Kopiatzeko moduak

Aston Martin 1 Formulako autogileari leporatu diote Red Bulli kopiatu izana, baina talde guztiak etengabe ari dira elkarri begira; beraz, non dago kopiatzearen eta espioitzaren arteko muga?

Fernando Alonso Aston Martineko gidaria, Australiako Sari Nagusiko entrenamenduetan. JOEL CARRETT / EFE.
Laurentzi Garmendia
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
McLarenek Ingalaterran duen lantegitik gertu zegoen fotokopia denda batetik deia jaso zuten Ferrarin 2007an: informazioa konfidentzial gisa markatua zuten dokumentu asko kopiatzeko eskatu berri zuen bezero batek. Ikerketek argitu zuten Ferrariko langile ohi batek informazioa eraman ziela McLarenekoei, eta haiek erabili egin zutela. Urte hartako txapelketako sailkapenetik kanpo utzi, eta 100 milioi dolarreko isuna ezarri zion Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA) McLareni. Inoizko kirol zigorrik handiena da oraindik ere.

«Pozgarria da hiru Red Bull auto podiumean ikustea», esan zuen Sergio Perez Red Bulleko gidariak Bahrainen, 2023ko denboraldiari hasiera eman zion lasterketan. Han zeuden Max Verstappen (Red Bull) eta Fernando Alonso (Aston Martin). Verstappen algaraka hasi zen. Alonsok, berriz, irribarre besterik ez zuen egin. Zer dela-eta Perezen iruzkina? Badu zentzua, eta sakona da.

Aston Martin 2021ean itzuli zen 1 Formulara, Racing Point F1 taldea erosita. Lawrence Stroll Kanadako aberatsak erabaki zuen operazioa, Aston Martinen estrategiaren barnean. Lehenago, Red Bullen babesle izan zen, nahiz eta haiek Renault eta Honda motorrak zituzten. Ondoren, talde propioa izango zuela erabaki, eta Aston Martin F1 eratu zuen. Motorrak, kasu honetan, Mercedes dira. Hau da, garrantzitsuena Aston Martin izena zabaldu, ezagutarazi eta horri etekina ateratzea da.

Helburu horretarako apustu oso serioa egin dute. Agerikoenak orain arteko gidari fitxaketak izan daitezke: Sebastian Vettel eta Alonso, biak ala biak behin baino gehiagotan munduko txapeldun izandakoak. Bigarren gidaria beti Lance Stroll izan da, Lawrenceren semea; ez du inoiz irabazi. Baina gidariez gain, Strollek inbertsio izugarria egin du eraikin berrian, orain artekoa ordezkatuko duen horretan. Azken hogei urteetan McLarenen MTC ikusgarria bakarrik izan da halako hazkundearen pareko. Baina Aston Martinen kasuan berezi egiten duena da 1 Formulan errotuta dauden Williams, Ferrari eta McLaren izan gabe, luzerako apustua egiten ari dela.

Apustu horren hirugarren oinarria ezagutza tekniko eta operatiboa bereganatzeko programa izan da. 2021eko denboraldia hasi eta berehala, taldeak bere altxorretako bat lapurtu zion Red Bulli: Dan Fallows, haren aerodinamikaren nagusia. Adrian Neweyren konfiantza guztia zuen. Ez zen gutxiagorako: 2006an sartu zen Red Bullen, eta, orduz geroztik, beti aerodinamika sailean aritu zen, gero eta ardura handiagoko postuetan. Red Bull Mercedesekin lehia bizian zen urte hartan, eta azken lasterketan lortu zuten titulua. Azken lasterketa horretara arte, bi taldeak lehia teknologikoan ziren, etengabe autoa garatuz. Kostata, Fallows-ek Red Bull uztea lortu zuen, baldintza batekin: sei hilabete baino lehen ezingo zuen beste lan batean hasi. Hala, 2022ko apirilean hasi zen lanean Aston Martinen.

2020an, taldeak Racing Point F1 izena zuenean, goitik behera kopiatu zuen Mercedes autoa. Haien arabera, argazkietatik bakarrik atera zuten informazioa, baina argi dago nolabait Mercedesen informazio konfidentzialera sarbidea izan zutela. FIAk oso zigor ahula ezarri zion, inolako eraginik gabekoa, frogarik ez baitzuen topatu. Iazko Espainiako Sari Nagusian Aston Martinek Red Bull autoaren kopia atera zuen. Inork ez zuen ordura arte urteko auto erreferentea urte berean bertan kopiatu. Urteak aurrera egin ahala, errendimenduak gorantz egin zuen, kontzeptua gero eta hobeto ustiatu baitzuten.

Dan Followsen eragina

Aurten autoak duen maila iaz hartutako ezagutzan oinarritua dago, baina, batez ere, Followsen eraginean. Red Bull autoak beti izan dira aerodinamikan maisu, Fallowsen agindupean. Alonsok ez zuen onartu kopiatu izanaren teoria Bahrainen galdetu ziotenean: «Argi eta garbi ikus daiteke bi autoek alde nabarmenak dituztela», esan zuen. Arrazoi zuen, AMR23 autoak diseinu kontzeptu propio batzuk dituelako. Halere, Red Bulleko Christian Horner eta Helmut Marko kezkati agertu ziren Bahrainen, Followsek ezagutzaz gain, informazioa ere eraman zuelakoan. Frogarik ez zutenez, esan zuten ez zutela bide horretatik aurrera egingo.

Edonola ere, guztiz zilegi da zalantza izatea talde batek araudi aldaketarik gabe hiru segundoko hobekuntza izan duenean, Red Bullen antza duen auto batekin, Red Bulletik datorren goi arduradun baten fitxaketarekin bat eginez. Lehia ez baita bakarra, beste lehia paralelo askotan adarkatzen baita: kirola, teknologia, politika, estrategia... horiek guztiak dominatu beharra dago 1 Formulan irabazteko. Espioitza ere gehitu behar zaie, nahiz eta, ulertzeko moduko arrazoiengatik, apenas nabarmentzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.