Koloreen indarra

Irabazteko aukera gutxi dituela jakinik ere, bero daude Athleticeko zaleak. Xabier Aierdi soziologoarekin hitz egin du Bizkaiko Hitza-k, herritarrak mugiarazteko gaitasun horren arrazoiak zein diren aztertzeko.

jarraia111519.jpg
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko maiatzaren 29a
15:50
Entzun

Zuri-gorriz jantzia dago Bizkaia, Bilbo batez ere. Nonahi, edozein modu eta formatan, baina zuri-gorria da nagusi. Denda eta tabernetako erakusleihoak Athletic goratzeko gune bihurtu dira. Instituzioen eraikin askotan ikus daitezke espresuki jarritako oihal handiak. Bilbao zurekin du idatzia udaletxeko balkoian alderik alde jarria dagoen oihalak. Metroaren egoitza nagusiaren kanpoaldeko oihal zuri-gorri erraldoian, eeeeeeeeeeeeeeeeee ikusten da kalearen edozein aldetik. Zentzugabea dirudi, baina ondo ulertzen dute bilbotarrek mezua: Athleeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeetic!, du idatzirik ertz batean hasi eta bihurgunearen beste alderaino. Bilbo erdiguneko faroletan eskegita daude babestu beharreko koloreak. Autobusak ere, espresuki apaindu dituzte. Eta milaka eta milaka etxebizitzatako balkoiek orokortzen dute zuri-gorriaren nagusitasuna.

Bilbotarrek argi adierazi dute desioa: Athleticek bihar jokatuko duen finala irabaztea amesten dute, eta, helburua zaila den arren, egin dezaketen ekarpena egiteko prest agertu dira. Taldea animatu, afizioa berotu eta Bizkaiko taldearen inguruan sortu ohi den giro berezia pil-pilean jarri dute. Beste ezerk batzen ez duen jendetza bildu du, beste behin, futbol taldeak: aberatsak zein txiroak; alderdi politiko batekoak eta bestekoak; auzo guztietakoak; langileak, enpresariak, langabeak; ezkerrekoak eta eskuindarrak; abertzaleak eta ez direnak. Beste ezerk lortzen ez duen batasuna lortu du, berriz, bihar Bartzelonan jokatuko den partida dela eta. Espainiako Errege Kopa du jokoan Athleticek, eta, azken urteetan jaso dituen desilusioez gain, animatzeko gogotsu dago afizioa. Hala frogatu du azken entrenamendu irekian ere.

Jakina da Athleticen jarraitzaileek pasioz bizi dituztela bere koloreak, sutsu defendatzen dituztela, eta taldearen alde erokeriak egiteko gai direla: bada Bartzelonaraino oinez joatea erabaki duenik; bada espresuki dozenaka pastel eta gozo zuri-gorri sortu dituen gozo dendarik eta andregai jantzi zuri-gorria erakusleihoan jarri duenik; eta bada, Athleticek kopa irabazten badu, 50 euroko balioa duten mila janari saski banatuko dituela iragarri duenik.

Baina zergatik halako zoramena? Nolatan mugiarazten du Bizkaian beste ezerk mugitzea pentsaezina den jendetza? Xabier Aierdi soziologoaren esanetan, badira hori arrazoitzen duten hainbat faktore:

"Aspaldiko" fenomenoa da Bizkaiko taldearen afizioa, haren esanetan; "tradizio handiko taldea da". Duela hiruzpalau hamarkada arte "historikoki garaile" izan dela ohartarazi du, horrek "nolabaiteko miresmenerako oinarri sendoak" jarri zituela, eta mantendu egin dela bizipen hori.

Lehenengo mailatik sekula jaitsi ez izanak asko lagundu du horretan, Aierdiren hitzetan: "Hiru talde soilik mantendu dira beti lehenengo mailan, eta horietako bat da Athletic". Bartzelona eta Real Madril dira besteak. Hori bai, bigarren mailara jaitsiko balitz zaleen harrotasuna ere txikituko litzatekeela iruditzen zaio.

Futbol taldeak atzerriko jokalaririk ez izateak "harrotasun" hori areagotu egiten duela uste du. Baina esan du hori ere ez dela baldintzarik gabekoa: "Ikusiko genuke nola erreakzionatuko genukeen bigarren mailara jaitsiko bagina". Athleticen zaleek etxeko harrobia izatea sutsu goratzen duten arren gauzek okerrera eginez gero defentsa hori aldatu egingo litzatekeela dio."

"Gune komunitarioa"

Sektore, estamentu eta baldintza guztietako herritarrak biltzeko gaitasuna du zaletasunaren arrakastaren beste gakotzat. Taldeak "gune komunitario bat" sortzen duela dio, eta herritarrek behar dutela bestela ez duten halako lotura. "Futbolak gizarte kontraesanak ezabatzen ditu, hierarkiak, klaseak. Pasio kolektiboak sortzen ditu". Eta horrek "lotura afektibo oso inportanteak" pizten ditu.

"Horrelako momentuek ohiz kanpoko zerbait sortzen dute, apartekoa: halako geldiune bat eragiten dute egunerokoan; ohikoa apartatu egiten da, egun ordinarioetan egon daitezkeen liskarrak, ezinikusiak eta gizarte desberdintasunak bazterrean geratzen dira, ezabatu egiten dira, eta elkar ulertzea errazagoa egiten da. Kolore horiek batasun bat sortzen dute, sakralizazio bat, eta ilusio bat ere bai". Egoera bitxiak eragiten ditu horrek, soziologoaren hitzetan: "Hemen elkar gorroto dutenek, Bartzelonan Athletic Hirian topatzen badira, elkar besarkatuko dute, pozarren".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.