Kromo aldaketa

Moskuko Khimkik nabarmen aldatu du taldea udan, baina berreraikuntza horretan agerikoa izan da ez daukala iraganeko altxortegi oparoa. CSKA ahaltsuaren pare jartzeko erronkari eusten dio, baina lan zaila da hori.

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Kapitalismo basatirantz jauzia egin duen Errusian diru asko mugitu da kirol profesionalean. Futbolean eta saskibaloian, baina saskibaloiaren bitartez lortu du munduaren erdigune izatea. Moskuko CSKA ahaltsuaren bitartez, hain zuzen ere. Mosku hiriburua dagoen eskualdekoa da Errusiako bigarren taldea: Khimki. CSKAri itzal egiten saiatu eta Euroligan koskak igotzeko erronkan murgildu zen duela urte batzuk, baina bidean geratu da. CSKA beldurtu du hango ligan eta kopan, baina Euroligan elitetik at geratu da azken bi denboraldietan, zortzi onenen multzoan sartu ezinik.

Zergatik?, da galdera. Sosak bukatu egin direla, erantzuna. Bukatu edo mugatu. Beste toki guztietan bezala, krisiak gogor jo ditu Errusiako aberatsak ere, eta iraganeko inbertsio handi haiek haizeak eraman ditu. Khimkiko kudeatzaileek itxaropen handia zuten taldearekin joan den denboraldian. Inbertsio handia egin zuten, eta talde polita osatu, baina Baskoniaren azken uneko balentria sineskaitzak eta zorte txarrak zortzi onenen atea itxi zioten berriro.

Erreakzioa berehalakoa izan zen. Sergio Scariolo entrenatzailearen postua bera ere kolokan egon zen, baina italiarra karguan mantentzea erabaki zuten. Aldaketak taldeak izan zituen, eta sakonak. Sakonak, bai, baina eraginkorrak? Ikusteko dago, baina, itxuraz, Khimkik sasoi honetan daukan taldea joan den sasoikoa baino kaskarragoa da.

Imajinazio ariketa bat egin, eta Moskuko Izmailovo merkaturaino bidaia daiteke. Khimkiren jabeak salerosketa lanetan daudela pentsa genezake. Jokalari batzuk saldu, eta beste batzuk erosi. Edo jokalari batzuei kontraturik berritu ez, eta garestiak ez diren beste batzuei kontratua egin. Talde lehiakorra egiten saiatu, baina poltsikoa hustu gabe. Laburbilduz, kromo aldaketa.

Jokalari hauek utzi dute Khimki: Carlos Cabezasek, Paulius Jankunasek, Kelly McCartyk, Robertas Javtokasek eta Timofey Mozgovek. Horietako batzuek irabazi egin dute aldaketarekin. Mozgovek NBAra egin du jauzi, New York Knicksera, eta Javtokasek Valentziara, Euroligako talde batera. Cabezasek duela bi aste lortu zuen lana Zaragozan, Jankunas etxera itzuli da (Zalgiris), eta McCartyk sosen alde egin du Unics Kazanekin sinatuta.

Moskura iritsi direnen zerrenda honako hau da: Zoran Planinicek, Sergei Moniak eta Aleksei Savrasenkok Moskva ibaia zeharkatu dute -CSKAn jokatu zuen joan den sasoian Baskoniako jokalari ohiak, eta Dinamon beste biek-. Benjamin Eze Sienatik etorri da; Kreso Loncar, Unics Kazanetik, eta Thomas Kelati, Valentziatik. Taldean jarraitzen dute Keith Langford izarrak, Vitali Fridzonek eta Viatxeslav Zaitxev gazteak.

Hobera ez, okerrera

Kromo aldaketa, salerosketa ez da ona izan Khimkirentzat. Planinicek talentua du, baina gorabehera asko ere bai. Jankunas eta Moniaren artean, hobea da Jankunas, eta Kelati eta McCarty hegalekoen arteko konparaketan ez dago kolorerik. Hirukoetan hobexeagoa da Kelati, baina McCarty indartsuagoa da fisikoki, eta azkarragoa barneraketetan. Saskipean ere, galdu asko galdu du Khimkik Mozgov eta Javtokas erraldoien agurrarekin. Hirukote polita osatzen dute Savrasenkok, Ezek eta Loncarrek, baina ez da joan den sasoiko bikotea baino indartsuagoa. Ligaxkan, partida bat irabazi du Khimkik, Assecoren aurka (82-76), eta beste bat galdu, Partizanen kantxan: 72-68.



KHIMKI-BASKONIA

Txapelketa. Euroligako lehen ligaxkako A multzoko hirugarren jardunaldia.

Khimki. Raul Lopez, Zaitsev, Planinic, Langford, Fridzon, Monia, Dmitriev, Panin, Eze, Loncar eta Savrasenko.

Baskonia. Logan, Huertas, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Rancik, Musli eta Barac.

Sailkapena. Multzoko liderra da Baskonia: 2-0 (+ 23). Bigarren da Khimki: 1-1 (+2).

Lekua. Moskuko eskualdeko saskibaloi gunea (5.000 ikusle).

Ordua. 18:00 (ETB1).

Multzoko beste partidak. Zalgiris-Asseco Prokom (gaur, 18:45) eta Partizan-Maccabi (bihar, 20:45).





Top 16ko txartela bideratuta utziko du Baskoniak gaur Moskun Khimkiri irabazita

Haislip ez da oraindik osatu, eta Gasteizen geratu da; Ranciketa Logan, ordea,prest dira jokatzeko
A. U.

Kontuak errepikatzea ez dago soberan. Etxeko hiru partidak irabaztea da lehen erronka, eta etxetik urrun garaipen bat edo bi eskuratzea. Lau garaipenekin ez dago zalantzarako tarterik, ziurra da Euroligako Top 16a jokatzeko txartela. Bost garaipenekin lidergoa ere lor daiteke, eta multzo errazagoa hurrengo fasean. Bi garaipen ditu Baskoniak, eta hirugarrena nahi du, txartela bideratuta uzteko. Hirutik hiru irabaztea ere ez da txarra. Ezta jarraian sei partida irabaztea ere. Baina Moskukoa plaza zaila da: bidaia luzea, aurkari gaiztoa...

Khimkik asko du jokoan, Baskoniak baino gehiago. 1-1 balantzea du, eta gaur galduz gero, 1-2koa. Erremediorik ez daukan ezer ez, baina komeriak han eta hemen, bigarren itzuli bikaina egiteko beharra, ezustekorik ez hartzeko. Khimkik Thomas Kelati hegalekoaren hutsunea izango du. Kelatik belauneko mina du, eta aste batzuk beharko ditu osatzeko oraindik.

Baskoniaren osasun txostenak ere baditu berriak. Haislipi gutxi falta zaio, baina Gasteizen geratu da, badaezpada. Rancikek, aldiz, atzean utzi du lunbalgia, eta Logan ere garaiz iritsiko da AEBetatik. Logan aita izan da, eta baimena zuen jaioterrian egoteko. Bestalde, Baracek beste hiru sasoirako berritu du kontratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.