Azken batean, Jaurlaritzak emandako argudioari heldu diote beste taldeek Astilleroren parte-hartzea trabatzeko: 99.000 euroko isuna ezarri zien Gasteizko Gobernuak Astilleroko arraunlariei dopinaren kontrako kontrolari uko egiteagatik. Isun hori ordaindu gabe daukate, eta, beraz, Astillerok, klubak, parte-hartzea baduela agertu du Jaurlaritzak, baina arraunlari zehatz horiek ezetz. Arratsaldean hainbat bilera egin dituzte eta azkenean Astillerok ere parte hartuko du sailkatze proban baina antolatzaileek gero neurriak hartuko dituztela jakinarazi du.
Baietz, ezetz. Ez aurrera, ez atzera. Arre eta so. Erotzeko modukoa izan da nahaspila, baina Astilleroren San Jose XIII.a ontziak Kontxako Banderaren sailkatze estropadan arraun egingo du gaur.
Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak (KTE) jarritako erreguzkoa helegitea gaitzetsi eta Astillerorena onartu zuen Donostiako Epaitegiak. Espainiako Klubaren arabera, ez zegoen eurak ez gonbidatzeko arrazoirik, aurreko ekitadietako «ezohiko kasuak» kontuan hartuta.
Eurekin batera, beste 21 talde. Den-denek ilusioa lagun dutela egingo dute kaitik uretarako bide zirraragarria. Baina den-denek ondotxo dakite ontzi gutxi batzuen esku dagoela iraileko aurreneko bi igandeetan badian arraun egiteko baimena ematen duen txartela lortzea.
San Miguel ligakoak dira ontzi horiek. Ligako aurreneko hamarrek dute txarteletako bat poltsikoratzeko aukera gehien. Hondarribiak, Castrok, Oriok eta Pedreñak, faboritoek alegia, sailkatzea lortuko dute okerrik ezean. Kantauriko Itsasoko ontzi indartsuenak direla erakutsi dute denboraldi osoan. Beste hiru txartelen atzetik, ordea, zazpi talde. Sei ziren atzo arte, baina gaur, jada, zazpi dira. Astillero da zazpigarrena. Horrek ere aukera asko ditu. Zergatik? Nola Kantabriako hala Espainiako Txapelketan indartsuena izan zelako. Zergatik? Iazko koadrilari eutsi diolako ia bere osotasunean. Zergatik? Amorratuta irtengo direlako.
Gainerakoak ere amorratuta irtengo dira, baina Arkotek, Cabo da Cruzek, Zarautzek, Urdaibaik, Mecosek eta Zumaiak espainiarrek baino aukera gutxiago dituzte. Bosgarren txartela Astillerorentzat izango da ziurrenik. Bi daude, hortaz, soberan. Lehia ederra espero da.
Sailkatze estropadako marka Urdaibaik ezarri zuen orain bi urte. Itsasoa ezin bareago zegoen, eta Bou Bizkaiak hegan egin zuen (19.04,64). Prebisioek diotenez, haizeak ekialdetik putz egingo du gaur. Ez du itsasoa gehiegi zakartuko, baina metro bateko edo biko olatuak sor ditzake.
SAILKAPEN ESTROPADA
Erlojuaren kontra jokatuko da proba, eta zozketa bidez erabakiko da zein multzotako taldeak irtengo diren aurrena. Era berean, zozketa bidez erabakiko da multzoetako ordena.
Lehen multzoan: Hondarribia, Castro, Orio, Pedreña, Arkote, Cabo da Cruz, Zarautz, Urdaibai, Mecos eta Zumaia.
Bigarren multzoan: Pasai Donibane, Laredo, San Pedro, Isuntza, Getaria, Trintxerpe, Ondarroa, Pontejos, Ur Kirolak, Zierbena, Astillero eta Meira.
Arrauna
Kontxako sailkapen proba 20:30ean jokatuko da, azkenean
Kontxako Banderako sailkatze proba 20:30ean jokatzeko ahaleginak egingo dituela jakinarazi du Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak (KTE). Epaileak Kontxako Banderako sailkapen proban arraunean egiteko baimena eman zion atzo Astillero taldeari. Gainerako talde gehienak, ordea, lauzpabost ezik, erabaki horren aurka azaldu dira eta hainbat bilera egin dituzte arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu