Ez da drama bat egin behar, baina errealitatea kontatzen saiatu bai, Kopako finala oso zail dagoelako Baskoniarentzat. Ezinezkoa denik ezin esan, gaizki ohituak gaudelako arabarrekin eta miraria behar zen lekuan adorea, nortasuna eta talentua jarri dituelako sarri. Baina gaur egungo Bartzelonak garaiezina dirudi, Baskoniak Superkopan buruko min franko eman bazion ere eta Ligako partidan Gasteizen aise irabazi bazuen ere (71-60). Hau beste Bartzelona bat da, Europako onena, Moskuko CSKArekin batera, eta aurkariak nagusitasun handiz menderatzen ditu.
Baina fedea eduki behar da. Sinistu! Ivanovicen mezua, honako hau: «Jakina Bartzelona mendera dezakegula. Ezinezkoa litzatekeela pentsatuko bagenu, ez genuke saskibaloian jokatuko, ez ginateke Baskoniako kide izango. Zaila dela zuek baino hobeto dakit, baina saiatuko gara, ez dudarik eduki». Finala jokatzeko aukerari indarra eman nahi dionak arabarrek sasoi honetan Xavi Pascualen taldearen aurka jokatu dituzten bi neurketetan pentsatuko du.
Superkopan jokatu zuten elkarren kontra aurrena, Bilbon. Bartzelonak irabazi zuen, baina Baskoniak lanak eman zizkion Kataluniako taldeari. Hainbesterako, zazpi punturen aldea ere izan zuen azken laurdenean. Azkenean, ordea, galdu egin zuen. Ligako norgehiagoka izan zen bigarrena, abendu bukaeran, Gasteizen. Ezustekoa eman zuen orduan Ivanovicen taldeak, eta 71-60 menderatu Bartzelona ahaltsua.
Ivanovicentzat, ordea, euren indarra bi partida horien arabera neurtzea alferrikakoa da. «Beste talde bat genuen irailean. Abendukoan min hartu zuen Navarrok, eta Bartzelona talde ezberdina da Navarrorekin edo gabe». Gaurko demaren gakoak ostegunean egindako hutsak gogoratuz azaldu zituen entrenatzaileak: «Denboraldi osoa daramagu gorabeherarik gabe jokatu ezinik, partida biribila jokatu ezinik, eta finalerdian lortzen ez badugu, akabo. Bartzelonak etekin handia ateratzen die hutsei, eta behin aldea lortzen badu, oso zaila da burua altxatzea. Helburua argia da: huts gutxi egitea».
«Bost bosten aurka»
Finalerdia nolakoa izan litekeen ere erakutsi zuen Ivanovicek: «Puntu gutxiko partida komeni zaigu, 80 puntura jokatzea erokeria delako. Bartzelonak guk baino talentu handiagoa dauka, eta saskiratze trukean sartzen bagara, etxera joango gara». Ivanovicen esanetan, joko estatikoaren alde egingo du haren taldeak, bost bosten aurka «nahiko parekoak» direla uste baitu. «Joko azkarrean oso trebea da Bartzelona, eta puntuak erraz sartzen ditu. Hori galaraztea da gure lehen asmoa».
Lagun Aroren aurkako garaipenak izen batzuk edertu zituen, eta beste batzuk ilundu. Sekulako partida jokatu zuen Prigionik, baina gaur segada asko jarriko dizkio Pascualek, badakielako Baskoniaren arima eta bihotza dela eta orain arte beti hala egin duelako. Pascual Teletovicen beldur da, hala aitortu zuen herenegun, bosniarra asmatzen hasten bada geldiezina delako. Wallace, Erazem Lorbek eta Eidson erabiliko ditu Pascualek Baskoniako kapitaina nekatzeko, eta mugitzen ere ez diote utziko. Pazientziaz jardun beharko du, eta bere aukeraren zain egon.
Milko Bjelicak ere garbi eduki behar du ez duela edukiko Lagun Aroren aurka edukitako erraztasunik, Bartzelonako pibotak handiak eta azkarrak direlako eta blokeoa eta jarraipena ez delako hain txukun gauzatuko. Pentsatzekoa da Ivanovicek badakiela hirukote horren gaineko zaintza berezia izango dela eta alternatibak landuta edukiko dituela. San Emeterio joko dinamikan sartu, adibidez. Hegalekoa oso apal dabil, triste zenbakiz, ez hainbeste jarreraz, baina haren puntuak behar ditu Baskoniak.
Zer esanik ez Brad Olesonenak, hirukoen portzentajean egongo baita finalerdiko gakoa. Baskoniak urruneko jaurtiketen menpekotasun handia du, saskipean ahul dabilelako, eta Oleson, Heurtel eta Pau Ribasen lana da portzentaje onak lortzen ahalegintzea. Ribasen egoera fisikoa kaskarra da Ivanovicen buruko min handiena, hain zuzen ere. Belaunean kolpe mingarria hartu zuen kataluniarrak Lagun Aroren aurka, eta atzo herrenka zebilen. Atarikoan, zaila dirudi garaiz osatzea.
BARTZELONA-BASKONIA
Bartzelona. Sada, Huertas, Rabaseda, Navarro, Perovic, Vazquez, Wallace, Ndong, Lorbek, Eidson eta Mickeal.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, Walsh, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Teletovic, Milko Bjelica, Golubovic eta Lampe.
Lekua. Palau Sant Jordi (17.000 ikusle).
Ordua. 18:00 (ETB1 eta Teledeporte)
Saskibaloia. Espainiako Kopa
Kutsu epikoa du
Caja Laboralek jai du, orain arte izan dituen gorabeherak atzean uzten ez baditu; Ribas herren dago, eta zail du osatzeaBartzelonak Prigioni eta Teletovic estutuko ditu, eta une ona da apalago ari direnentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu