PILOTA

Korapiloa estu dago oraindik

Binakako Txapelketako aurreneko ligaxkaren bi jardunaldi falta dira jokatzeko, eta oraindik kontu asko daude argitzeko, hala sailkapenaren goialdean nola behealdean.

(ID_13446747) (Gorka Rubio/@FOKU) 2023-12-22, Arrasate.  Binakako Txapelketako partida Ezkurdia-Tolosa eta Artola-Imaz artean
Ander Imaz, tanto bat ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 9a
05:10
Entzun

Pozik daude enpresak eta pilotazaleak: Binakako Txapelketak azkenera arte eutsiko dio emozioari. Bi jardunaldi falta dira jokatzeko lehen ligaxkan, eta bakar bat ere ez da egongo sobran; erabakigarriak izango dira biak. Kontu asko daude argitzeko oraindik, bai sailkapenaren goialdean eta bai behealdean.

Bikote bakarrak daki ziur zer daukan zain. Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak badakite finalerdietako ligaxka jokatuko dutela. Lehen edo bigarren postuan sailkatuko diren argitzea, hori baino ez da falta, baina horrek ez du aparteko garrantzirik. Astelehenean Tolosan (Gipuzkoa) Aitor Elordiri eta Beñat Rezustari irabazita ziurta dezakete lehen postua. Jokatu gabe ere lor dezakete helburua. Horretarako, atzetik dituzten bi bikoteek galdu egin behar dute bihar: Peio Etxeberriak eta Xabier Erostarbek (Jose Javier Zabaleta ordezkatuko du) Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren aurka, Bilbon; eta Iñaki Artolak eta Ander Imazek Javier Zabalaren (Jokin Altuna ordezkatuko du) eta Julen Martijaren kontra, Iruñean.

Finalerdietako ligaxkarako zuzenean sailkatuko den beste bikotea izan nahi dute bai Peio Etxeberriak eta Zabaletak, bai Artolak eta Imazek. Berdinduta daude, zortzi garaipenekin, baina Aspekoak aurretik dira, tanto alde hobea baitute. Hala ere, bihar gertatzen dena gertatzen dela, azken jardunaldian argituko da dena, bi bikoteek elkarren aurka jokatuko baitute, Iruñean. Lehen itzuliko elkarren artekoan, Baikokoak 22-21 nagusitu ziren Tolosan (Gipuzkoa). Elkarren artean daukaten buruz buruko ezin estuagoaren erakusgarri da. 

Batzuk eta besteak ez daude bolada berean: Artolak eta Imazek azken sei partidak irabazi dituzte; Peio Etxeberriak eta Zabaletak, ordea, hiru irabazi dituzte azken seietatik. Bietako bat zuzenean sailkatuko da finalerdietako ligaxkarako. Besteak, berriz, kanporaketak jokatu beharko ditu. 

Kanporaketetan ariko dira Altuna III.a eta Martija ere, baina ez dakite zer postuan sailkatuko diren. Eta aldea dago hirugarren eta laugarren izan, edo bosgarren eta seigarren: hirugarrenak eta laugarrenak bi aukera dituzte finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko; bosgarrenak eta seigarrenak, berriz, gutxienez bi partida irabazi behar dituzte lau bikote onenen artean sartu ahal izateko. Altuna III.ak eta Martijak bihar bertan lotu nahi dute laugarren postua. Zabala ariko da berriro amezketarraren ordez.

Lau bikote bi garaipenetan

Saltsa dago laugarren postutik zazpigarrenera; bi garaipen baino ez daude: Altuna III.ak eta Martijak sei garaipen dituzte; Peña II.ak eta Albisuk, eta Elordik eta Rezustak, bost; eta Josebak Ezkurdiak eta Xabi Tolosak, lau. Itxuraz, Peña II.a eta Albisu, Elordi eta Rezusta, eta Ezkurdia eta Tolosa lehiatuko dira kanporaketetan aritzeko libre dauden hiru tokietatik bi lortzeko. Arbizuarrak eta anoetarrak dute premia gehien, eta egoera okerragoan dagoen bikote baten aurka ariko dira asteburuan: Unai Lasoren eta Aitor Arangurenen aurka jokatuko dute igandean, Tafallan (Nafarroa). Baikokoak azkenak dira, hiru garaipenekin, eta ia ezinezko dute sailkatzea.

BINAKAKO TXAPELKETA
LEHEN LIGAXKAKO 13. JARDUNALDIA


Bihar, Iruñean (17:15, ETB1)

Zabala-Martija / Artola-Imaz

Bihar, Bilbon (17:15)

Peña II.a-Albisu / Peio Etxeberria-Erostarbe

Igandean, Tafallan (17:00, ETB1)

Ezkurdia-Tolosa / Laso-Aranguren

Astelehenean, Tolosan (16:30)

Elordi-Rezusta / Jaka-Mariezkurrena II.a

14. JARDUNALDIA

Asteartean, Tolosan (17:00)

Altuna III.a-Martija / Peña II.a-Albisu

Otsailaren 16an, Altsasun (22:15, ETB1)

Ezkurdia-Tolosa / Jaka-Mariezkurrena II.a

Otsailaren 17an, Iruñean (17:00, ETB1)

Artola-Imaz / Peio Etxeberria-Zabaleta

Otsailaren 18an, Donostian (17:00, ETB1)

Elordi-Rezusta / Laso-Aranguren

SAILKAPENA

1. Jaka-Mariezkurrena II.a: Bederatzi garaipen.
2. Peio Etxeberria-Zabaleta: Zortzi garaipen.
3. Artola-Imaz: Zortzi garaipen.
4. Altuna III.a-Martija: Sei garaipen.
5. Peña II.a-Albisu: Bost garaipen.
6. Elordi-Rezusta: Bost garaipen.
7. Ezkurdia-Tolosa: Lau garaipen.
8. Laso-Aranguren: Hiru garaipen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.