Kontraerasoa: alde eta kontra

Aitor Manterola Garate.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aipatu... eta azaldu. Asteburuko partiden aurreko egunetara joango naiz. Hitz batek jan zidan arreta. Osasunako kideei entzun nien. Baita Realekoei ere. Athleticen ingurukoei ez nien aditu, baina ez zeukaten ezer esan beharrik. Camachok abisua jokalariei: «Ezin dugu baloirik galdu gure areatik gertu, oso arriskutsua da Sporting halakoetan». Alberto Iturraldek, Realeko bigarren entrenatzaileak, Atletico Madrilen arriskuez: «Zitalak dira kontraerasoan». Real Madrilek ere bikain baliatzen du erasoko eredu hori. Jakitun ziren Athleticekoak. Kontraerasoa nola gauzatu behar den ikasi ahal izan dugu gure taldeen partidetan. Kalterako izan bada ere, Osasunaren kasuan izan ezik.



Abiadura eta espazioak. Kontraerasoaren ezaugarri pare bat aipatuko ditut: bizitasuna edo abiadura azkarra, jokalariena eta baloiarena; eta espazio hutsak sortzea -sortuta ez badaude-, betetzea eta baliatzea. Lehenik eta behin, baloia berreskuratu beharra dago, jakina. Eta gero, abiadura biziz joan aurkariaren atera. Jokalari azkarrekin errazagoa da. Baloia oinetan itsatsita eraman daiteke, edo paseen bidez joan aurrerantz; pasea emateko aukera badago, komeni da itsatsita ez eramatea baloia, pasea lehenetsiz. Denbora ez galtzeko. Espazio hutsa, jokalaririk gabea, handia izaten da. Eta handia ez bada, handitu egin behar da. Nola? Beste espazio batera eramanaraziz aurkaria, hasierako espazio hutsa handiagoa egiteko, edo espazio betea husteko. Osasunaren golean ezaugarri horiek denak bete ziren. Baloia berreskuratu eta gero, zenbait jokalarik ukitu zuten baloia, eta inork ez zizkion baloiari bi ukitu baino gehiago eman. Horra abiadura. Zelaiaren ezkerraldetik joan zen Masud. Bakarrik. Baina bakarrik zegoen, baloia eskuinaldera, beste aldera eraman zutelako lehenago. Kontrako aldera, hain zuzen. Espazio hutsak sortu, bete eta baliatu. Bikaina izan zen jokaldia. Eredugarria.



Erraztasunen ondorio. Osasunaren golean Sportingek zerbait gehiago egin zezakeen edo ez beraiek aztertuko dute. Espainiarren gauza bera egin beharko dute Athleticek eta Realak. Kontraerasoan min egin zieten Madrileko bi taldeek. Real Madrilen bigarren gola bikaina izan zen, artelana. Eredugarria hori ere. Baina ezin da ukatu Athleticek erraztasun dezente eman zizkiola. Geldikako jokaldi baten ondorengo bigarren baloian hasi zen dena. Han zen Real Madrileko jokalaria, bakar-bakarrik. Ez zen urrun Athleticekoa, baina ez zen joan bigarren baloi horren bila. Nahi zuen bezala jokatu ahal izan zuen aurkariak. Traba gehiago egin behar zion gureak. Aurkariak lehenengo pasea ez ematea ia-ia funtsezkoa da kontraerasoa defendatu behar duenarentzat. Horixe du abiapuntua jokaldiak, eta horixe da bekatu nagusia. Realak ere egin zituen halakoak. Zenbait baloi leku arriskutsuetan galtzeaz gain, taldea gaizki kokatuta zela galdu zituen. Atletico Madrilen bigarren eta hirugarren golak, kasu. Eta Forlan zein Aguero beldurgarri onak dira kontraerasoan.



Bi atzelari gehiago? Athletici eta Realari aldeko geldikako jokaldien ondoren sartu zizkieten bi gol. Jokaldien hasieran, aurkariek jokalari bana utzi zuten goian, eta gureek, bi. Bat gehiago. Hala egin ohi da. Baina bi jokaldietan, atzetik aurrera etorri ziren jokalariek sartu zituzten golak (Cristiano Ronaldok eta Forlanek). Halakoak ez gertatzeko, ez al litzateke hobe aurkariak baino bi jokalari gehiago uztea atzean aldeko geldikako jokaldietan? Agian, Real Madrilen eta Atletico Madrilen kontra, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.