Aulkitik begira

Kolpez kolpe

Aitor Manterola Garate.
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Jaso eta eman. Kolpeen bidea horixe izaten da: jaso eta eman. Futbolean ere badute lekurik. Galtzea kolpea jasotzea litzateke; irabaztea, ematea. Kolpe handienak dira bi horiek. Gero, txikiagoak daude. Handien eragile izaten direnak, oso garrantzitsuak. Azkeneko jardunaldian, Espainiako Lehen Mailako euskal taldeen jardunean, kolpe txikiak hartzen jarraitu zuten Osasunak eta Realak, eta azkenean, handia jasota bueltatu ziren Almeriatik eta Vila-realetik. Athletic beste aldean da, eta kolpe bortitza eman zion Herculesi astelehenean San Mamesen, hain ederki jotzen dituen kolpe txiki asko baliatzeari esker.

Erori eta erori. Eta ezin jaiki. Gero eta beherago doa Osasuna. Denboraldi hasieratik egiten ari den okerrak behin eta berriro errepikatzen ari da. Kolpe txiki horietako bat da geldikako jokaldietako jario etenik gabea. Igandean, gola sartu zion aurkariak halako jokaldi batean. Aurreko astean, Jose Antonio Camachok aipatu egin zuen zulo handi hori zuzendu beharra dutela, baina igandean, handitu egin zitzaien zuloa. Aurreko batean azaldu nuen nola zaindu daitezkeen aurkariak geldikako jokaldietan. Osasunak eredu mistoa erabili zuen igandean: jokalari bat zegoen lehen zutoinaren ondoan, baina kanpoaldera jarrita, futbolean motzean esaten zaion lekuan, buruz buru inor zaindu gabe; gainerakoak buruz buru ari ziren Almeriakoak zaintzen. Baloia motzean zegoen jokalari horren ingurura atera zuten etxekoek korner horretan. Han azaldu zen atzetik zetorren Ulloa, bere zaintzailea atzean utzia zuela. Buruz jo zion baloiari, eta bigarren zutoinera bota zuen. Bi kontu jokaldiaz: motzean dagoen horren lana da bere ingurura doazen baloi guztiak urruntzea. Ez zuen lana ondo egin. Eta ez da lehen aldia. Gogoratzen San Mamesen azken minutuan jaso zuen golarekin? Hurrengoan, Camachok jar dezala jokalari garaiago bat hor. Eta bigarren kontua: zutoin bakoitzean jokalari bana jartzea ez da kalterako izaten, eta Osasunak inor ez zuen jarri. Zer eragin dauka gol horretan entrenatzaileari hainbestetan entzuten zaion zorte txarrak?

Opariez haratago. Realari sarritan irauli diote alde zeukan emaitza sasoi honetan. Horra kolpe handiak. Txikiak zein diren zehaztu behar dira, bai baitaude. Denen begietara, igandean, oso nabarmena izan zen bi opari handi baliatu zituela Vila-realek bi golak sartzeko. Inoiz galdu behar ez diren baloi parea galtzearen eraginez jaso zituen bi kolpeak. Horra guztiaren azalpena. Baina sakonean beste zerbait ez ote dagoen iruditzen zait. Bi baloi horiek galtzea bi jokalarien errua da, hor ez da dudarik, baina jakin dudan datu batek buruan neukan ustea sendotu dit: Reala da pase gehien huts egiten dituen bigarren taldea. Aurreneko burutazioa askoren buruan: «Zer txarrak diren». Teknika aldetik, alegia. Eta taktikoki? Eragina baitauka taktikak pase asko galtze horretan. Oso handia, gainera. Idatzi nuen, aspaldi ez dela, Realak ez dituela mugimendu orekatuak egiten baloiaren jabe denean. Horren ondorioa da baloia daukan jokalariaren taldekideak ez daudela ondo kokatuta pasea jasotzeko. Eta bistan da: gaizki jarrita egotearen eraginez, askoz baloi gehiago galtzen dira. Pase gehiago huts egiten dira.

Betiko ezaugarriak. Ederra da Athletic San Mamesen jokatzen ikustea, hain ondo menderatzen dituen ezaugarriak baliatzen dituenean. Astelehenean, kasu: joko zuzenarekin ekiten zion erasoari; berriz ere zelaira jausten den baloia hartzen zuen, gero presio eraginkorrari esker; eta hegaletara jotzen zuen zeharkako jokoa erabiliz, erdiraketak ipintzeko. Zirt-zart eman zion Herculesi. Eraginkorrak dira kolpe txiki horiek, eta aurkaria ito egiten dute. Joaquin Caparrosi leporatzen diote talde zuri-gorriak ez duela jokorik, baina etxean azaltzen dituen ezaugarri horiek zer dira? Futbolean zabalduta dago joko zuzena dela baliabide edo eredu errazena, edonork egin dezakeela. Baina aurretik landu gabe, nekez ateratzen da ondo. Joko zuzena ere entrenatu egiten da. Kolpe handiak kolpe handiekin kateatzen dabil Athletic azkenaldian, eta denboraldi amaieran saria ematen duten lekuan dago sailkatuta orain. Kolpeka segitu behar du orain. Ematen. Eman eta eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.