Arrauna

Kontxako Bandera ikuslerik gabe lehiatuko da

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, antolatzaileek neurri bereziak hartu dituzte Kontxako aurtengo estropadetarako. Besteak beste, ez bertaratzeko eskatu diete arraunzaleei. 

Kontxako Banderaren aurkezpena, Donostiako udaletxean.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 28a
13:39
Entzun

Iazkoa bezalako irudirik ez da izango aurtengo Kontxako Banderan. Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak arraunzaleei eskatu die estropadak etxean telebistaz ikus ditzatela eta Donostiara ez daitezela joan. «Hainbat usadio egokitu egin behar izan ditugu pandemiaren ondorioz; eta, jakina, Kontxako Bandera ere ez da salbuespena izango. Beraz, arraun denboraldiko zitarik garrantzitsuena ezohiko egoera honetara egokitu behar izan dugu». Jende pilaketak eragozteko, estropada ikusteko prestatuta egon ohi diren eremuak itxita egongo dira: Kaia, Pasealeku Berria, Kontxako pasealekua eta Santa Klara irla. Itsasoan ere aldaketak izango dira; estropada jarraitu nahi duten motor ontziak ezin izango dira Kontxako badian sartu. Horrez gain, ezingo diete traineruei segitu estropadako azken luzean.

Egoera bereziagatik eta lehiaketaren segurtasuna «bermatzeko» xedez, proba guztiak –sailkapen estropadak eta banderako bi jardunaldiak– ordu bat lehenago hasiko dira. Sailkatze estropadak bitan banatu dituzte. Asteazkenean, irailaren 2an, emakumeen hamabost ontzi arituko dira igandean parte hartzeko lehian; ostegunean, irailaren 3an, aldiz, gizonezkoen txanda izango da, eta 24 talde ariko dira. Bi lehia horiek ordu berean hasiko dira, alegia, 17:30ean.

Kanporaketetatik lehen igandera bitartean PCR analisietan arraunlariren batek positibo emango balu, haren taldea kanporatua izango litzateke, eta sailkatze zerrendako hurrengoak ordezkatuko luke. Gehienez, lau ordezkatze izango lirateke. Bestalde, aurreneko igandetik eta bigarren igandera bitartean beste positiboren bat azalduko balitz, euren taldeek ezingo lukete bigarren jardunaldian parte hartu. Murriztu egingo litzateke traineruen kopurua, beraz. Emakumeen estropadak 10:00etan hasiko dira; eta gizonenak, berriz, 11:00etan.

Beste aldaketa bat ere izango da: banderak ez dira Donostiako portuan emango, badian bertan baizik. Talde irabazlearen patroiari soilik emango zaio bandera. Bestalde, Arzallusek jakinarazi duenez, bi kategoriatako zortzi traineruen ordainsariak 85.425 eurora areagotu dituzte. Banderarekin batera, 25.000 euroko saria jasoko du irabazle bakoitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.