Deonise Fachinello. Itxakoko jokalaria

«Kontuz ibili behar dugu; Dinamoko jokalariek inoiz ez dute amore ematen»

edurne elizondo
Iruñea
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Austriako eta Frantziako ligetan aritu eta gero, Itxakora itzuli da oraingo sasoian Deonise Fachinello (Santa Rosa, Brasil, 1983). Kontent da nafarren artean berriz ere. 2007-2008 denboraldian jokatu zuen Itxakorekin, eta hurrengoa Lizarran hasi eta gero, taldea uztea erabaki zuen. Jokalari gisa «lehen baino helduagoa»» dela uste du, eta lortutako esperientziak Itxakori mesede eginen diola ez du zalantzarik.

Zer moduz itzulera?

Hagitz ongi. Kontent nago. Nafarroatik Austriara joan nintzen, eta azken bi urteak Frantzian eman ditut. Itzultzea pozgarria izan da. Taldeko kide guztiek harrera beroa egin didate. Jokalariekin ere harreman hagitz ona dut, haietako anitz ezagutzen bainituen. ABF ligara itzultzeko irrikan nintzen, are gehiago Itxakoren gisako lehen mailako talde batean aritzeko bada.

Polita izan da Austriako eta Frantziako esperientzia?

Bai, bai. Gauza anitz ikasi dudala uste dut. Jokalari gisa orain helduagoa naiz. Esperientziak on egin dit. Txapeldunen Ligan aritu naiz, eta horrek mesede egin dit, ikasteko. Jende anitz ezagutu dut, gainera, eta esperientziak hagitz aberasgarriak izan dira.

Europan ikasitakoa Itxakoren alde baliatzeko aukerak ekarri zaitu Lizarrara berriz?

Nik uste dut baietz. Taldeak horri garrantzia ematen diola. Argi dago Txapeldunen Liga dela gure helburu nagusietako bat, eta horrelako helburu bat duzunean, hagitz garrantzitsua da esperientzia duten jokalariak izatea. Jakin behar baita halako lehiaketek eragiten duten presioari aurre egiten.

Lehen ligaxkako lau partida jokatuak dituzue, eta haietako hiru irabazi eta bat galdu duzue.

Bide onetik ari gara, nire ustez. Lesioek kalte egin digute, baina uste dut, hala eta guztiz ere, gauzak ongi egiten asmatu dugula. Partida zailak izan ditugu, baina ongi aritu gara. Etxetik kanpo, batez ere, lan serioa egin dugu. Etxean Oltchimen aurka galdu genuen. Hala ere, huts hori konpontzeko aukera izanen dugula uste dut.

Lehen aukera izanen duzue Dinamo Volgograden aurka.

Bai. Haien pistan irabazi genuen, baina ezin dugu pentsatu etxean ariko garenez partida irabazita dagoela jada. Kontzentratuta atera behar dugu pistara, eta azken unera arte borrokatu. Ambrosek horixe eskatu digu, partida hagitz garrantzitsua dela argi baitugu denok.

Zer iritzi duzu aurkariari buruz?

Hagitz talde ona da. Gainera, Dinamoko jokalariek inoiz ez dute amore ematen. Azken unera arte borrokatzen dira, eta hori ezin dugu ahaztu. Gauza bera egin behar dugu, eta irabazi. Errusian ongi jokatu genuen, eta etxean hobeki aritu behar dugu.

Errebantxarako gogoz etorriko dira?

Nik uste dut baitez. Errumaniarrei irabazi eta gero, sailkatzeko aukera badute oraindik ere. Hori kontuan izan behar dugu, eta kontuz ibili. Buruan partida bertzerik ezin dugu izan.

Hurrengo ligaxkan sartzea duzue jokoan.

Bai. Hori hagitz garrantzitsua da. Horixe nahi dugu. Hobe da etxean sailkatzea, Errumaniako partidaren zain gelditzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.