TXIRRINDULARITZA

Kragh Andersenek ezustean hartu ditu esprinterrak

Txirrindulari danimarkarrak bigarren garaipena eman dio Sunweb taldeari aurtengo Frantziako Tourrean. Ez da aldaketarik izan sailkapen nagusian.

jarraia186823.jpg
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 12a
18:17
Entzun

Sailkapen nagusia borrokatzeko lider baten faltan, Sunweb taldeak helburu argi batekin ekin zion Frantziako Tourrari: etapen ehizan aritzea. Bada, bikain ari da lan horretan, bi etapa irabazi baititu jada: joan den ostegunean, Marc Hirsch nagusitu zen hamabigarren etapan, eta gaur, Soren Kragh Andersen gailendu da hamalaugarrenean.

Danimarkarrak helmugarako hiru kilometro falta zirela jo du erasoa. Julian Alaphillipek (Deceruninck-Quick Step) ahalegin bat egin berri zuen, baina ez zuen lortu aurkariak atzean uztea. Eta une nahasi hori baliatu du Kragh Andersenek aurrera egiteko. Esprinterren taldeak ez dira ados jarri, eta horrek erraztu egin du haren lana. Azkenean, hamabost segundoren aldearekin helmugaratu da. Luka Mezgec (Mitchelton) izan da azkarrena tropelaren esprintean.

Sailkapen nagusian, ez dago aldaketarik, eta Primoz Roglicek (Jumbo) jarraitzen du lider, biharko etapa gogorraren zain. Hiru mendate igoko dituzte: aurreneko biak, lehen mailakoak, eta azkenekoa, Grand Colombier, maila berezikoa. Ez da ikuslerik izango azken bi mendateetan.

Van Vleutenen erakustaldia Giroan

Italiako Giroan, berriz, Annemiek van Vleutenek (Mitchelton) lehen urratsa egin du hirugarrenez jarraian lasterketa irabazteko. Herbeheretarrak erakustaldia eman du gaur bigarren etapan. Sterrato-ko hiru kilometroko aldapa gogorra zegoen helmugatik hamalau kilometrora, eta hantxe jo du erasoa. Berehala egin du aldea, eta arazo mekanikoak izan dituen arren, abantaila handiarekin helmugaratu da: 1.16ra atera die Anna van der Breggeni (Boels) eta Katarzina Niewiadomari (Canyon). Sailkapen nagusian, Van Vleutenek 1.18 ateratzen dio Van der Breggeni, eta 1.33 Niewiadomari. Ane Santesteban (WNT) hamabigarren izan da gaur, 4.11ra, eta nagusian, 14. da, 4.59ra. Ainara Elbusto (Costa Dourada), berriz, 26.11ra dago. Bihar hirugarren etapa jokatuko dute, Santa Fiora eta Asissi artekoa, 142 kilometrokoa. Goian amaituko da.

Azkenik, Tirreno-Adriatikoan, Tim Merlier flandriarrak (Alpecin) ezustea eman du, seigarren etapa esprintean irabazita. Simon Yates ingelesak (Mitchelton) jarraitzen du lehen postuan, proba amaitzeko bi etapa falta direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.