Espainiako Ligaren lehen laurdena beteta, sailkapenean ez da zatiketa handirik egon. Real Madrilek, Bartzelonak eta Vila-realek, sailkapeneko hiru onenek, abantaila ona dute dagoeneko, baina gainerako taldeen artean ez da aparteko alderik ikusten. Athletic hamargarrena da. Baikorra denak gora begiratzen du. Eta, gora begira hasita, Txapeldunen Ligako azken tokia bost puntura dagoela ikus daiteke. Hemezortzi puntu ditu Espanyolek, txapelketa hasierako ezusteko nagusiak. Puntu bat gutxiagorekin daude Europako Liga jokatzeko postuetan daudenak. Gertu, beraz.
Baina, sinestea kosta egiten den arren, Athleticeko jarraitzaileen artean ere badaude zuhurtziaz jokatzen dutenak. Eta zale horiek jaitsierako postuak nola dauden ere begiratzen dute. Ondorioa zera da: Txapeldunen Ligara dagoen distantzia berbera dagoela infernutik hamargarren postura. Horrek irakurketa bat baino gehiago ditu. Baikorrek nahi eta nahi ez irabazi behar dela esango dute; Europara pasatzeko talde apalago baten kontra etxean jokatuta, nahitaez irabazi behar dela. Almeriari irabazteko gai ez den talde bat nekez sailkatuko baita sei onenetan.
Ezkorrak ere baikorrekin bat datoz hiru puntuak eskuratzeak duen garrantzia nabarmentzeko orduan. Baina beheko postuak alde batera lagatzen ez dituztenek jaitsierako postuetan dauden aurkariak lehenbailehen atzean lagatzeko behar diren puntuak direla iritzi diote. Eta zer pentsatzen dute protagonista nagusiek? Joaquin Caparrosek, esaterako, ez dio aparteko garrantzirik ematen sailkapenari. Ez du ez gora ez behera begiratzen. «Oraindik denboraldiaren lehen zatian gaude. Goiz da», esan zuen atzo Athleticeko teknikariak.
Caparrosek ez dio sailkapenari erreparatzen. Hori dio, behintzat. Jokatzea egokitzen zaion neurketari baino ez dio garrantzia ematen. Jakina da astero-astero lan ona eginez gero eskuratutako emaitzak sailkapenean islatuko direla. Horregatik, gaur zortzi Santiago Bernabeun jokatu beharreko neurketaren inguruan galdetuta, ez du dudarik egin: «Almeria, Almeria eta Almeria», esan zuen. Azken finean, bi partidetan hiru puntu baitaude jokoan. Eta Juanma Lillok zuzentzen duen taldearen kontra irabaztea Real Madril mendean hartzea baino dezente errazagoa da.
Horrek ez du esan gura samurra izango denik. Izan ere, Almeria aurkari ezerosoa da. Asko kostatzen zaio irabaztea, baina ez da batere erraza eurak mendean hartzea. Sei aldiz berdindu du sasoia hasi zenetik. Athleticek baditu Almeriaren armiarma sarea gainditzeko armak. Zuri-gorriek gol sena dute. Aukerak sortzen dituzte, eta orain arte asmatu egin dute. Gutxienez gol bat egin dute jokatutako norgehiagoka guztietan. Eraginkorrak diren seinale. Bainagolak egitea ez da nahikoa izan partida guztietan saria eskuratzeko.
Ia gol bi jaso ditu partidako
Zergatia aurkitzea ere ez da zaila: erasoan erakusten ari den indarraren parekoak baitira defentsako gabeziak. Athleticek ia gol bi jasotzen ditu partidako. Larregi da. Eta, beraz, entrenatu eta konpondu beharreko akatsa da. Caparrosek badauka arazoa konpontzeko giltza. Ikasi ezin daitekeen gauza da. Jokalari bakoitzaren baitan dagoena. «Gure helburua defentsan egiten ditugun hutsegiteak konpontzea da. Atea hobetu behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da kontzentratuta jokatzea». Baina lehen minututik azkenera arte adi egotea ez da nahikoa izango. «Gure jokoan konfiantza izan behar dugu. Eta, era berean, motibatuta jokatu behar dugu. Izan ere, neurketa guztiak intentsitate berberarekin jokatzen dituzten taldeek lortzen dute goi mailakoak izatea».
Azken jardunaldietan zaleen aurrean erakutsitako indarrarekin eta eraginkortasunarekin jokatzen ahaleginduko da Athletic, gaur, Almeriaren kontra. Baina ez dago argi zein jokalari erabiliko dituen Caparrosek horretarako. Lesioek eta zigorrek itxuraldatu egin dezakete talde zuri-gorriaren gaurko hasierako hamaikakoa. Jon Aurtenetxek, esaterako, ezin izango du jokatu. Madrigalen txartel gorria ikusi zuen Vila-realen aurka, eta harmailetatik ikusi beharko du gaurko neurketa. Koikili da haren lekua betetzeko hautagai nagusia.
Susaetaren, Toqueroren eta San Joseren parte-hartzea ere ez dago hain garbi. Hirurek dituzte arazo fisikoak. Ez dira lesio larriak, baina, beharbada, ezin izango dute jokatu. San Jose da hiruretatik jokatzeko aukera gehien duen futbolaria. Susaetak jokatzerik ez badauka, David Lopezek jokatuko du eskuin hegalean. Toquerok utzi dezakeen hutsunea betetzeko, berriz, Jon Velez eta Igor Martinez dira hautagaiak.
Kontzentrazioa da giltza
Athleticek etxeko eraginkortasunari eutsi beharko dio gaur Almeriaren kontra, Europako postuetatik gertu jarraitzeko. Irabazteko, ezinbestekoa izango da hobetzea azkenaldian defentsan egindako beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu