Osasuna

Kontuen Ganberak egiaztatu du egun Osasunak 20 milioi zor dizkiola Foru Ogasunari

Parlamentuak agindutako txostena kaleratu berri du Nafarroako Kontuen Ganberak, eta futbol taldearen zein Ogasun departamenduaren harremanak eta zorraren bilakaera aztertu ditu

Sadar estadioaren kanpoaldea. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko uztailaren 30a
12:54
Entzun

Osasuna futbol taldea salbuespenezko zergaduna izan da Nafarroako foru Ogasunarentzat azken hamarkadan. "Dirutan eta epetan, zergen atzerapen gehien duen zergaduna da". Halaxe ondorioztatu du gaur goizean kaleratutako txostenean Nafarroako Kontuen Ganberak.

2005etik aurtengo urtera bitartean, urtetik urterako zergen ordainketak atzeratzen joan da Osasuna. Guztira, atzerapenen kopurua 98,8 milioi eurokoa izan da. Kontuen Ganberaren araabera, kirol erakunderen batek zergetan zorrik ez zuela eskatzen zionean, Osasuna Foru Ogasunarekin harremanetan jartzen zen atzerapena eskatzeko. Horretarako bere ondarea aurkezten zuen berme gisa.

Kontuen Ganberaren arabera, Ogasunak atzerapenok "araudiaren barruan" egiten zituen, salbuespenezko printzipioaren baitan: atzerapenok onartzen zituen beste aukerak okerragoak zirelakoan -hau da, ezer ez kobratzea edo Osasunaren ondasunak hartzea-. Ez du uste ezta ere eroskeria deliturik edo bestelakorik egin duenik Foru Ogasunak.

Osasuna atzerapenok ordaintzen joan da, eta azken hamar urteotan 49,5 milioi euro ordaindu ditu; hau da, Ogasunari zor zionaren erdia.  Hala ere, 2014ko abenduaren 31era arte, 52,8 milioi euroko zorra geratu zitzaion, horietatik 6,5 milioi euro zorrak berak eragindako interesei eta gainordainei dagozkie.

Kontuen Ganberak azpimarratu duenez, azken bi urteetan taldeak esfortzua egin du zorrak ordaintzeko: 2013an 13 milioi eta iaz, Bigarren Mailan izanagatik zazpi milioi euro. Hala ere, Osasunako Batzorde Kudeatzaileak Parlamentura jo zuen irtenbide baten bila eta iazko azaroan UPNk, PPk eta PSNk zorra kitatzeko foru legea onartu zuten.

Balorazioen arteko talka

Kontuen Ganberak lege hori kritikatu du beste zerga ordaintzaileen aurrean "pribilegiotzat" jo daitekeelako. Gainera, zorra kitatzeko formula gisa Osasunaren hainbat instalazio (tartean, Sadar zelaia eta Taxoare) Nafarroako Gobernuaren esku utzi ziren, baina instalazio horien balorazioarekin talka egon zen. Osasunak proposatutako Tasacion y Consultoria etxeak 43 euro millioi eurotan baloratu zituen. Ogasunak, berriz, 35,7 milioi eurotan baloratu zuen. TC sozietateak lur sailak baloratzean bertan babes ofizialeko etxeak egiteko aukera aintzat hartu zuen eta horregatik egon zen alde hori, Ganberaren arabera.

Kontuen Ganberak gaineratzen duenez, Gobernuak ez ditu lur sail guztiak bereganatu, legeak hala zehaztu arren. Taxoareko igerilekua eta kiroldegia hartzen dituen lur saila kanpoan geratu da. Hain justu, sail hori Ogasunak bost milioitan baloratzen zuen eta TC sozietateak, balio txikiagoa ematen zion.

Instalazio hori azkenik jaso ez duenez, Foru Ogasunak uneotan kalkulatzen du Osasunak beste 20 milioi euro zor dizkiola. Zor hori ordaintzeko formuletako bat da telebista eskubideetatik eta jokalarien salmentatik lortu dezakeen portzentajea, baina Kontuen Ganberaren arabera, diru iturri hori "zalantzazkoa" da.

Gainera, Nafarroako Gobernuak 11 milioi euroko abalak eman dizkio taldeari. Kontuen Ganberaren arabera, futbol taldearen finantza egoera kaskarra ikusita, "Foru Ogasunaren egoera kaltetu ahal dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.