Koloreek garrantzi eta protagonismo handia izan dute txirrindularitzaren historian, eta askotan balio izan dute taldeak identifikatzeko. Euskal Herrian, azken kolorerik esanguratsuena laranja izan zen, Euskaltel Euskadirena. Euskal txirrindulariek tropelean jarraitzen badute ere, 2012az geroztik ez dago laranjarik tropelean, eta urtetik urtera laranja ez diren kolore batetik bestera dabiltza ordutik. Atzo hasi zen fitxaketa garaia, eta aurten ere egongo da kolore aldaketarik.
Gorka Izagirrek Movistarren urdina utziko du, eta anaia gaztearen alboan ariko da datorren sasoian. Profesionaletan ia beti aritu izan dira elkarrekin, Euskaltelen eta Movistarren. Azken denboraldia, ordea, elkarrengandik urrun egin dute. Datorren sasoirako, Bahrain-Meridara joango da, eta gorriz lehiatuko dira Ormaiztegiko anaia biak. Eduardo Sepulvedak (Fortuneo) hartuko du hark Movistarren utzitako lekua.
Jonathan Castroviejoren (Movistar) zurrumurrua ere argitu dela dirudi. Azken bost denboraldiak egin ditu Movistar taldean, eta datorren urtean Skyko elastiko beltza jantziko du, Chris Froomeren ondoan. 2020ra arteko kontratua sinatuko du Britainia Handiko taldearekin.
Mikel Nievek, ordea, utzi egingo ditu Sky eta beltza. Elastikoa argitu, eta hurrengo sasoian Orica-Scott taldean izango da, Mikel Nievek berak duela egun batzuk irratian aipatu zuenez. Froome bere taldeko liderraren esanetan, Sky taldeak Nievek jarraitzea nahi zuen, baina Oricak egindako eskaintza onegia zen ezetz esateko. Bi urtez sinatuko du leitzarrak, eta Espainiako Vuelta baino lehen egingo du ofizial.
Agur horrek izan lezake beste interpretaziorik, eta hori Mikel Landa beltzez mantentzeko nahia izan liteke. Landaren izena izan da, euskal txirrindularien artetik, udan zeresan gehien eman duena. Punta-puntako txirrindularia dela erakutsi du azken sasoietan. Horren adibide, Giroko hirugarren postua eta Tourreko podiumetik segundo bakar batera gelditu izana. Tourrean esan zuen ez zuela beste inorentzat lanean aritu nahi hemendik aurrera. Beste hainbat talderen eskaintzen artean, Movistarrek taldeburu izatea eskaini diola zabaldu da; baina Skyn jarraitzeko aukera ere mahai gainean dauka fitxaketa sasoi honetako izarrik handienak. Nieveri joaten utzi izanak diru kopuru polita emango zion Skyri, eta Landari eskaintza handia egiteko ahalmena ere bai. Burgosko itzuliaren ondoren hartuko omen du azken erabakia murgiarrak.
Omar Fraileren izena ere ahoz aho ibili da azken bi hilabetean. Gaur egun Dimension Data taldean dago, eta denboraldi bikaina darama gainera. Giroan irabazitako etapak bere izena txirrindularitzaren munduaren puntan jarri zuen, eta orain fruituak jasoko dituela dirudi. Zurrumurruen arabera, datorren urtean urdinez ariko da, eta bi urteko kontratua sinatuko du Astana taldean.
Markel Irizarrek (Trek), Imanol Erbitik (Movistar), Loic Chetoutek (Cofidis) eta Victor de la Partek (Movistar) beste urtebetez jarraituko dute beren taldeetan. Bestalde, datorren sasoirako kolorerik gabe daude, oraingoz, Igor Anton, David Lopez, Beñat Intxausti, Pello Bilbao eta Romain Sicard. Datozen asteetan ikusiko da zein taldetako elastikoa jantziko duten euskal txirrindulariek.
Kolorea aldatuko dute
Fitxaketa garaia hasi da tropelean. Euskal txirrindularien inguruko zurrumurruak argituko dira datozen egunetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu