Koskorrari begiratzeko astirik gabe

Juan Martinez de Irujo hasia da lau t'erdiko finalerako prestaketa berezia egiten, bere ibilbidean jokatuko duen kaiolako bosgarrena. Buruan jasotako pilotakadak ez dio oinaze handirik sortu eta gau ona pasatu du.

Irujo, Barriolaren aurkako garaipena ospatzen, Astelenan. A. C. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Kopeta alboa pixka bat handituta, baina pozik esnatu zen atzo Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981), hiru aste barru lau t'erdiko bosgarren finala, eta guztira bere ibilbideko hamalaugarrena dena, jokatuko duelako. Herenegungo Barriolaren aurkako partidako bigarren tantoan lokian pilotakada jaso zuen, eta bukatu berritan min handia zuen. Hala ere, gauean, analgesiko bat aski izan zuen loa errazteko. Dena den, ez zuen oinazea erabat kendu. «Oraindik zorabio pixka bat nabaritzen dut, baina ondo nago, larunbatean jokatuko dut, ziur».

Koskorrari begiratzeko denborarik ez du izan Irujok. Aritz Altadill prestatzaile fisikoak atzo ez zion jairik eman, eta dagoeneko lanean hasiak dira finalera begira. «Goizean ez dugu hitz egin ere egin behar izan, plangintza prestatua zuen. Hiru aste gelditzen direnez, honetan oso gogor egingo dugu lan, gero bi izango ditugulako apurka karga murriztu, eta sasoi betean iristeko». Urteak daramatzate elkarrekin, eta prestatzaileak ondo baino hobeto ezagutzen du pilotariaren giharreria.

«Gozamena da aste hau izatea», laburbildu du Iberokoak. Xalaren aurkako larunbatekopartida —ez dago deus ere jokoan— entrenamendurik onena izango da, eta ligaxkako azken astea lasai pasatzea «luxua» dela dio. Ustekabeko luxua, gainera. «Oso zaila da azken partidara sailkatuta iritsita. Ez nuen espero, maila handiko pilotariak geunden». Bosgarren finala du, eta lau t'erdia gustuko ez duen arren, askoren ustez, Olaizola II.a eta Barriolaren aurka inoiz baino hobeto jokatu du kaiolan.Berak ez du hain garbi. «Jendeak memoria txarra du, azkenekoa beti iruditzen zaigu onena. Dena den, egia da aurten beste urte batzuetan baino gehiago entrenatzeko aukera izan dudala. Sanmateoak bukatu bezain laster hasi nintzen, eta zazpi edo zortzi pilotaleku saio egin nituen». Irujok lau t'erdian jokatzea gustuko ez duela jakina da, ez du inoiz ezkutatu. Baina lehen «tortura» zena orain jokamolde eroso bilakatu al da? Ez da hainbesterako. «Entrenamenduaren eragina da. Asko kostatzen zait jartzea eta gehiago entrenatu behar izaten dut». Jokatzeko modua aurkitzeak ere lagundu dio: oso oldarkor. «Saketik arriskatzen dut, eta oso aurrean jarri gero. Saketik falta batzuk egin arren, emaitza ona izaten ari dela uste dut».

Aurkaria, Bilbotik

Ligaxka asteburu honetan bukatuko da, eta Irujok igandean ezagutuko du finaleko aurkaria. Barriolak eta Olaizola II.ak Bilbon jokatuko dute, eta irabazlea finalerako sailkatuko da. Xalak eta Irujok, berriz, Iruñean jokatuko dute, esan bezala, larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.