Lagun Aro, Eurokopatik kanpo

Aldundiak 700.000 euro gutxitu du klubari ematen dion laguntza, eta taldeak salatu du estu dagoela

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Lagun Aro GBC saskibaloi taldeak urgentziazko prentsaurreko bat eman zuen atzo, Gipuzkoako Aldundiak klubari ematen dion laguntzak murrizketa handia izan duela jakinarazteko eta horrek eragingo dituen ondorio gogorrak plazaratzeko. Lagun Arok 1,2 milioi euro jaso zituen joan den denboraldian Foru Aldunditik, eta orain laguntza 700.000 euro gutxiago izango dela jakinarazi dute. 500.000 euro jasoko ditu sasoi honetan, eta hori ere ez 2013-2014ko sasoian. Sosik ez du jasoko orduan Lagun Arok. Aldundiaren argudioa ere klubaren bitartez jakin da: kirol amateurra sustatzea, kirol profesionala alboratuz.

Aldundiak uztailaren 24an jakinarazi zien erabakia klubeko arduradunei, joan den asteartean, eta erabaki berantiar horrek aukerak bilatzeko denborarik gabe utzi omen du Lagun Aro. Alvaro Bilbao presidentearen esanetan, «berandu da beste babesle batzuk bilatzeko, taldea osatzeko prozesu betean gaudelako. Murrizketak ondorio kaltegarriak ekarriko ditu, aldundiak atzera egiten ez badu, eta denetan lehena, Eurokopa txapelketa jokatzeari uko egin behar diogula. Sosik ez dugu txapelketa horretan gutxieneko bermearekin jarduteko».

Prentsaurrekoan Bilbao egungo presidentea, Gorka Ramoneda orain gutxira arte presidente izandakoa eta ohorezko presidente Miguel Santos agertu ziren, esan behar zutenaren garrantzia azpimarratzeko. Santosen esaldi pare batek Bilbaoren azalpenak adinako harrabotsa sortu zuten, aldundiaren erabakia «lotsagarria» dela esan zuelako. Ondoren, hitz gogorragoak izan zituen ahotan, «ez dute kluba hondoratzerik lortuko» esateko malkoei eutsi ezinik.

Bilbaok aldundiaren erabakia ez duela ulertzen esan du, eta honako azalpen hauek eman: «Kolokan utzi dute klubaren etorkizuna. Guk laguntza jasotzen dugu, baina zergetan-eta jasotzen dugun baino dirugehiago ordaintzen diogu aldundira. Hori, zuzenean edo zeharka sortzen dugun langile kopuruak eragiten duen aberastasuna aintzat hartu gabe». Bilbaok GBCren kirol ibilbideak aldundiaren onarpena beharko lukeela adierazi zuen, «are gehiago diru kontuetan erakutsi dugun seriotasuna erabatekoa delako».

Bilbaok aldundiak emandako argudioa errespetatu zuen: «Logikoa iruditzen zaigu kirolari amateurrak lagundu nahi izatea, baina kirolari horiek kirol profesionala dute eredu, ispilu». Bilbaok Gipuzkoan saskibaloi federatu kopurua asko igo dela gogoratu zuen, «taldea Endesa Ligan dagoenetik, batez ere, eta hori ere aintzat hartu behar da». Lagun Arok han eta hemen Gipuzkoaren izena erakusten duela ere esan zuen: «Bistan da zaleak gurekin pozik daudela, bazkideen %96k bazkide txartela berritu baitute jadanik».

Etorkizun beltza

Presidenteak aldundiaren gain jarri zuen klubak Europan ez jokatzeko erabaki hori bertan behera uztea: «Hamar eguneko epea hartuko dugu, gure eskaerek aldundian halako hausnarketaren bat eragiten duten jakiteko. Egoera zaila dela badakigu, baina zaleei baikortasun mezua helarazi nahi diegu».

Eurokopa alboratzearekin batera, Endesa ligari begira osatu behar den taldeari ere kalte egingo zaiola esan zuen Bilbaok: «Sos gutxiago Europarako, sos gutxiago Endesa ligarako. Aintzat hartu behar da 700.000 euroko murrizketa hori ia %60koa dela, eta aurrekontu osoaren %15 dela. Diru asko da», bota zuen. Lagun Arok 4,5 milioi euroko aurrekontua erabili zuen joan den sasoian, baina Kopa jokatzeko txartelak eta ligako final-laurdenak jokatu izana milioi erdia igo zuen aurreikusitako kopuru hori.

Bilbaok berak jakinarazi zuen orain dela bi aste Eurokopan gutxieneko bermearekin jokatzeko ezin zela 4,5 milioiko langatik behera egin, baina orain kopuru horretara iristea lantegi zaila da. Diru publikoaren iturria itxi egin da, eta ez berehalakoan irekitzeko, eta diru pribatua bilatzeko ekinbideek ere ez dute klubak nahiko lituzkeen emaitzak ematen. Aste pare batean jakingo da egoerak beltz segitzen duen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.