Hautsak dezente harrotu dituzte Bernard Laporte Baionako presidentearen aholkulari ohiak taldea uzteko hartutako erabakiak, haren gibelean Alain Afflelou etxeak taldeari bere babesa kentzeko hartutako erabakiak eta Francis Salagoiti presidentearen erreakzioak Baionan. Egoera oso nahasia da, eta gauza bat eta haren aurkakoa entzun dira han eta hemen. Azalpena merezi duten hainbat kontu daude tartean.
1. Salagoiti klana
Francis Salagoitik hamabi urte daramatza Baionako presidente karguan. Taldea Bigarren Mailan hartu zuen, 600.000 euroko aurrekontuarekin. Hamabi urte iragan direlarik, Baiona Top14an dago, eta haren aurrekontua 16 milioi eurokoa da. Taldearen bilakaeraren oinarrian egon da urteotan. Finantza arloan, oso gestio arduratsua egin du, eta Baionak beti garbi aurkeztu ditu kontuak.
Hala ere, urte hauetan, hainbat kritika jaso ditu. Langileen kudeaketa txarra egitea leporatu diote, hainbat jokalarirekin izandako jarreragatik eta entrenatzailez urtero aldatzeagatik.
Salagoiti ez zen Laporte taldera etortzearen aldekoa. Erabakia inposatu izan zaio, eta bere postua kolokan ikusi duelarik, Laporterekin gehiago ez lan egitea erabaki du. Bernard Laporteren kudeaketa ekonomikoarekin kexu diren hainbat akziodun eta babesleren babesa erreibindikatzen du.
2. Laporte eta Afflelou
Alain Afflelou Baionaren babesle nagusia izan da azken hiru urteetan. Sasoi honetan, lau miloi euroko laguntza eman dio taldeari. Bernard Laporteren etorreraren defendatzaile sutsua izan da.
Laporteren zeregina Baionaren estadio berriaren proiektuan lan egitea zen. Kirol arloan, baina, geroz eta leku gehiago hartu du, definitu gabeko koadro batean. Hainbat fitxaketaren zurrumurruaren oinarrian egon da (Kelleher, Lauki, Jake White entrenatzailea). Salagoitirekin arazoa sortu da, Laportek Baionako presidentetza hartuko zuela iragarri zuelarik. Taldearen egitura juridikoa aldatuz, Laportek zuzendaritza nagusia hartu nahi zuen, Alain Afflelouri zaintza kontseiluaren presidentetza utziz.
Asmo horiek izan dira Francis Salagoitirekin eta babesle zenbaitekin sortu diren liskarren zartatzaileak. Hala ere, Bernard Laporteren hitzetan, taldeko hainbat babesle eta akziodun bere proiektuaren alde dira.
3. Herriko Etxea
Baionak elkarte anonimo baten egitura duenez, Herriko Etxeak inolako eskurik ez du haren erabakietan. Hala ere, leku handia betetzen du klubean Herriko Etxeak. Jean Dauger estadioaren jabea da, eta berak finantzatzen ditu estadioa berritzeko lan guztiak. Horrez gain, urtero 800.000 euroko diru laguntza ematen dio Baionari (baina klubak 200.000 euro ordaintzen dizkio urtero estadioa erabiltzeko). Jean Grenet auzapeza, azkenik, Baionako presidentea izan zen hainbat urtez.
Jean Grenet Bernard Laporteren lagun eta jarraitzaile sutsua da. Haren etorreraren oinarrian dago. Laporte kalera botaz, Francis Salagoiti lehen aldiz Greneten aurka joan da. Herriko Etxean oso gaizki hartu dute Salagoitiren erabakia, eta Laporte taldetik doala prentsaren bidez jakin dutela salatu.
4. Hurrengo kapitulua
Egoera ikusirik, zaleak, babesleak eta taldearen akziodunak zatituta daude. Francis Salagoitik iragarri du igandean administrazio kontseilua bilduko dela, akziodunen biltzar nagusira deitzeko. Biltzar nagusiak Salagoitiren alde egin dezake. Kasu horretan, Laporte eta Afflelou ez dira taldera itzuliko. Salagoiti kalera joanez geroz, baina, berriz Baionara itzultzeko prest dira. Azkenik, baliteke akziodunek Salagoiti taldea uztera behartzea, eta haren ordez beste pertsona bat izendatzea. Michel Cacouaulten izena aipatu da egunotan. Kasu horretan, ikustekoa da Laporte taldera itzuliko litzatekeen ala ez, klubean eta zaleen artean anitzek ez baitute konfiantzarik Laporterengan.
Krisiaren gakoak
Baionak Tolosaren kontra jokatuko du bihar, Anoeta estadio mukuru betean. Top14ko partida garrantzitsu horren bezperan, ordea, taldearen zuzendaritza krisi larrian sartu da, eta etorkizuna ez dago batere argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu