Konfiantzaz gainezka

Real Madrilen kantxan irabazi izanak emandako bultzada baliatu nahi du Baskoniak gaur, etxean Olympiakos mendean hartzeko (21:00)

Julen Etxeberria.
2016ko urriaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bide bitxia egiten ari da sasoi honetan Euroligan Movistar Baskonia —Movistar izango da taldearen babesle nagusia sasoi honetan—. Hiru partida jokatu ditu: bi irabazi ditu, eta bat galdu. Hain zuzen, ustez gorago dauden taldeen aurka lortu ditu garaipenak, Anadolu Efesen eta Real Madrilen kontra. Porrot bakarra, berriz, Kaunasen (Lituania) izan da, itxura batean koska bat beherago dagoen aurkariaren aurka. Denboraldi hasiera honetan, behintzat, zenbat eta indartsuagoa izan aurkaria, orduan eta hobeto moldatzen ari da Gasteizko taldea.

Logika bitxi horri jarraituta, Baskoniak gaur irabazi beharko luke, hura baino maila bat gorago dagoen aurkaria izango baitu bisitari: Olympiakos (21:00). Logika horrek, hala ere, ez du itxura luzaroan iraungo duenik. Inoiz irabaziko dio kontrario apal bati eta inoiz galduko du aurkari indartsu baten aurka.

Sito Alonsok entrenatutakoak konfiantzaz lepo iritsiko dira herenegun Madrilen garaipen bikaina lortu eta gero. Aurrean kontrario klasikoa izango dute, bi taldeak makina bat aldiz aritu baitira elkarren aurka.

Greziako taldean Vassilis Spanulisek jarraitzen du. Haren jardunaren menpe dago taldearena. Fitxaketen artean, berriz, Erick Green joko antolatzaile estatubatuarra nabarmentzen da. Olympiakosek galdu egin zuen estreinakoan Madrilen (83-65), baina irabazi egin ditu hurrengo bi partidak, Anadolu Efesen (90-66) eta Emporioren aurka (91-81). Baskoniak bolada hori eten nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.