Laboral Kutxa 73. Bartzelona 98

Laboral Kutxa ezinean aritu da Bartzelonaren piboten aurka

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Laboral Kutxa. Hodge (6), Jelinek (5), S. Emeterio (11), Nocioni (13), Hamilton (12) -hasierako bostekoa- Heurtel, V. Oostrum (5), Causeur, Kelati (6), Clark (4), Diop, Pleiss (10).

Bartzelona. Huertas (5), Oleson (10), Abrines (11), Lampe (2), Tomic (16) -hasierako bostekoa- Pullen (10), Sada (5), Hezonja (2), Papanikolau (8), Nachbar (22), Dorsey (7) eta Todorovic.

Markagailua. 25-27, 35-54; 48-76, eta 73-98.

Epaileak. Conde, Jimenez eta Calatrava. Papanikolau kanporatu zuten.

Bestelakoak. 9584 ikusle.

Laboral Kutxak ezin izan zien sasoiko lehen poza eman zaleei. Gasteizko taldeak izaera erakutsi zuen atzo, baina dena ez da adorea, eta ezinean aritu zen Bartzelonaren defentsa sistema landu eta piboten eraginaren aurka: Nachbarrek 22 puntu sartu zituen eta Tomicek 16. Laboral Kutxa ligako handiak baino koska bat beherago dagoela dirudi, eta finalerdiari erreparatuta ez da erraza uste horri aurre egitea.

Sergio Scarioloren taldeak gaizki hasten direla diote, eta teknikariak esku artean duen multzoak oraindik hobekuntzarako tarte handia du. Ondo bidean, atzoko partida hilabete barru berriz jokatzen badute emaitza eta Laboral Kutxaren maila oso desberdina izango da. Hala espero dute behintzat Buesako zaleek. Izan ere, etxekoek bigarren laurdenetik aurrera emaniko irudia arduratzeko modukoa izan zen.

Laboral Kutxak ondo hasi zuen partida eta lehen laurdenean hortzak erakutsi zizkion Bartzelonari. Kontraerasoan bizi aritu zen eta Pleissek berarengandik espero dena eman zuen uztaipean. Zazpi puntu lortu zituen. Hala ere, Bartzelona aurretik zen (25-27).

Hasiera baikorra izateko modukoa zen, baina bigarren laurdenean Baskonia amildu egin zen. Edo Bartzelona gailendu egin zitzaion. Defentsa zorroztu zuen eta baloiak galduarazi zizkion Laboral Kutxari. Baloi galduak korrika egiteko baliatu zituen eta atsedenaldirako alde polita zuen (38-52). Hirugarrenean saiatu zen suspertzen, baina ezin, Bartzelonak kontrolpean zuen dena.

Finala, euskal talderik gabe

Bi euskal taldeak kanporatuta, Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute gaur, Espainiako Superkopako finala (19:00, La1). Aurretik hiruko jaurtiketa txapelketa jokatuko da. Euskal taldeek ordezkari bakarra izango dute: Nocioni, Laboral Kutxakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.