Beste aukera bat, zulotik aldentzen hasteko. Lortuko al du? Dagoeneko zazpigarren jardunaldia da, ligako lehen laurdena laster beteko da, eta Lagun Aro jaitsiera postuetan dago. Egia da galdutako partida guztiak gutxigatik galdu dituela, eta lehiakorra izan dela, baina 1-5 balantzea ikusita, itxura onak ez du ezertarako balio. Ez duelako errentarik ematen. Irabazi egin behar da, eta lasaitasun apur bat lortu. Aintzat hartu hurrengo astean Real Madrilen aurka jokatuko dutela donostiarrek, Madrilen.
Manresari loreak bota dizkio Sito Alonsok. Merezita. Liga osoko aurrekontu apalenetakoa da haiena, apalena ez bada, eta onenen ligan jarraitzeko asmo xumearekin lehiatzen dira. Lortu egiten dute, gainera, eta normalean, estutasunik jasan gabe. Taldearen mesedean konpromiso handia erakusten duten jokalariak dituzte: Montañez, Javi Rodriguez, Gladiir eta abar, eta atzerritarrekin ere asmatu egiten dute. Errendimendu bikaina ematen ari dira Doellmann, Asselin eta Adam Hanga poloniarra.
Lagun Arok 35 minutu on jokatzen ditu, eta bost txar. Azken bostak, zoritxarrez, eta orduan egiten dio ihes garaipenak. Alonso entrenatzaileak esan du une horietan hotz jokatzen ikasi behar dutela. Pankok eta Vidalek neurria emanen dutela zalantzarik ez dago. Baronek, Bettsek, Doblasek eta Salgadok ere ematea falta da orain. Horien eta beste guztien beharra izanen du taldeak.
LAGUN ARO GBC-MANRESA
Txapelketa. Endesa Ligako 7. jardunaldia.
Lagun Aro GBC. Neto, Salgado, Lasa, Baron Jr., Papamakarios, Vidal, Panko, Lorant, Adeleke, Doblas eta Betts.
Manresa. Javi Rodriguez, Alex Hernandez, Montañez, Pallson, Hanga, Gladiir, Oriola, Achara, Doellmann eta Asselin.
Sailkapena. Lagun Aro 17. postuan dago: 1-5 (-10); Manresa, aldiz, 6. da: 4-2 (+10).
Lekua. Donostia Arena 2016 (10.600 eserleku).
Ordua. 20:00.
Lagun Arok ezin du akats gehiago egin, baina nahiko aurkari zaila du: Manresa
Kataluniarrak zortzi onenen artean daude, eta iaioak dira baliabide apalekin kirol arrakasta mamitsuak lortzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu