Horixe da indarrak ondo neurtu eta azken kilometro eta erdian barrua hustutzea; otsoa atzetik segika zuela jakin, eta bi besoak altxatuta helmugaratzea. Orain arteko etaparik gogorrenean, bederatzigarren kilometrorako ihesean joan zen Rui Alberto Faria Da Costa portugaldarra (Movistar). Ingurura begiratu, eta arerio gogor-gogorrak ikusi zituen ihesaldi horretan, Christophe Riblon (Ag2r) Tejay Van Garderen (Highroad), eta Aleksandr Kolobnev (Katuxa) tartean —Xabier Zandio (Sky) ere sartu zen ihesaldian—. Baina zuhur jokatu zuen Van Garderenen eta Riblonen eraso festari erantzuteko garaian. Sufritzen jakin izan zuen Rui Costak, eta orain arteko garaipenik ederrena eskaini zion bere buruari, Xavi Tondo zenari eta Mauricio Soler taldekideari.
Taldeburu argirik gabe, David Arroyorekin, Beñat Intxaustirekin eta Vasil Kiryienkarekin mendateetan saiatzea zen Movistarren helburua. Baina Intxausti eta Kiryienka etxerako bidean dira jada, eta itzalaren lagun izatera ohituta dauden txirrindulariak agertzen hasi dira. Itzalean lan bikaina egiten duten txirrindulari horietakoa delako Rui Costa. Igotzaile fina da, itzuli txikietarako txirrindulari indartsua. Hori bai, atzokoa du bere kirol ibilbideko garaipenik handiena. Suitzako Itzuliko etapa bat eta Portugalgo Erlojupeko Txapelketa irabazi zituen iaz, eta Madrilgo Itzulia aurten. Atzokoaren pareko balentriarik egin gabe zegoen, ordea.
Dena den, Aleksandr Vinokuroven (Astana) joak eta ausardiak itzalean utzi zuten portugaldarraren garaipen bikaina. Hirugarren mailako mendate motz baina gogorrean amaitu zen etapa, baina Croix Saint Robert bigarren mailakoan piztu zen sua. Aurretik bederatzi laguneko taldetxoa sakabanatzen hasita zegoenean, eta atzean bereziki BMC eta Omega Pharma-Lotto lanean ari zirenean, leherketa izan zen tropelean. Ezker aldetik eraso zitala jo zuen Vinokurovek, eta jota utzi zituen Tourra irabazteko faborito guztiak.
Estrategia jokaldi ona egin zuen Astanak, Paolo Tiralongok metro gutxi lehenago jo zuelako erasoa. Italiarrak talde lan zoragarria egin zion kazakhstandarrari. Juan Antoni Flecha (Sky) tartean hartuta, Astanako bikoak egurrean egin zituen Super Besseko magalera arteko kilometroak. 45 segundoko altxor ederra zeukan Vinokurovek bere alde. BMCk ezin zuen murriztu alde hori. Rui Costa aurretik 18 segundora zuela, eta tropel nagusia minutu pasatxora zihoala, liderraren maillotari keinuka hasi zen Astanakoa.
Contadorren ahalegina
Baina azken kilometro eta erdian lehertu zen Vinokurov. %10eko batez besteko aldapa zegoen azken kilometro horretan, eta Philippe Gilberten (Omega Pharma-Lotto) eta Alberto Contadorren (Saxo Bank) erasoak nahikoa izan ziren Astanakoaren ahalegina ezerezean uzteko. Atzo ere saiatu zen espainiarra aurkariak xaxatzen, baina Robert Gesink (Rabobank) bakarrik geratu zen ezinean. Bigarren mailako mendatean geratu zen atzean, eta faboritoekiko 1.08 minutu galdu zuen. Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) laugarren helmugaratu zen, indartsu dagoela erakutsiz.
Atzoko beroketa saioaren ostean, ihesaldietarako etapa aproposa da gaurkoa, bederatzigarrena. Zortzi mendate igo beharko dituzte, eta Saint Flour laugarren mailakoan amaituko da etapa.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Kosta ahala kosta, Rui Costa
Movistar taldeko portugaldarrak irabazi du Tourreko zortzigarren etapa, eta ahalegin antzua egin du Vinokurovek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu