzen duen. Ez dakit gauzak mahai gainean jartzean zer ondorio aterako dugun. Salbazioa bideratua dugunean hasiko gara hizketan. Gaia naturaltasunez hartu behar da.

Diozunez, ez zaude higatuta. Hortaz, noizbait Osasunatik aterako bazina, zergatik aterako zinateke?

Toki batean ezin zara egon egotearren. Konbentzituta eta energiaz gainezka egon behar duzu. Askotan, horixe izaten da zailena entrenatzaileentzat: jakitea noiz den aro bat bukatzeko momentua. Hori nola neurtzen da? Burua hotz eduki behar da, eta zuzendariekin eta jokalariekin berba egin. Orain ez nago puntu horretan, baina hemendik bi hilabetera agian bai.

Erakartzen zaitu beste talde edo liga batean aritzeko aukerak?

Ez; talde batean nagoenean, talde hori ahalik eta urrunena eraman nahi dut. Orain arte, urtez urte hobeak izan gara, baina egia da aurten errealitate gordinaren kontra egin dugula talka. Iaztik hona ezin izan dugu beste pauso bat eman. Klubak muga batzuk ditu, eta aurten ohartu naiz horretaz. Kosta egin zait hori onartzea, eta buelta ematen ari naiz oraindik.

Pauso handia emateko aukera duzue gaur mailari eusteko bidean, Cadizen aurka. Garaiz zaudete bestelako helburuak planteatzeko?

Oraingoz, ez dugu salbazioaz harago pentsatzen. Cadizi irabazita, helburu hori oso gertu egongo da. Oraindik jardunaldi asko gelditzen dira, eta batek daki beste borroka batean sar gaitezkeen. Baina pausoz pauso joan behar dugu, eta oraindik ez dugu gainditu lehen pantaila hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.