Kokatuz joan daitezen

Athleticek denboraldiko lehen garaipena eskuratu nahi du, Vila-reali irabazita. Reala eta Eibar nor baino nor gehiago arituko dira Zubietan

Realeko Lorena Navarro, baloiarekin, Levanteren kontrako partidan. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Denboraldia ari da pixkanaka martxa hartzen, eta gaurkoa larunbat betea izango da. Izan ere, hiru euskal taldeek jokatuko dute. Athleticek Vila-reali egingo dio bisita (12:00, Dazn), eta Realak eta Eibarrek derbia jokatuko dute Zubietan (18:30, Dazn). Bosgarren jardunaldiko partidak dira. Oraindik oso goiz da helburuak finkatzen hasteko. Liga hasi besterik ez da egin, baina sailkapenean lekua hartzen hasteko garaia da. Zuri-gorriek eta txuri-urdinek gora begiratu nahi dute, eta Eibarrek jaisteko postuetatik ahalik eta aldenduen egon.

Zuri-gorriek gazitik hasi zuten liga. Izan ere, lehen bi partidak galdu egin zituzten. Baina bolada gozoan dira orain, zaleen babesean lortutako azken bi garaipenei esker: 1-0 irabazi zioten Granadari, eta 3-0 Sporting Huelvari. Horri segida ematea da gaur helburua. «Azken batean, irabazteak gehiago nahi izatera eramaten zaitu; eta gehiago nahi izate horrek lehiakorrago egiten zaitu egunerokoan. Oso gustura nago taldearekin. Talentu handiko multzoa daukagu», nabarmendu du David Aznar entrenatzaileak.

Aukera aproposa dirudi horretarako gaurkoak. Izan ere, Vila-realek ez du punturik batu oraindik ligan. Lehen Mailako talde bakarra da egoera horretan, eta azken postuan dago sailkapenean. Nahiz eta aurreko jardunaldian, azken unean galdu zuen Real Madrilen zelaian. «Uste dut partida handia egin zuela. Sailkapenean punturen bat izatea merezi zuen. Partida zaila izango da. Puntu beharrean diren taldeak beti dira arriskutsuak. Baina oso gogotsu gaude. Lehen partida irabazi nahi dugu denboraldi honetan etxetik urrun». Gaurko neurketari begira bi jokalari faltako ditu Aznarrek: Ane Azkona eta Ane Elexpuru. Biak min hartuta daude.

Pazientzia eta faboritismoa

Arratsaldean neurtuko dituzte indarrak Realak eta Eibarrek. Biek galdu egin zuten aurreko igandean: txuri-urdinek 3-0 Bartzelonaren zelaian, eta eibartarrek 0-1 Ipuruan, Granadillaren aurka.

Alejandra Bernabe da berritasun nagusia Realaren deialdian. Ezker hegaleko atzelaria hautatuen artean dago, orkatilan zituen arazoak gainditu baititu. Ana Tejada, aldiz, ez da osatu. Natalia Arroyok argi du ez dela norgehiagoka erraza izango. «Haien aurka jokatu izan dugunean estu hartu gaituzte, batez ere Zubietan. Nire lehen denboraldian galdu egin genuen, eta hurrengoan azken unean irabazi genien».

Nolako partida espero duen galdetuta, hauxe haren iritzia: «Eibarrek jokalari asko pilatzen ditu zelai erditik atzera, eta ondo landu beharko dugun partida izango da. Gola iristen ez bada, pazientzia izan beharko dugu».

Eibarren kasuan, asteazkenean Espainiako Kopako bigarren kanporaketako partida jokatu zuen La Solanaren aurka. 0-1 irabazi, eta txapelketan aurrera egin zuen Yeray Martinen taldeak. Garaipen horrek hauspotuta iritsiko dira, baina baita «zertxobait nekatuta» ere, teknikariak onartu duenez. «Bigarren taldeko jokalari dezenterekin aritu ginen Kopan, eta beste batzuk etxean geratu ziren Realaren aurkako partida prestatzen. Baina egutegi betea izaten ari gara. Dena den, gogotsu gaude, eta oso motibatuta; batetik, puntuen beharra dugulako, eta, bestetik, derbi bat delako. Gainera, etxetik kanpo talde lehiakorra izaten ari gara».

Etxean jokatuta, eta bi taldeen helburuak kontuan hartuta, uste du Realak irabazteko «presio handiagoa» izan dezakeela. «Faboritoak haiek dira, eta horrekin ere jokatu behar dugu». Txuri-urdinei azpimarra hau egin die. «Baloiaren jabetza oinarri hartuta, oso talde dinamikoa da, eta kalitate handia du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.