Asier Zurinaga. Kaikuko patroi ohia

«Kortak saldu egin nau»

Herenegun jakinarazi zion Kortak ez duela Kaikun jarraituko. Ziur dago erabakiaren atzean 'Urdaibai auziaren' inguruan biek eduki dituzten eztabaidak daudela.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ostegun iluntzean, bizitzak ziaboga eman zion Asier Zurinagari (Barakaldo, Bizkaia, 1971). Jose Luis Kortak jakinarazi zion Kaikutik kanpo zegoela. Ez dauka isilik geratzeko asmorik, eta beti bezala, argi eta garbi mintzo da.

Nola iritsi zara Kaikutik kanpo egotera?

Duela aste pare bat Kaikuko presidentearekin egin nuen topo Sestaon, eta normaltasunez jardun genuen datorren denboraldiko kontuez. Esan zidan hil honen 26an joango garela Azkune bodegara bazkaltzera, ohitura baita klubean hori egitea urtero. Galdetu nion ea noiz itzultzekoa zen Korta Patagoniatik, eta esan nion jakingo nuela noiz hasi behar ditugun entrenamenduak.

Ez zizun ezer aipatu herenegun jakin zenuen albisteaz?

Ez. Asteazken goizen deitu zidan, eta esan zidan Kortak nirekin hitz egin nahi zuela klubean hurrengo egunean. Itxura onik ez zuela esan zidan. Dei horretatik herenegun bilera eduki arteko tartea oso gogorra izan zen niretzat. Bidali egingo nindutela hasi nintzen pentsatzen.

Kontatuko al duzu bileraren berri?

Kortak bidali nau, zuzendaritzak babestu baino ez baitu egin. Esan zidan haren erabakiak ezbaian jartzen ditudala arraunlarien aurrean, agintea kentzen ari natzaiola, eta hori moztu egin behar zuela. Kirol arloan gustura dagoela nirekin, baina bestean ez.

Zer erantzun zenion?

Egia dela haren erabakiak zalantzan jarri ditudala, baina bion arteko eztabaida ia denak Urdaibairen auziari buruzkoak izan dira, eta hor egin diot kontra. Uste dut lasaitu egin behar nuela bera, gai hori bakarrik izan duelako buruan, eta esaten nion bere lana zuela gu entrenatzea, eta uzteko gai hori bakean.

Orduan, gai horretan berak bezala ez pentsatzeagatik bidali zaitu?

Berak arrazoitu du diziplina arazoa dela, baina nik neure burua defendatu dut. Berak beti gutxietsi izan ditu bere patroiak, eta nik neure burua defendatu baino ez dut egin. Kortaren eta haren patroien arteko kontua ez da gaur goizekoa. Castron asko eduki zituen: Cristian Garma, Iker Gimeno, Juan Mari Lujanbio, Joseba Arbona, Bikuña eta ni, eta inor ez ginen balekoak harentzat. Arazoa bera izango da, orduan, eta ez patroiak.

Kirol arloan zurekin gustura dagoela esan badizu, beste zerbait dago haren erabakiaren atzean, ezta?

Ez dut berak bezala pentsatzen Urdaibairen auzian. Aurten, asko azaldu naiz hedabideetan, eta berak uste izan du aukera hori baliatu behar nuela Urdaibaikoei egurra emateko. Baina nik errespetua izan dut Bermeorekin, eta han ditudan lagunekin. Askotan eztabaidatu dugu horretaz, eta nik esaten nion ez zegoela taldean buru-belarri sartuta, beste gai hori baino ez duela buruan. Marra askotan gainditu du, eta nik kontra egin diodanean taldearen onean pentsatuz egin dut.

Hainbeste ari zaio eragiten Urdaibairen auzia?

Sasoi erdia entrenatzaile gabe egon gara. Konfiantza galdu dugu bion artean, eta gero gertatu ziren gertatu zirenak. Kontxako Banderaren lehen egunekoa hor dago. Denok onartu genituen gure hutsak, baina berak ez. Adierazpen batzuk egin nituen orduan, eta leku txarrean utzi nuen, bai, baina pentsatzen nuena esan nuen.

Umetatik ezagutzen duzu, eta orain, erabat hautsi al duzue harremana?

Bileratik alde egin nuen, eta zorte ona izateko opatu nion. Ez zen agurrik egon. Kortak arazo bat kendu du paretik, gauzak garbi esaten zizkion berritsua begien bistatik kendu du. Iruditzen zait beste pertsona batzuen aholkua izan duela erabakia hartzeko.

Hori dena egun batetik besterako kontua izan al da?

Ez dut uste. Oso ondo ezkutatu dute Kortak-eta zertan ari ziren. Egundoko kaltea egin didate, garai honetan bidalita, aukerarik ez daukadalako beste norabait joateko, taldeak osatuta daudelako. Hori esan nion berari, baina ez nuela gaizki pentsatu nahi. Hala ere, ni bidali eta ordubetera jakinarazi zuten Cristian Garma fitxatu dutela. Azkarregi ez al da? Gaizki pentsatzeko aukera ematen du.

Eta orain zer egin behar duzu?

Gertatu berria da, eta ez daukat ezer buruan. Lehen aldiz nago garai honetan talderik gabe. Emaztearekin eta alabarekin egoteko denbora gehiago izango dudala pentsatu dut. Datorren astelehenean hasi behar nuen entrenatzen, eta asteburuetan ezingo nuen ezer egin. Orain, libre nago, eta, agian, datorren asteburuan, familiarekin Anbotora igoko naiz, edo Gorbeara, edo hondartzara joango naiz. Orain arte ezin izan dut halakorik egin, urteko ia asteburu denak arraunak hartuta izan ditudalako. Emaztea gustura dago, eta, orain, alabak ez duaita traineruaren txopan ikusiko; orain estropadak ikustera joango gara. Egoera berri batean nago, eta pena ematen dit nire herriko klubean segitzeko aukera eman ez didatelako; pena daukat Kaikuko zaleez oroitzen naizenean.

Egon al zara zaleekin?

Ostegunean Sestaora joan nintzen gurasoei kontatzera, eta zaleek galderak egin zizkidaten datorren sasoiaz. Ez nien ezer kontatu, gurasoen bizilagun bati izan ezik. Eta esan zidan: «Kortaren gauzak, ezta?». Baietz esan nion.

Arrauna uzteko aukera hor dago?

Norbaitek deitzen badit, entzun egingo diot. Baina gero eta gehiago kostatu izan zait hastea, eta hori etxe ondoan egon naizela. Pentsatzen jartzen naiz, eta lehen ere esan dizut: garai honetan erabakiaren berri emanda, nahita egin dutela iruditzen zait, ni klubetik eta arraunetik kanpo uzteko. Beren patroi gisa ez naute nahi, eta ezta aurkari bezala ere. Mediatikoa izan naiz aurten bandera asko irabazi ditugulako, tentel horrek Urdaibairen auzia besterik ez duelako izan ahoan, eta ez dakit jeloskor ez ote den jarri.

Zer gertatuko da Urdaibai auziarekin?

Ez dut uste kluba zigortuko dutenik, inork ez duelako positiborik eman. Agian, presidentea eta entrenatzailea zigortuko dituzte. Ostegunean esan nion Kortari asko izorratzen ninduela datorren urtean taldean ez egoteak, dena irabazteko aukera dagoelako. Hau erantzun zidan: «Beste horiek hor daudela, ez!». Gai horrek pozoituta dauka, beste konturik ez daukalako. Pentsa, Galizian, ikusi ninduen Urdaibaiko batzuekin hizketan, eta putakumea deitu zidan: «Horiek putakumeak dira, eta horiekin hitz egiten baduzu, zuere bai!». Nik erantzun nion bera dela hemen putakumea, bera ez dela inor niri halakoak esateko. Esan nion nire lagunak nire lagunak direla, eta berak ez duela lagunik; eta orain erakutsi du ez dituela. Saldu egin nau. Bera ari da bere burua hondoratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.