Frantziako Tourra

Kwiatkowski izan da nagusi Grand Colombierren

Poloniarrak ihesean irabazi du Tourreko hamahirugarren etapa. Pogacarrek bukaeran egin du eraso, eta beste zortzi segundo kendu dizkio Vingegaardi. Bilbaok atzerapena izan du, eta zazpigarren dago orain nagusian  

Michal Kwiatkowski garaipena ospatzen. MARTIN DIVISEK / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 14a
18:06
Entzun

Maila handiko txirrindularia izaten jarraitzen du Michal Kwiatkowskik (Ineos). Ez da garai batean bezain irabazlea, baina garaipen handiak lortzeko gauza da oraindik ere, gaur Tourrean erakutsi duen bezala. Ihesaldiko indartsuena izan da, eta hautagaien oldarraldi berantiarrari tinko eutsi dio Grand Colombierren. Mendate horretan zegoen helmuga, eta Tadej Pogacar (UAE) Jonas Vingegaard (Jumbo) baino lau segundo lehenago helmugaratu da. Hirugarren izan denez, lau segundoko gainsaria hartu du esloveniarrak, eta bederatzi segundo eskasera du orain lidertza. Pello Bilbaok (Bahrain) ezin izan dio eutsi onenen erritmoari, eta bi postu egin du atzera sailkapen nagusian: zazpigarren ageri da orain, 5.25eko atzerapenarekin.

Helmuga Grand Colombierren zegoen arren, etapa ezin zitekeen menditsutzat jo. Izan ere, ez dute beste mendate puntuagarririk igo 138 kilometroko ibilbide laburrean. Tarteko esprinta igoera leun baten ondoren zegoen, baina gainontzean, ziklistak ordekan aritu dira bukaerako mendatearen magalera iritsi arte. Faboritoentzako eguna zen, eta onenak prest ziren mendate entzutetsuan etapa irabazten saiatzeko. Nolanahi, hogei txirrindularik aurrera egin dute etapako lehen kilometroetan, ihesean ustekabeko garaipena lortu nahian. Hala izan da azkenean, eta Kwiatkowskik lortu du saria. Bigarren garaipena du Tourrean. Bigarren Maxim Van Gils (Lotto) izan da, 47 segundora, eta Pogacarrek 50 segundoko atzerapena izan du. Bilbao 17. izan da etapan, 1.45era.

Ibilbidea laua zen gehienbat, eta horrek mesede egiten zion ihesaldiari. Izan ere, maila oneko ziklista astun asko elkartu dira: kasurako, Matej Mohoric (Bahrain), Kasper Asgreen (Soudal), Jasper Stuyven (Lidl), Alberto Bettiol (Education) eta Nelson Oliveira (Movistar). Haien lanaz baliatu eta maldan gora ihesaldia errematatzeko prest zegoen Kwiatkowski, Van Gils, Harold Tejada (Astana), Quentin Pacher (Groupama) eta James Shawrekin (Education) batera.  

Gertutik zaindu nahi izan ditu UAE taldeak. Hasieratik aginte makila hartu dute Pogacarren taldekideek, buruzagiak azken mendatean bere legea ezar zezan. Errentak nekez egin du gora: hasiera batean, ozta-ozta gainditu du bi minutuko langa. Handitzera egin du ondoren, tarteko helmugatik igaro eta gero. Tropelekoek kontrolpean zuten egoera, eta balazta sakatu dute bukaerako mendatera bidean. Hori horrela, 3.50eko abantailarekin iritsi dira iheslariak Colombierrera.    

Berehala hasi dira mokoka. Pacherrekin egin du lehen erasoa, helmugarako 16 kilometroren faltan. Gero, harrapatu eta gainditu egin dute Shawk, Van Gilsek eta Tejadak. Kwiatkowski ez zen aparte, eta aurrekoengana iritsi bezain pronto, hautsi egin du lasterketa. 12 kilometro luze gelditzen ziren, eta erritmoa bizituz joan dira onenen multzoan. Ordea, nekez hurbildu zaizkio poloniarrari.

Adam Yatesek (UAE) zuhaitza astindu du, eta eutsi egin diote hautagai nagusi gehienek; ez, ordea, Bilbaok. Pogacarrek bukaerara arte itxaron du, eta esprintean gurpiletik atera du Vingegaard. Ziurrenik, faboritoen artean borroka handiagoa ikusiko da bihar, Annemasse eta Morzine artean jokatuko den etapan. Lehen mailako hiru mendate igoko dituzte, eta maila bereziko bat: Joux Plane. Mendate hori igo, eta maldan behera egingo dituzte azken 12 kilometroak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.