Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Kremarik gabe, erreta

Sailkapen nagusirako denborak kontuan hartu gabe, BMCk irabazi du Vueltako taldekako erlojupekoa eta Peter Velits jarri da lider

Kremarik gabe, erreta.
unai zubeldia
2015eko abuztuaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Eguzkiari begira jarritakoan, eman babesa gogotik». Zenbat medikuk eta mediku ez direnek esan ote dituzte antzekoak uda partean. Andaluzia aldean Euskal Herri gehienean baino pixka bat gehiago berotzen du, normalean, eguzkiak, eta, Marbellaraino inguratuta, hondartzara joatea erabaki zuen atzo tropelak. Etzanda egon ziren batzuk, eta hondarretara inguratu ere egin gabe beste batzuk, baina erreta amaitu zuten den-denek. Bezperatik zebiltzan hala. Erlojuak etxean utzita, zentzu askorik ere ez dauka erlojuaren aurka aritzeak, baina nahi eta ezin horrekin hasi da Espainiako Vuelta; itxurak lehiari gaina hartuta.

Hondarretan etzanda jarri eta begira egoteko dotore-dotorea zen ibilbidea. Baina baita bizikleta gainean behar baino pixka bat gehiago estutuz gero anbulantziaren bati deika hastekoa ere. Kare lurra, egurra, goma sintetikoa, marmola... Asfalto pixka bat ere izan zuten ibilbidean, baina talde askok erabaki zuten Vueltako lehen etapako ahalegina hutsaren hurrengora mugatzea. Esplikatzeko zaila da, bestela, profesionaletako lasterketa batean, 7,4 kilometroko tartean, talde batek beste bati 2.15 minuturen aldea atera izana. BMC eta Europcar dira mutur banatan jarri beharreko taldeak.

Profesionaltasuna eta profesionaltasunik eza. Bi multzo horiek aipatuko dituzte askok eta askok, baina ibilbidearen gorabeherak kendu zion indarra lehen etapari. Segundo galerarik gabe —taldekako sailkapenerako soilik hartuko dira kontuan atzoko denborak—, ikuskizunera mugatu zuten lehen eguna. Eta eskerrak talderen batzuk liderraren maillota eskuratzeko tematuta ibili ziren. Jumbori aurrea hartuta, Oricarena izan zen lehen denbora serioa (8.11). Batez besteko altu-altuarekin, balekoa izango zela zirudien. Baina Tinkoff agertu zen hegan, Peter Sagan taldekideei erasoa jotzen ari zela. Arrisku dezente hartu zuen Sagan eta Rafal Majkaren taldeak, eta segundo erdian ondu zuen Oricaren lan bikaina.

Hiru talde gain-gainean

Gainerakoek arriskatuko ote dute? Ez ote dute? Zalantza horrekin mantendu zuen bizitasuna Vueltako estreinako etapak, eta BMCk eman zuen azken kolpea, Tinkoffen denbora segundo eskasean onduta. Azken bihurguneko sua aztertuta, epaileek ez, baina Oricak, Tinkoffek eta BMCk oso kontuan hartu zituzten denborak. Segundo eta erdiko tartea besterik ez zen izan hiru taldeen artean, eta Peter Velitsen (BMC) aurpegia aztertzea nahikoa izan zen emaitzaz jabetzeko. BMCrentzat Marbellako etapa garaipena, eta Velitsentzat liderraren maillota, gainerakoak denbora berean direla.

Estutu zuten Etixxek eta Trekek ere —hamar eta 11 segundo galduta, hurrenez hurren—, eta baita Lottok eta Caja Ruralek ere —hemezortzi segundora—. Baina osorik amaitzera mugatu ziren gainerakoak. 24 segundo galdu zituen Movistarrek; 30 Astanak; 54 Katuxak; 1.11 Skyk; 1.20 Cannondalek; eta 2.15 Europcarrek. Alhaurin de la Torre eta Caminito del Rey artean, bigarren etapa jokatuko da gaur, 158,7 kilometrokoa. Mendiko lehen maillota banatzeaz gain, ikusgarria izango da amaiera. Gogorregia izan gabe, gorako joera daukate azken 3,5 kilometroek, eta, etapa garaipenarekin batera, liderraren maillota izango du opari irabazleak. Gainsarien borroka gehitu beharko zaio, gainera, aldapako azken leherketari. Oso amaiera aproposa da Alejandro Valverde (Movistar), Joaquim Rodriguez (Katuxa) edo Dan Martinen (Garmin) gisako txirrindularientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.