Imanol Agirretxe. Realeko jokalaria

«Konfiantzaz helduko gara derbira, baina neurriz kanpo ez»

Denboraldiko lehen garaipena Granadan lortuta, olatuaren gainean daude Reala eta Imanol Agirretxe bera, eta bihar hori baliatzen saiatuko dira Athletici irabazteko. Hori bai, aitortu du partida «zaila eta gogorra» izango dela.

jon eskudero
2015eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Su hartzeko zorian egon da egunotan Imanol Agirretxeren sakelakoa. Ez da gutxiagorako. Bere profesional ibilbidean estreinako aldiz hiru gol sartu baitzituen partida berean, joan den asteartean, Granadan (Espainia). «Zorion mezu pila bat jaso ditut, era guztietakoak, eta kazetariak ere deika ditut egunero. Hori seinale ona da. Oso pozik nago», aitortu du. Pozik dago, batez ere, Realak denboraldiko lehen garaipena lortu zuelako. «Behar genuen», azpimarratu du. Dena den, hankak lurrean ditu 28 urteko aurrelari usurbildarrak. «Granadan irabazita, olatuaren gainean gaude, baina zuhur jokatu behar dugu. Athleticen aurkako derbira konfiantzaz iritsiko gara, baina neurriz kanpo ez».

Realaren sasoiko lehen garaipena zure hiru golek ekarri dute. Nola sentitzen zara?

Izugarri pozik. Ez soilik hiru gol sartu nituelako, baizik behingoz partida bat irabazi genuelako. Behar genuen garaipen bat. Hasi eta buka norgehiagoka osoa jokatu zuen Realak, eta pertsonalki ere uste dut Lehen Mailan izan dudan partidarik onenetakoa egin nuela Granadan. Eroso sentitu nintzen taldekideen artean, parte hartu nuen jokoan, eta golak sartzen ere asmatu nuen. Garrantzitsu sentitu nintzen. Oroitzapen bikaina gelditu zait.

Baloia ekarriko zenuen, ezta?

Bai, bai. Baina ez nuen nirekin hegazkinean ekarri. Izan ere, hain altuera handian lehertzeko arriskua izan ohi du baloiak, eta autoan ekarri zuten. Oraindik ere Zubietan daukat gordea. Ez dakit etxean non jarriko dudan, baina toki bereziren bat aurkitu beharko diot. Elastikoak ehunka dauzkat tiraderatan: taldekideenak, beste taldeetako jokalarienak... Baina baloiak ilusio berezia egiten dit. Espero dut berriz ere noizbait hiru gol sartzea partida berean.

Usurbilen zer esaten dizute herritarrek?

Zoriondu egiten naute. Partida amaitutakoan mezu pila bat nituen sakelakoan, ehundik gora, eta asko lagunenak ziren. Gustura irakurri nituen. Eta kalean ere eskertzen da jendearen zorionak jasotzea. Haiek ere, ni bezala, kontentu daude. Nik asko estimatzen dut jendearen berotasuna.

Arlo pertsonala utzita, hitz egin dezagun Realari buruz. Mugarri izango al da Granadako garaipena?

Futbolean azkar pasatzen dira kontuak zuritik beltzera, eta alderantziz ere bai. Gu nahiko lasai geunden, ikusten genuelako talde ona daukagula. Emaitzak ez genituen lagun, baina aurkariak baino gutxiago ez ginen izan partidetan. Betisen aurka lehen zati txarra jokatu genuen, ados, baina salbuespena izan zen. Horregatik, lasai geunden. Hori bai, beharrezko genuen hiru puntuak lortzea. Iragan denboraldian ere bagenekien talde ona genuela, eta kontuak okertu egin ziren. Orain, Granadan irabazita, lasaiago gaude, baina bide berari eutsi behar diogu. Bestela egoera azkar itzuliko da lehengora.

Zer gertatu zaio Realari hain hasiera txarra izateko?

Ez da erraza azaltzen. Talde guztiek izaten dituzte boladak denboraldian zehar, eta gu hasieran aritu gara oker samar. Zortea ere falta izan zaigu. Geure buruan sinesten genuen, eta joko aldetik ere ez genbiltzan gaizki, baina futbolean emaitzek agintzen dute. Ondo egiten genituen gauzak, baina fruiturik jaso gabe. Granadan kontrakoa gertatu zen. Oso eraginkorrak izan ginen haien ate aurrean. Beraz, lehen ez ginen hain talde txarra, eta orain ez gara hain ona. Hori bai, espero dezagun aurrerantzean gauzak hobeto joatea.

Granadan ikusi zen Realak min handia egin dezakeela kontraerasoan. Ados zaude?

Bai, guztiz. Realak erakutsi du azken urteetan jokalari azkarrak dituela erasoan eta aukera ugari duela kontraerasoan jokatzeko. Granadako partida aurrez aztertu genuen, eta bagenekien haiek baloia atzetik ateratzen saiatuko zirela. Horregatik, presioan fin ibili eta asmatu genuen. Baina beste jokamolde askotara egokitzeko arazorik ere ez dugu. Zuzendaritzak talde ona eta zabala osatu du, eta horrek aukera ematen digu era batean baino gehiagotan jokatzeko. Partida bakoitzaren arabera aztertu beharreko kontua da.

