REALA 2ALMERIA 0

Konfiantza merezi du

Sekulako balioa duen garaipena lortu du Realak zaleen babesean, Almeriari oso kementsu eta joko onarekin aurre egindaBigarren zatian botatako zaparradak partida aldrebestu du, baina Tamudok erabaki du

Ion Ansotegi, berak sartutako gola ospatzen. Antoine Griezmann du atzean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Seguru asko, ez zen bidezkoa Reala zalantzan jartzea, denboraldi honetako ia partida guztietan eman duen itxuragatik. Seguru asko errazegi erortzen gara kazetariok eta zale asko urduritasunean. Epe laburrak agintzen du futbolean, eta epe laburrak zioen azken emaitzak txarrak izan zirela eta funtsezko jokalari batek denboraldi osorako min hartu zuela. Atzo, ordea, aurrerantzean konfiantza merezi duela berretsi zuen Realak, talde nortasun sendoa daukalako, harrotasuna antzematen zaiolako eta, gabezi eta guzti, jokalari zoragarriak dauzkalako, Zurutuza, esaterako. Almeria 11 puntura urrundu du. Hamabi, gol aldea kontuan hartuta.

Partida bizi-bizi joan zen hasieratik. Realak erritmo handia ezarri zion jokoari, Anoetan egin ohi duen moduan. Berezkoa duen joko zuzena pase motz eta azkarrekin uztartu zuen, eta ekimena eraman zuen ia une oro. Hala ere, Almeriak ez zizkion gauzak erraztu. Bazekien eskuin hegala dela arrisku nagusietako bat, eta ondo indargabetu zuen hasieran, Mbamiren laguntzerakin. Prietori kosta egin zitzaion jokoan sartzea. Horretan zerikusi handia izan zuen Jakobsenen markatzeak eta eman zion egurrak. Hala ere, Liga honetako lehen zati txukunenetako bat egin zuen Realak. Jarrera bikaina erakutsi zuen, eta amorratuta aritu zen garaipenaren bila.

Llorenteren hutsunea ez zen batere sumatu. Tamudo batera eta bestera aritu zen, borrokalari, taldekideei aukerak eskainiz. Eta baloi luzeak ondo jaitsi zituen. Azpimarratzekoa izan zen erdilarien mugikortasuna ere. Horri esker, azkar jokatzea lortu zuenean, erraz iritsi zen Reala area ingurura, eta area barrura ere bai batzuetan. Baina azken pasean asmatzea falta izan zitzaion aukera garbiak sortzeko. Griezmannen burukada, eta Tamudo eta Zurutuzak area barruan egindako jaurtiketa bana izan ziren aipagarrienak. Hala ere, gola ez zen iristen, eta Almeriak ere gutxi behar zuen arriskua sortzeko.

Realak baloia galtzen zuen bakoitzean, Piatti, Crusat, Ulloa eta enparauek kezka-marmarra sortu zuten harmailetan. Bravok gaizki urrundutako baloia jaso eta zutoinera errematatu zuen Ulloak, eta Crusatek bi aukera on izan zituen ezker hankarekin. Baina biak gelditu zizkion atezain txiletarrak. Almeriak kornerretan prestatutako geldikako jokaldietan ere gehiegi sufritu zuen Realak. Gainditu gabeko ikasgaia du hor. Baina ekinaren ekinez jarraitu, eta une garrantzitsuan lortu zuen markagailuan aurreratzea atsedenaldia iristear zela. Tamudori iritsi zitzaion baloia, jokoz kanpokoaren mugan, eta bikain loratu zuen Ansotegik buruz erremata zezan.

Primeran etorri zitzaion gola taldeari, atsedenaldian eta bigarren zatiko lehen erdian sekulako euri jasa bota zuelako eta berdegunearen egoera zeharo aldrebestu zelako. Ura pilatu zen zelai guztian barrena, eta ezinezkoa zen baloia behetik eramatea. Pentsa zitekeen Reala hobeto egokituko zela egoera horretara, Almeriak baino joko zuzenagoa egin ohi duelako. Hori uste zuten ikusleek, Zurutuzaren buruz buruko jokaldia ikusi zutenean. Baina hasieran, behintzat, Almeriak hobeto hartu zion neurria zelaiari. Crusat bakarregi agertu zen ezker hegaletik bitan, eta Uchek ez zuen gutxigatik gola sartu.

Lehia bakoitza, loteria hutsa

Tarte horretan Reala errazegi zatitu zen bitan. Almeriako bi hegalekoak eta bi aurrelariak behin baino gehiagotan gelditu ziren bakarrik lau atzelariekin eta Rivasekin. Gorputz eta arima aritu zen taldea, hala ere, baina kemen horrek azkarregi jokatzera eraman zuen batzuetan. Nolanahi ere, ez zen batere erraza jokoa mantsotzea, ezinezkoa zelako baloia nora joango zen asmatzea. Horrek loteria huts bihurtu zituen lehia gehienak, eta Realari ez zitzaion loteriarik komeni.

Hobera egin zuen taldeak pixkanaka, baina luze egiten ari zitzaion bigarren zatia. Kornerrak eta faltak ziren gola sartzeko modurik errazena, eta asko eduki zituen, baina ez zituen aprobetxatu. Bazirudien Zurutuza soilik ari zela eroso jokatzen. Gainera, Goitomen sarrerak mesede egin zion Almeriari. Demidov zelairatu zuen Lasartek, defentsako lerroa sendotzeko, eta, une horretan, hain justu, Tamudok ahoko zuloan errematatu zuen korner batean. Lasaitu ederra guztientzat. Zurutuzaren gola baino ez zen falta garaipena borobiltzeko. Aukera-aukeran izan zuen, baina Alvesek ondo gelditu zuen bere ezkerkada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.