Joseba Agirre. Athleticeko entrenatzailea

«Koloreekiko sentsibilitatea eta umiltasuna dauzka taldeak»

Joan den udan Athleticen ardura hartu, eta, 25 partida irabazita, ligako titulua eskuratu du bizkaitarrak. Athleticeko jokalarien izaera goratu du bizkaitarrak.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Errespetu handia nion Tenerifeko azken partidari». Baina, zorionez, azken jardunaldiaren atarian irabazi du liga Athleticek. Jokalari bakar bat ez, «multzoa» goratu du Joseba Agirre entrenatzaileak (Ortuella, Bizkaia, 1964).

Aspaldiko astelehenik gozoena izango da, ezta?

Bai, bai. Hasi genuen lan hura amaitu izanaren sentipenarekin jaiki naiz.

Barneratu duzu jada lortutakoa?

Bai... Athleticentzat gauza handia da titulu bat irabaztea. Hilabete askoko lana dago atzean, eta ederra da horrek fruituak ematen dituela ikustea. Zoragarria da norberak egin duen lanari esker hainbeste jende zoriontsu dagoela ikustea. Ohorea da.

Udan iritsi, taldea ezagutzen eta garaipenak pilatzen hasi... Ez zen erraza izango hasiera, ezta?

Ez, ez. Urte askoren ondoren, Lezamara itzuli, eta aldatuta zegoela ikusi nuen. Norberak bere lekua aurkitu behar izaten du hasieran; jendea ezagutuz joan behar izaten da, eta ez da erraza. Baina banekien taldeak kalitate handia eta gogo izugarria zeuzkala. Lanerako borondatea izan dute jokalariek, eta, tira, irabazten hasteak ere egonkortzen lagundu zigun.

Athleticen jokalari multzoaren zer goratuko zenuke bereziki?

Koloreekiko sentsibilitatea eta lanerako umiltasuna.

Bederatzi urte ziren jada titulurik gabe. Iritsi zinenean nabaritu zenuen ezinegona edo antsietatea?

Oinak lurrean eduki behar zirela, kolpe asko hartuta zeudela... horrelako kontuak entzuten nituen batean eta bestean, eta urduritasuna nabaritu nuen. Tituluak ezin zuela ihes egin, dena eman behar zutela... Liga irabazteko irrika zeukaten, eta, asko sufritu ondoren, lortu dugu azkenean.

Eztabaida pil-pilean zegoen, eta 26.000 sinadura bilduta dauzka zale talde batek. Baina, azkenean, ez da izango gabarrarik.

Egunerokoan nabaritu behar da Athleticek emakumezkoen futbolaren alde egiten duen lana; entrenamendu, partida eta bidaia bakoitzean. Zoragarri ospatu genuen atzo [herenegun], eta pozez zoratzen gaude klubak eskatzen diguna egiteko. Goza dezagun titulu honekin, eta ea Kopa irabazteko gai garen gero.

Txapeldunen Liga jokatuko duzue hurrengo denboraldian. Ederra izango da hori ere, ezta?

Zaila eta gogorra izango da hurrengo denboraldia, baina pizgarri askokoa. Zoragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.