Fitxatutako jokalariekin, beraz, asmatu du Realak?

Oso jokalari onak ekarri ditu, horretan ez dago dudarik. Asier Illarramendi fitxatzea izan da guztietan ziurrena. Lehen ere gurekin egona izaki, bagenekien zer emango zigun, eta ez da ari huts egiten. Oreka handia ematen dio taldeari, eta aurrelariontzat bikaina da hura taldean edukitzea. Granadan begi bistan geratu zen hori. Konfiantza ematen du.

David Moyesek haren izena goraipatu zuen partida amaitzean, baina zurea era bai. Zer esan zizun?

Oso pozik zegoen. Aldagelan azkar igar zitekeen irabazi egin genuela. Jokalarion aurpegiek guztia esaten zuten. Galdu izan bagenu, buruari bueltak ematen hasiko ginen akaso, eta eskerrak irabazi genuen. Uste dut Moyes berak ere lasaitasun handia hartu zuela. Aste honetan igarri da lasaiago gaudela. Athleticen aurkako derbia patxada eta mimo handiz prestatzen ari gara.

Beste konfiantza batekin helduko zarete derbira, ezta?

Bai, baina komeni da konfiantza neurrian edukitzea. Athletic puntu premian dago, baina gu ere bai. Bi taldeok ez dugu nahi bezain ongi hasi denboraldia, eta lehia gogorra aurreikusten dut. Derbiak beti izan ohi dira bereziak eta ezberdinak, eta hutsik ez egitea garrantzitsua izango da. Etxean jokatuko dugu, eta hori baliatu beharra daukagu. Gainera, gure zaleek merezi dute opari on bat.

Zer hartuko zenuke Athleticetik?

Uste dut oso arriskutsuak direla goiko jokoan. Fitxatutako jokalarien bidez indartu egin dute joko hori, eta erne egon beharko dugu. Aduriz, Raul Garcia, San Jose eta abar gertutik zaindu beharko ditugu. Beste era batera jokatzen ere badakite. Guk gure dohainak azaldu behar ditugu, eta gola lehenbizi sartzen duenak asko izango du irabazita.

Zu Athleticen beheko mailetan aritu zara. Zer oroitzapen dituzu?

Urte asko pasatu dira ordutik. Kadete nintzeneko bi urteak egin nituen Bilbon, eta esperientzia aberasgarria izan zen. Asko ikasi nuen. Bai futbolean eta bai bakarrik bizitzen. Niretzat, futbola diziplina zen. Oso oroitzapen onak ditut.

Eta orain Realaren modako aurrelaria zara. Azken bi partidak zeure buruaren aldarrikapen izan al dira?

Inola ere ez. Nik nire lana egin dut, besterik ez. Horretarako jasotzen dut soldata. Egunero daukadan guztia ematen dut Realari ahalik eta gehiena laguntzeko. Jada 28 urte baditut, eta ez dut aldatuko pentsatzeko modua. Urtero aurrelari berriren bat fitxatzen du taldeak, eta hori ulergarria da. Nola ez. Nik neuk ez dut lehiakortasunik behar daukadan dena emateko, baina taldearentzat derrigorrezkoa da postu bakoitzeko bi jokalari edukitzea. Jonathas aurrelari ona da, eta biok izango ditugu aukerak. Lehia sanoa edukiko dugu, eta irabazle Reala aterako da.

Oraingoz, aurrea hartu diozu. Gaizki pasatu al zenuen lehen bi partidetan aulkian geratuta?

Tira, ez nuen uste jokatu gabe egongo nintzenik. Gainera, golik sartu gabe zegoen Reala, hutsean amaitu genituen-eta lehen bi partidak. Hori ikusi eta aulkian egoteak amorrua ematen du. Baina beti egoten dira lesioak eta aldatu beharreko gauzak, eta lasai nengoen. Lehenago edo geroago, banekien aukera iritsiko zitzaidala. Lanean jarraitzea zen sekretua. Eta halaxe izan da. Zurutuzaren adibidea da onena. Deialditik kanpo geratu zen lehen lau jardunaldietan, eta erabakigarria izan zen Granadan. Izugarrizko maila eman zuen. Horrek esan nahi du Realak aulkian jokalari onak dituela nahi duen guztietarako.

Zer eskatu behar zaio Realari denboraldi honetan?

Europa askotan aipatzen da, baina uste dut partidaz partida joatea dela gakoa. Orain Europa helburu jarri eta gero handik urrun bagaude, geure buruaren kontra ariko gara. Denboraldia oso luzea da, eta pazientziaz hartu beharko dugu.

Pazientzia etxean lantzen ariko zara. Zer moduz daramazu aita izatea?

Oso ondo, egia esan. Orain hiru hilabete jaio zitzaigun Maren, eta oso zintzoa da. Ilusio handiarekin gaude emaztea eta biok. Futbolarioi askotan gertatzen zaigu etxera burua makurtuta iritsi beharra, eta halako egoeretan oso lagungarria da alaba ondoan edukitzea. Hari begiratu, eta arazo guztiak ahazten dira. Oso pozik gaude, benetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.