Oso balio estimatua da gaur egun segurtasuna. Beharbada, topatzen zaila delako, bai lan munduan, bai harreman pertsonaletan, bai negozioetan. Futbolean ere, gutxi dira dohain hori duten taldeak. Zalantzaz beteriko mundua da, aurreikusi ezin daitezkeen faktorez beterikoa. Hori dela eta, zaila da Realaren bolada onak zenbat iraungo duen jakitea, baina gauza bat argi dago: taldeak konfiantza ematen duela. Badakiela zer daukan, zer nahi duen, eta nola lortu behar duen. Fidagarritasun horrek eraman du hiru partida jarraian irabaztera, eta sailkapeneko goiko postuetan sartzera atzo Racing mendean hartuta.
Hasieratik ikusi zen Racingek Reala ondo aztertuta zeukala, goi-goitik oztopatu zituelako atzelariak baloia zutenean, eta hegalak ixten arreta berezia jarri zuelako. Baina kalitatea da futbolaren mamia, eta entrenatzailearen aginduak hankaz gora jartzen dituena. Prietok urrezko baloia jarri zion Llorenteri, eta hondarribiarrak, jokoz kanpokoaren muga-mugan, ez zuen barkatu (7. minutua). Realak aurten sartu duen golik goiztiarrena izan zen, eta norgehiagokari patxadaz aurre egiteko aukera eman zion. Agerian gelditu zen eroso dagoela aurkariak ekimena hartu behar izaten duenean, Anoetan batez ere.
Partida nahiko ondo kontrolatu zuen taldeak hortik aurrera. Oldarkor aritu zen baloirik gabe, Racing estutuz, jokalari batekin baino gehiagorekin sarritan. Eta zelai erdian berreskuratu zuenean min eman zion. Griezmannek esku-eskuan izan zuen bigarrena, baina gehiegi loratu zuen baloia, eta Zurutuzaren zartakoa ozta-ozta joan zen kanpora. Boladaka gozatzeko parada eduki zuten ikusleek, Llorenteren lasterraldi eta desmarkeekin, Zurutuzak gorputza erabiltzeko duen maisutasunarekin, edota Prietoren baloia eramatekogaitasunarekin. Protestarako aukera ere izan zen, baina, epaileak bigarren txartel horia barkatu baitzion Diopi, Zurutuzari eginiko sarrera gogorrean.
Defentsan ere, ez zuen askorik sufritu Realak. Eta kale egin zuenean, Bravo izena duen aingeru guardakoa azaldu zen. Hala gertatu zen Francisek jokaldi bikaina egin eta Arieli opari ederra eman zionean, ezkerrez erremata zezan. Edo Realeko jokalariek lo hartu, eta Diopek area ertzetik jaurti zuenean. Atsedenaldiaren ondoren dena ematera atera zen Racing, eta gehixeago behartu zuen Reala, ordura arte oharkabean igarotako zenbait jokalari, Kennedy eta Munitis, esaterako, agertzen hasi zirelako. Lacenen sarrerak ere mesede egin zion baloiarekin. Baina areara gehiago gerturatu arren, gol aukera bakar bat ere ez zuen sortzen.
Kontraerasoan ondo
Realak kontraerasorako sena garatu duela erakutsi zuen. Behin baino gehiagotan leporatu zaio jokoa gehiegi moteltzea, baina atzokoan, azkar bilatu zuen atea, Griezmann ziztu batean ateratzen baitzen halakoetan. Racingen baloi jabetza engainagarria zen, Realak nahi zuen tokian zuelako partida, eta, itxura guztien arabera, denbora kontua zelako lasaitasunaren gola iristea. Izan ere, gol aukera garbienak, eta ia bakarrak, txuri-urdinenak ziren. Baina, beste askotan bezala, horixe falta izan zitzaien perfekzioa hatzekin ukitzeko: gauzak bere garaian erabakita uztea.
Kontraerasorako hiru abagune eduki zituen, zein baino zein garbiagoak. Horietako bitan, Toñok sekulako geldituak egin zituen. Bestean, berriz, Sarpong bete egin zen baloiarekin. Halakoetan azken minutuetan gorriak ikustea da normalena, aurkariak gertu ikusten duelako puntua, eta itsuan joaten delako bila. Epaileak ere ez zuen lagundu. Baina horretan ere, aldatu egin omen da Reala. Eduki zuen Racingek bere aukera, Francisen bitartez, baina gora joan zitzaion. Gainerakoan, festa giroan amaitu zuten partida bihotzek, kalbariorik gabe.
Konfiantza ematen du
Azkar sartu du gola Llorentek, eta hainbestean eutsi dio emaitzari Realak, bigarren zatian aukera asko huts egin arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu