Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: Ligaxkaren analisia

Kontu zaharrak berri

Ezuste onak eta txarrak, jokoaren bizitasunik eza eta arriskuak hartzeko borondate gutxi. Hori izan du ligaxkak. Sasoiaren amaiera izateak ere mesede gutxi egiten du.

Kontu zaharrak berri.
Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Bukatu da Poloniako eta Ukrainako Eurokopako pusketarik mardulena. Multzoen fasea joan da, eta gaur hasiko dira final-laurdenak. Orain arte gertatua aztertzen hasita, ez dago berrikuntzarik aurreko txapelketekin alderatuz gero, izan Eurokopa edo izan Munduko Kopa. Ustekabeak beti gertatzen dira, onak eta txarrak, taldeen artean eta jokalarietan. Jokatzeko bizitasuna ere gutxi ikusi da, eta arriskuak beharrezkoak direnean bakarrik hartzen dituzte taldeek, beste aukerarik ez daukatenean. Horrelako txapelketak denboraldi amaieran jokatzen dira, eta ikuskizunari kalte egiten dio, jokalariak sasoi osoaren zamarekin aritzen direlako.

Ezusteak taldeen artean

Grezia eta Herbehereak

Bi muturretan daude. Bakoitza izkina batean. Greziak txapelketa hasi aurretik aukera gutxi zeuzkan multzoen fasea gainditzeko, eta lehen bi partidak jokatu eta gero, are gutxiago —puntu bakarra zuen—. Baina hirugarren partidan, ezuste galanta eman zuen Errusiari irabaziz (1-0), eta final-laurdenetan da. Greziarekin batera aipatu behar da Txekiar Errepublika ere. Ezustea da lehen fasea gainditzea, baina greziarrek baino zerbait gehiago erakutsi du zelaian.

Beste izkinan, nabarmen, Herbehereak daude. Txapelketa irabazteko faboritoetako bat ziren, baina partida denak galdu dituzte. Galtzea txarra bada ere, emandako itxura okerragoa izan da. Taldeko jokorik gabe, jokalari bakoitza bere aldetik aritu da, eta horrela gertatzen dira gertatzen direnak. Errusiarena ere aipatzekoa da. Lehen bi partidetan erraz aritu zen, baina azkenekoan, ezin izan zuen Greziarekin. Txapelketaren bilakaera ikusita, ezustea da kanpoan geratzea, baina historiari erreparatzen bazaio, halakoak askotan egin dituzte errusiarrek.

Sailkatu direnen artean, Frantziaren maila aipatu behar da, baina ez onagatik. Berez, gehiago eman dezake, eta justu antzean sailkatu da. Ingalaterrak, berriz, itxura on samarra eman du, kontuan hartzen bada zenbat jokalari falta zaizkion lesioengatik eta Roy Hodgson entrenatzailea orain dela hilabete eta erdi eskas arduratu zela taldeaz.

Kanpoan geratu direnen artean, badira itxura ona eman dutenak ere. Kroazia nabarmentzen da hor. Taldea izan da, baina ez zaio aski izan lehen fasea gainditzeko. Danimarkak ere gauza onak erakutsi ditu, baina koska bat edo bi falta zaizkio gorago aritzeko. Aipatu beharrekoa da, era berean, Polonia eta Ukraina Eurokopako bi antolatzaileak kalean direla.

Ezusteak jokalarien artean

Izen berriak

Sekulako jokalariak direnen artean, batzuek kale egin dute, eta hor sartu behar dira Herbehereetako izarrak; batez ere, Robie Van Persie eta Arjen Robben. Multzo horretatik, nabarmendu direnak badaude: Andrea Pirlo Italian, Mario Gomez, Mesut Oezil eta Sami Khedira Alemanian eta Andres Iniesta Espainian.

Gainerakoan, izen berriek hartu dute indarra. Txekiako Vaclav Pilar, esaterako, inor gutxik ezagutzen zuen, eta txapelketa ona jokatzen dihardu. Polonian, Robert Lewandowski aurrelariak partida onak jokatu ditu, eta Eugen Polanski herrikidea ere aipatu beharra dago. Errusian, Alan Dzagoev izan da onena, hiru gol sartuz. Alemaniako Mats Hummels erdiko atzelariak ere sekulako itxura eman du. Danimarkan, Michael Krohn-Dehlik gauza onak egin ditu. Kroazian, Ivan Strinic ezker hegaleko atzelariak bere burua erakutsi du, baita Mario Mandzukic aurrelariak ere, hiru gol sartuz. Ingalaterrako gazte batek ere merezi du aipamena: Danny Welbeck erabakigarria izan da. Ukrainan, Andri Jarmolenko eta Eugen Konoplianka, zelai erdiko bi hegalekoak, txukun ibili dira.

Jokoa

Erritmoa eta arriskua

Beste askotan bezala, lehen fasean apenas ikusi den bizitasunik jokoan. Azkartasunak arriskua esan nahi du, eta hiru partidetan dena jokatu beharrak zaildu egiten du arriskuak hartzea. Jokoa aztertzen hasita, ezaugarri honek adierazten du erritmoarena, besteak beste: oso gutxitan ikusi da talde bat goian presioa egiten. Ia denek nahiago izan dute taldea atzeratu, eta hor hasi defentsako lana. Makaltasuna ekartzen du horrek.

Baloia nahi izateko joera indar hartzen ari da, baina sakontasun gutxirekin. Jokalariek oso gutxitan ematen diote baloia taldekideari lehen ukituan. Makaltasuna horretan ere. Gero, zelaiak behar bezala ez jartzeak ere eragina dauka. Partida askotan, belarra luze eta ureztatu gabe, edo gutxi ureztatua. Horrela ezinezkoa da baloia azkar mugiaraztea.

Lehiaketa hauek jokatzen diren garaiak ere ez dio asko laguntzen bizitasunari. Denboraldia amaitu berritan izaten dira, eta jokalari gehienek sasoi osoaren zama edukitzen dute hanketan. Ia partida gehienetan, jaitsi egin da erritmoa azkeneko minutuetan, nekearen eraginez. UEFAk hausnarketa egin beharko luke horren inguruan.

Bestelakoan, jokoarekin lotuta eta taldeen jokatzeko moduez, deigarria izan da Italiak lehen bi partidetan erabili zuen marrazkia, erdiko hiru atzelarirekin. Berritik gutxi duena, bide batez esanda. Baina beste guztiak bezala, eraginkorra dena, ondo landu eta eginez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.